Andoni Imaz.
Durangoko 57. Azoka. Sozializazioa. DA DA!

Objektu ederren kategoria

2022ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Nire lehenengo biniloak erosi nituenean, ez neukan disko jogailurik. Eta, egia esan, disko jogailu bat izateko berehalako asmorik ere ez. Erosi nituen, jakinik ez nuela horiek entzuteko modurik izango puska batean. Ezta beharrik ere: edukitzea zen diskoen erabilerarik behinena. Aurretik, ez geneukan binilorik; gurasoen etxeetan bakarrik ez, ia familia osoan baizik. Objektu horiek besteen bizitzetan ziklo bat amaitu orduko hasi zuten beste bat nirean.

Orain badaukat disko jogailu bat, noiz edo noiz martxan jartzen dudana, eta ondoan CD irakurgailu bat, sarrixeago erabiltzen dudana —eta, pixka bat honago, noizean behin itzaltzen dudan ordenagailu bat—. Baina, arrazoiren batengatik, aukera izan dudanean, biniloak hartu ditut eskuetan aurten azokan. Zera izango da, modak ahora emandakoa mastekatu gabe irenstea, baina, era berean, inguruari begiratuta, ikusten dut musikariek bide bat aurkitu dutela hor beren lana ahalik eta itxura zainduenean eskaintzeko, segur aski, objektuak haiei ere ekartzen dielako barruko betetasun bat, poltsikoko zuloaren neurrikoa gutxienez.

Izan ere, Durangoko Azokako urteetako joan-etorrietan pentsatuta, ibilitako bidea objektuz beteta irudikatzen dut, beste ezerez baino gehiago. Berehala gogoratu ditut krokodiloei buruzko liburuxka haren ertz borobilduak, Euskal Herriko kostaldearen erliebedun maparen gorabehera bigunak, azaleko hitz bakoitzeko testura bat zuen gazteentzako liburua.

Gauzak pilatzen jarraitzen dut, inoiz izango ez dudan denboraren banku urduri batean, baina elkarren aldamenean imajinatzen ditut edukitzeko eta ezagutzeko grinak.

«Objektu ederrak dira: edukitzeko modukoak». Horixe bota du emakume batek, esku batean Taroka, errima joko bertsoterikoa eta bestean Atopia rol jolasa, biak erosi berritan. Izan ere, nahasketa bitxia dute erakusmahai horretan: Taroka, Farmazia Beltzaren liburuak, rol jokoak... Baina objektu ederren kategoriak balio dezake denak biltzeko.

Handik gutxira, Zerocalcareren komiki bati begira dabilen bisitari batek hura erosteko behar zuen bultzadatxoa jaso du mahaiaren beste aldetik: «Azkena da». Azoka amaitzeko oraindik egun batzuk falta direnez, ez dirudi horren larria, ekarriko dituzte gehiago. Ez, ez, argitu diote argitaletxeak daukan azken alea dela hori. Nahikoa arrazoi bada komikia erosteko. Hala ere, ohartarazpenak badu alde sinesgaitz bat: nola ez dute, bada, berriro inprimatuko?

Beñat Irasuegik, erakusmahaia antolatu dutenetako batek, txiokatu du zenbat diru fakturatu zuten azokako lehen egunean. Harritu nau, eta ez bereziki kopuruarengatik —bilatu beharrik ez izateko: 1.817 euro—, ezpada diruaz hitz egin zuelako. Eta, esplikatzen zaila den baina zerbait adierazten duen lotsa tonto hori pasatuta, eskertu dut leungarririk gabeko informazioa, objektuen ekonomia muturren aurrean jartzerakoan, beren edertasunak bezainbat betetzen dizkizutelako begiak errentagarritasunaren ezinek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.