Bibi espetxez aldatu dute; ez du Pakistandik alde egin

Pakistango Gobernuak ez dio atzerrira ihes egiten utziko emakumezko kristauari. Haren senideek asiloa eskatu dute hainbat herrialdetan

Igor Susaeta.
2018ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Mahoma profeta blasfematzea leporatuta, Asia Bibiriri, Pakistango emakumezko kristau bati, heriotza zigorra ezarri zioten 2010ean, baina Auzitegi Gorenak absolbitu egin zuen lehengo astean. Kartzelan jarraitzen zuen, eta preso jarraituko du, nahiz eta atzo espetxez aldatu zuten. Saiful Malook haren abokatuak Hagatik (Herbehereak) zenbait berri agentziari iradokitakoaren kontrara, Bibik Pakistanen segitzen du, ez du handik alde egin. Hango gobernuak baieztatu du berria, eta gaineratu du prozedurak hasiko dituela herrialdetik ihes egin ez dezan. Izan ere, muturreko islamisten erreakzioaren beldur, emakumezko kristauaren senideek asilo politikoa eskatu diete Erresuma Batuari, Kanadari eta Italiari, segurtasun arrazoiak argudiatuta.

Izan ere, Bibiren absoluzioak muturreko islamisten haserrea eragin zuen —herritarren %96 musulmanak dira Pakistanen, eta konstituzioak dio islama dela erlijio ofiziala—, eta TLP Tehreek-Labbaik alderdiak gidatuta, mobilizazio masiboak egin zituzten, eta herrialdea blokeatu zuten. Azkenean, baina, TLPk eta gobernuak akordioa egin zuten, eta adostu Bibiri ez ziotela alde egiten utziko, Gorenak islamistek jarritako helegitea aztertu bitartean. Modu horretan protestak eten zituzten TLPkoek.

Zubair Ahmed TLPren bozeramaileak atzo adierazi zuenez, Imran Khanen gobernuak jakinarazi die Bibik ez duela herrialdetik alde egin, baizik eta beste leku batera eraman dutela.

Azken orduetan, Bibiren abokatuaren adierazpenek sortu dute nahasmena Pakistanen. «Hegazkin batean dago, baina inork ez daki non lur hartuko duen», esan zuen atzo. Multan hiriko kartzelatik atera zela gehitu zuen, eta zehaztu «Herberehetako diplomaziako zenbait kiderekin» bidaiatu zuela Islamabadera. Esan horiek muturreko islamisten alarmak piztu zituen, pentsatuz gobernuak alde egiten utzi ziola Bibiri.

Europan, bitartean, Antonio Tajani Europako Parlamentuko presidenteak Bibiren senarra Estrasbugora gonbidatu du, eta esan du horretarako harremanetan jarriko dela Pakistango agintariekin. Matteo Salvini Italiako Barne ministroak adierazi du Pakistandik alde egiten lagunduko diotela Bibiri, eta Europako beste gobernuei laguntza eskatu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.