Donostiako 80. Musika Hamabostaldia

Izan dena eta etorriko dena ospatzeko unea

Donostiako 80. Musika Hamabostaldian 90 emanaldi baino gehiago aurkeztuko dituzte gaurtik abuztuaren 31ra bitarte, zenbait oholtzatan. Bederatzi estreinaldi eta hiru opera emango dituzte

Ane Eslava.
2019ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Gaur abiatuko da 80. Musika Hamabostaldia. 30 egunez, 90 emanaldi baino gehiago izango dira Donostiako hainbat tokitan, baita Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Lapurdiko 22 herritan ere, eta bederatzi estreinaldi egongo dira horien artean. 80. urteurrena dela eta, jaialdiari lotuta dauden artistak eta abesbatzak igoko dira toki horietan guztietan jarriko dituzten oholtzetara, baina jaialdia ez da iraganean geldituko, eta proposamen berri askorentzako tokia ere izango du. Orain arte egindakoa eta etorriko dena ospatzeko egitaraua izango baita aurtengoa.

1939an egin zen lehen aldiz Musika Hamabostaldia, hiriko eskaintza turistikoa aberasteko. 80 urte igaro dira ordutik, eta asko aldatu da jaialdia. Urteurrena ospatzeko, denbora horretan jazotakoak biltzen dituen erakusketa bat zabaldu dute San Telmo museoan, eta irailaren 1era arte egongo da ikusgai. Museo horretan, halaber, Ostegun Musikalak egitasmoa egingo dute aurten ere.

Emanaldiak hamar ziklotan banatuta egongo dira, eta doako hamar kontzerturekin abiatuko dira, gaur. Arratsaldean, bestalde, Mahler Chamber Orchestra igoko da Kursaal aretoko oholtzara. Jacub Hrusa zuzendari txekiarrak gidatuko du orkestra, eta kontzertuan 2015eko Chopin piano lehiaketako irabazlea arituko da: Seong-Jin Cho gaztea. Orkestra hori lehen aldiz arituko da Hamabostaldian, baina ez du saio bakarra egingo, bihar berriro taularatuko baita, Easo abesbatzaren Eskolaniarekin eta Donostiako Orfeoiarekin batera. Lehen kontzertuan Mendelssohn, Chopin eta Beethovenen lanak interpretatuko dituzte, eta Dvorak, Kodaly eta Schumannenak bigarrenean.

Aurten hiru opera emango dituzte jaialdian. Lehenik, abuztuaren 13an eta 15ean, Giacomo Pucciniren Madama Butterfly taularatuko dute Kursaalean. Giuseppe Finzik zuzenduko du EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoa bi saioetan, eta Ainhoa Arteta sopranoa arituko da Cio-Cio San pertsonaia nagusiaren rolean. Marcelo Puente, Gabriel Bermudez, Cristina Faus, Paco Vas eta Isaac Galan dira gainerako pertsonaiak interpretatuko dituzten artistak. EOS abuztuaren 24an igoko da berriro ere oholtza berera, Andra Mari abesbatzarekin; Bela Bartoken Bizar Urdinen gaztelua opera, eta Maurice Ravelen Gaspard de la Nuit eta Pablo Solozabalen Suite Vasca obrak interpretatuko dituzte.

Pucciniren eta Bartoken operak ez ezik, beste bat ere egingo dute: Tom Johnsonen Lau noten opera. Izenburuak dioen moduan, lau notarekin konposatutako lan bat da: Miren Urbieta-Vegak, Marife Nogalesek, Beñat Egiartek, Fernando Latorrek eta Pedro Llarenak interpretatuko dituzte pertsonaiak, komedia koral batean. Obrak euskarazko itzulpena izango du, konpositoreak hala eskatuta. Emanaldi hori abuztuaren 25ean izango da, Tabakaleran, eta jaialdiak lehen aldiz egingo du jauzi eraikin horretara. Lehenbiziko Musika Hamabostaldia orduko Gran Kursaal antzokian egin zuten, eta hurrengo urtean Viktoria Eugenia antzokira igaro zen jaialdia. Hori izan zen Hamabostaldiaren egoitza 1999ra arte, eta, orduan, berritutako Kursaal aretora igaro zen berriro ere. 2007tik aurrera Viktoria Eugenia antzoki berritua gehitu zitzaion horri, eta beste hainbat egoitzatara zabaltzen jarraitzen du.

