Faltsukeria historikoak, sutara

Asisko Urmenetak 'Sugarren mende' album ilustratua ondu du, Helena Xuriok egindako ikerketetatik abiatuta batik bat. Sorgin ehizek motibazio «politikoa» izan zutela azaltzea izan da helburu nagusia

Helena Xurio eta Asisko Urmeneta, Sugarren mende liburuaren aurkezpenean, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
«Euskaraz, ez dago sorgin ehizaren inguruko monografiko seriorik». Asisko Urmeneta ilustratzailearenak dira hitzok, eta harena da, halaber, hori konpontzeko egindako lehen saiakera, Sugarren mende liburua, Helena Xurioren ikerketetatik abiatuta ondu duena, besteak beste. Gaiari buruzko edukiak erdaretatik jaso behar izateari ez deritzo «azaleko» kontua marrazkilariak, eta hortik Euskal Herritik ernatutako historiaren errepasoa egiten duen lana, zeinari beste hainbat batuko zaizkion laster, Urmenetaren hitzei erreparatuta: «Narratiba nazionala behar dugu».

Erdaretako lan horien kontrapuntua litzateke, gainera, Urmenetaren obra berria. Izan ere, sorgin ehizen inguruan egin izan diren film eta erakusketa andanek elkartzen ziren pertsonengan jarri izan dute fokua, elkarketa horiek zergatik eta zertarako egiten zituzten argitzeko xedez, ilustratzailearen iritziz. Aldiz, egin beharreko galdera beste bat izan beharko litzatekeela azaldu du Urmenetak. «Anomalia ez da jendea elkartzea, baizik eta inkisidoreak Euskal Herrian egotea». Egoera hori azaltzea izan du jomuga, eta argia da atera duen ondorioa, Espainiako Inkisizioa pairatu zuten beste herrialdeetako ikertzaileekin bat egiten duena: sorgin ehizen oinarria «politikoa» izan zela, hain zuzen. «Hainbat ikuspuntutatik iker daiteke gaia: sozioekonomia, generoa, erlijioa, politika... Lan hipotesi onartezin bakarra da sorginak zirela».

Dioenez, «disidentzia diziplinatzea» izan zuen helburu Inkisizioak, eta hori da, orobat, jomuga ohikoena emakumeak izatearen arrazoia: gizonak milizian diziplinatzen zituztela dio Urmenetak, baina andreen kasuan, aldiz, beste modu batzuk topatu beharra izan zutela. Espainiako Inkisizioak 1482tik 1834ra bitarte iraun zuen arren, ordea, denbora tarte txikiago batean jazotakoak kontatzen dira liburuan: 1513tik 1616ra bitartekoak, Nafarroan Inkisizioa ezartzea lortu zutenetik Logroñoko (Espainia) autofedeko zenbait biktimak kalte ordainak galdegin zituzten artekoak, zehazki. Eta, bereziki, 1525. eta 1595. urteen artean egondako sarekadak agertzen ditu Urmenetak bere ilustrazio eta testuetan.

Inkisizioak hastapenetatik izan zuen Nafarroan ezartzeko asmoa, baina saiakera guztietan harrikadaka bota zituzten bertakoek inkisidoreak. 1512an, ordea, Nafarroa konkistatu zuten, eta urtebete baino ez zuten behar izan inkisidoreek bazter horietan kokatzeko. Alabaina, bertako askoren arbuioak bere horretan zirauen, eta 1521ean bota egin zituzten beste behin, orduko hartan Calahorrara (Espainia); geroago, auzitegia Logroñora eraman zuten. Iparraldean, bestalde, Ingalaterrako erresumaren zati izandako Lapurdi eta Zuberoa Frantziak bereganatuak zituen, 100 urteko gerraren ondoren.

Hortaz, honakoa zen egoera eskualde horietan: lurralde konkistatu berriak ziren, edo, Nafarroa Beherearen kasuan, subiranotasuna berreskuratu berria. Bertako biztanleek urtez urte jaso zuten inguruko bi erresumen oldarra. Espainiak eta Frantziak, arerioak izanik ere, indarrak batu zituzten lur horietako herritarrak «estutzeko», ilustratzaileak dioenez. «Hainbatetan bildu ziren Espainiako inkisidoreak eta Frantziako epaileak». Halaber, «espioi sareak» ere antolatu zituzten.

Hurrengo urteetan, eremu horietako herritar asko espetxeratu zituzten sorginkeria egotzita. 1525. urtea mugarria izan zen, ez soilik ehizak gordintzen hasi zirelako, baita egonkortu den terminologia sortu zutelako ere. «Calahorran antolatu zuten lehenengo sarekada militar handia. Sorgin eta sekta satanikoa hitzak modernoak dira, espedizio horretan asmatutakoak».

Auzitegia Logroñora lekualdatu zutenean, «komunitate osoen kontra joateko» oldarraldiek bere horretan jarraitu zuten, Urmenetak nabarmendu duenez. Batez beste bi urtez izaten zituzten espetxeetan, torturatu egiten zituzten, eta epaiketa hizkuntza arrotz batean egiten zieten; zenbat preso zeuden adierazi behar ez izateak bidea are libreago utzi zien. Gainera, epaituekin batera, epaiketa prozesuari zegozkion agiri eta froga guztiak erre zituzten, eta, ondorioz, «masakrearen neurria» ezin da neurtu, Urmenetak azpimarratu duenez.

Sorginen alabak?

Dokumentuak erre izanak prozesu horietan eraildakoen kopurua zehaztea galarazten du, eta, era berean, baita haien izenen berri izatea ere. Alabaina, hainbat dira memoria berreskuratzeari ekin dioten ikertzaileak. Horietako bat da Helena Xurio. Zugarramurdiarra da, Logroñoko autofedean epaituak izan ziren asko bezala. Herriak artean zituen 270 biztanleetatik 32 sutara kondenatuak izan arren, berandu ezagutu zuen jazoera, bere kabuz ikertzen hasi zenean. «Nola liteke 400 urtez halako masakre bat aipatu ere ez egitea? Isiltasun horrek kezka eta ikertzeko gogoa piztu zizkidan. Ohartu nintzen ez zela gure historia kontatzen ari». Horrenbestez, berak kontatzea erabaki zuen, epaitutako herritar horien «irudia garbitzeko», hein batean. «Memoria berreskuratu eta izenekin memorial bat egiteko».

Hasieran ezkutatzen zena orain aldarrikatzen ari dela antzeman du Xuriok, eta sorgina eta akelarre hitzak «burutik kendu» beharko liratekeela uste du, sorginaren etiketa inkisidoreek ezarritakoa izan baitzen: «Mitoa isiltasuna bezain kaltegarria da. Ez da erraza, baina gogoeta egin behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.