Montoya ez da finalerako sailkatu, eta Rojo 62. izan da 15 kilometrokoan

Patinatzaileak 29. postuan bukatu du saio motza, erori egin baita. Eskiatzaileak ez du lortu inondik inora bere buruari jarritako helburua

Felipe Montoya, makurtuta, atzoko saioan. TATIANA ZENKOVITX / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Neguko Olinpiar Jokoetan ari diren euskal parte hartzaileek egun garratza izan zuten atzo. Ez Felipe Montoya patinatzaile artistikoak ez Imanol Rojo iraupen eskiatzaileak ez zuten lortu euren buruari jarritako helburua. Montoya 29. izan zen saio laburrean, eta ez zen sailkatu finalerako, hori bazuen ere helburua. Rojo, berriz, 62. izan zen hamabost kilometroko proban. Haren asmoa lehen 30 sailkatuen artean bukatzea zen.

«Sentsazio gazi-gozoak ditut. Pozik nago Olinpiar Jokoetan parte hartu izanagatik, baina ez emaniko mailarengatik. Pentsatuta neuzkan gauzak ez zaizkit irten», onartu zuen Felipe Montoyak, sailkapen fasearen amaieran. Montoyak 29. postuan bukatu zuen, azken-aurren, 52,41eko nota jasota —22,59 arlo teknikoan eta 30,82 artistikoan—. Lehen hogeita lau sailkatuak igaro ziren finalera —gaur saio luzea egiteko—, eta 24. sailkatuaren notatik urrun gelditu zen donostiarra (74,73). Onena Yuzuru Hanyu japoniarra izan zen, 111,68 punturekin.

Montoyak ez zuen zorterik izan. Izotz pistara irteten aurrenekoa izan zen, eta bi huts egin zituen. Aurreneko konbinazioa ez zuen ondo bukatu, eta jauzi batean erori egin zen. Horiek horrela, bukatu egin da Montoyaren parte hartzea Pyeongchangen.

Rojo: «Sufritu egin dut»

Imanol Rojok atzo jokatu zuen bigarren proba Neguko Jokoetan, 15 kilometrokoa, eta 62. izan zen (37.35), Dario Cologna (Suitza) irabazlearengandik 3.51ra. Rojok BERRIAri adierazi zionez, bere helburua lehen 30 sailkatuen artean sartzea zen, baina ez zuen lortu. Duela lau urteko Jokoetan, Sotxin (Errusia) 50. izan zen proba horretan.

Rojok, halere, atzetik aurrerako bidea egin zuen proban. Gaizki hasi, eta 78. igaro zen 1,5 kilometrotara jarritako lehen mugarritik [118 pare hartzaile ziren guztira]. Hortik aurrera, mugarri guztietan bere postua hobetuz joan zen: 72. seigarren kilometroan, 64. 7,5ean, eta 62. 13,5ean.

Amaieran, tolosarra burumakur zegoen. «30 kilometroko probaren nekea sumatu dut [igandean jokatu zuen]. Hasieratik sumatu dut hankak ez zihoazela ondo. Sufritzea egokitu zait». Rojori bi proba gelditzen zaizkio oraindik: taldekako esprinta, 21ean, eta 50 kilometrokoa, 24an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.