Albistea entzun

KRITIKA. Dantza

Jarraitu dezala!

Agus Perez -

2023ko irailak 19

'Midnight Raga' eta 'Of Prophets and Puppets'

Konpainia: Hessisches Staatsballet. Piezak eta koreografoak: Gerade NOW! (Marco Goecke), Of Prophets and Puppets (Martin Harriage). Lekua: Miarritzeko kasinoko antzokia. Eguna: irailaren 15a.

Aurtengo Dantza Maitaldiaren bigarren asteburuan bi egunez aurkeztu ditu bere lanak Alemaniako Hessisches Staatsballet konpainiak. Ostiraleko jardunean egitarau bikoitza ekarri du, eta goraino bete da kasinoko antzokia arratsaldeko zein gaueko emanaldietan.

Gaualdiko lehen pieza Midnight Raga (Gauerdiko raga) deitu da. Marco Goecke koreografoak Ravi Shankar musikariaren lana hartu du oinarritzat hasieran, Indiako raga musikaren bidetik, eta gero, gure ikusmolde mendebaldarrari kasu eginez, Etta Jones kantariarekin jarraitu du haren soul zoragarri batekin. Bitartean, eta ilunantz urdin baten pean, bi neskak jardun dute dantzan, batzuetan paraleloan baina mugimendu independenteak eginez, eta beste batzuetan bata bestearen atzean, beso askotako hinduismoaren figura bakar bat osatuko balute bezala.

Hala ere, ezer ez da plano figuratiboan geratu, dena jazo da oso azkar, eta bi dantzarien eboluzioak bat-bateko astindu ugarien bidez gauzatu dira oso keinu labur eta azaldu ezinekin, halako moldez non gure burmuinak ez baitzuen ia astirik haien sinbolismoa edo esangura prozesatzeko. Gaueko emanaldian bi emakume izan dira dantza tantriko horren interpreteak —arratsaldekoan bi gizon izan dira—, urdin koloreko praka luze eta zabalak jantzita eta bularraldea ustezko biluztasunean bilduta. Goeckeren hizkera koreografiko aberatsa eta bi dantzarien mugimendu gaitasuna eta kalitatea dira, zalantzarik gabe, pieza eder honetatik hobekien gogoratuko ditugun elementuak.

Baina ikusleak erakartzeko tanto gehienak gaualdiko bigarren piezaren esku zeuden, Greta Thumberg izan delako dantza-lanaren protagonista, Annie Onchalok egindako panpina artikulatu baten bidez. Of Prophets and Puppets (Profetez eta txotxongiloez) deitu da Martin Harriageren lan hau eta, talk show formatua baliaturik, aktibista gazteak NBEn emandako hitzaldian oinarritu da haren figura eztabaidatuaz gogoeta egiteko. Izan ere, pasarte batean dantzariek hitzaldiaren forma sanpleatuari jarraitu diote beren mugimendu zatikatu zehatzekin.

Beste ezer baino lehen esan beharra dago Harriagerenak izan direla eszenografia egokia eta harekin batera zetozen argiak, eta jantzien diseinuan ere kolaboratu duela. Bestetik, Lucas Herrmannen dramaturgiak pantomima izaera gehitu dio antzezpen dantzatua zirudienari. Zeremonia-maisuaren rola eta gaitasun itzela ere nabarmendu behar ditugu, eta baita ere dantzari guztien energia, elastikotasuna eta koordinazioa. Gainera, beraiek maneiatu dituzte, bikain maneiatu ere, eszenan agertu diren panpinak.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

EHZko kideak Kanboko gaztetxean egin duten biltzar nagusiaren ondoren ©EHZ

Arberatzen izanen da 2024ko EHZ

Ekhi Erremundegi Beloki

Gaur egin dute biltzar nagusia EHZko laguntzaileek, Kanboko gaztetxean, eta heldu den urtean Amikuzera mugitzea erabaki dute. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean izanen da festibala Nafarroa Behereko herri horretan.

Victor Erize zinema zuzendaria, atzo, Donostian, Lumiere anaiei keinu egiten dien kamiseta erakusten. ©JON URBE / FOKU

Erize: «Jatorrian, film bat ikustea kontenplazio ekintza bat zen»

Itziar Ugarte Irizar

Zinema ikustearen «esperientzia publikoa» eta aretoak defendatu ditu Victor Erizek 'Cerrar los ojos' filma aurkeztu berritan. Ana Torrent aktorearen eskutik jaso zuen atzo gauean Donostia saria
<b><em>Great absence <em>filmeko zuzendari Kei Chika-Ura eta Tatsuya Fujiaktorea, atzo, Donostian.</em> </em></b> ©JUAN HERRERO / EFE

Aita-seme batzuen elkartzea

Jone Bastida Alzuru

Kei Chika-Ura zinemagile japoniarrak dementziaren eta familia istorio baten inguruan gertatzen den pelikula bat aurkeztu du Zinemaldiko Sail Ofizialean: 'Great Absence'

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.