Parisko Orkestra ere itzuliko da aurten, 2012tik etorri gabe zegoena. Abuztuaren 20an eta 21ean egingo ditu emanaldiak, Kursaalean, Daniel Hardingen gidaritzapean. Lehenbiziko saioan Hector Berliozen Harold Italian-en eta Ludwig Van Beethovenen Pastorala-ren gisako obrak emango dituzte; eta bigarrenean, berriz, Donostiako Orfeoiarekin eta Orfoi Txikiarekin arituko dira, Benjamin Brittenen Gerrako Requiema interpretatzen. Oholtza berean, Bremengo Orkestrak «ezohiko errepertorioa» izango duen kontzertua emango du, hilaren 27an. Besteak beste, Bachen biolinerako bi kontzertuak interpretatuko dituzte, Hilary Hann biolinistarekin. Londresko Orkestrak bukatuko ditu kontzertu sinfonikoak, abuztuaren 31n, Beethovenen piano ziklo nabarmenenarekin, Juanjo Menaren batutapean.

Victor Ullate ballet konpainiak, ohi bezala, dantza eramango du Kursaaleko entzunaretora. Ullatek berak sortutako Antigona ikuskizuna aurkeztuko du abuztuaren 17an eta 18an. Lucia Lakarra izango da protagonista, eta konpainiaren zuzendari artistiko gisa ere arituko da, estreinakoz.

Viktoria Eugenia antzokian bi emanaldi eskainiko dituzte; musikarekin lotua bata, eta dantzarekin bestea. Khatia Buniatishvili piano jotzaile georgiarra igoko da oholtzara abuztuaren 5ean, Schubert, Liszt eta Stravinskiren obrak interpretatzeko. Kritikariek diotenez, artista «birtuosoa, heldutasun handikoa eta izaera sendokoa» da. Ballet Flamenco de Andalucia taldeak, berriz, ibilbidea egingo du flamenkoan barna, Naturalmente Flamenco egitasmoarekin, abuztuaren 26an.

Beste ziklo batzuk

Donostia da Musika Hamabostaldiaren gertaleku nagusia, baina jaialdia beste toki batzuetara ere helduko da. Organo zikloarekin, kasurako, hamahiru kontzertu egingo dituzte Gipuzkoako zenbait herritan. Abuztuaren 4tik 8ra izango dira, eta horietara joango dira, besteak beste, Christoph Khulmann, Gail Archer, Daniel Roch eta sona handiko beste musikari batzuk. Musika Aitzaki zikloan, berriz, Araba, Nafarroa eta Lapurdiraino eramango dituzte hamalau kontzertu, Hamabostaldiko ohiko agertokietara. Aurten, beste batzuen artean, Ana Belenek eta Ander Telleriak eskainiko dute kontzertua Leireko monasterioan, Donostiako Orfeoiak Arantzazuko santutegian, eta Ensemble 442k Zumaian.

Antzinako Musika zikloan, sei emanaldi izango dira, Santa Teresa komentuan eta Zorroagan. Cantoria taldeak hasiko du zikloa, abuztuaren 5ean, Lenguas malas emanaldiarekin. Ars Atlantica bikoteak Barbara Strozzi kantari eta konpositoreari buruzko monografikoa egingo du, eta Gli Incogniti taldeak, berriz, Bachek transkribatu zituen obrekin edo ustez hark idatzitakoekin osatutako programa emango du, besteak beste.

Iraganetik orainaldira jauzi eginez, Hamabostaldiak ateak irekiko dizkie musika garaikideko konpositoreei, bost kontzerturekin. Taller Atlantico Contemporaneok George Crumb konpositore estatubatuarraren inguruko monografikoa egingo du; Synergein Project taldeak hiru estreinaldi eramango ditu jaialdira; eta Silboberri txistu elkarteak Voro Garciaren lan bat estreinatuko du. Trio Arbos taldeak itxiko du zikloa, Hamabostaldiak Teresa Catalan konpositoreari eskainitako lan baten estreinaldiarekin.

Musikari gazteek ere izango dute beren atala: Musikene zentroarekin loturaren bat duten bost musikari eta talde igoko dira Miramar jauregiko oholtzara. Azkenik, haurrentzako eskaintza ere izango da, ipuinak eta musika uztartzen dituzten kontzertuak eta tailerrak egongo baitira Kursaalean, Balentziaga museoan eta Viktoria Eugenian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.