Laida Lertxundi. Artista eta zinemagilea

«Filmatzea nagoen lekuan egoteko modu dialektiko bat da»

Filmak sortzen dituen artista da, zinemagilea baino gehiago. Eginez egiten du lan, eta konbentzioak desegiten ditu bidean. Bere lana mundu osora zabaldu du; Kaliforniatik urteetan, Euskal Herritik orain.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Andoni Imaz.
Getxo
2022ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Filma da Laida Lertxundiren bitartekoa (Bilbo, 1981). Ez industria baten menpe dagoen zinema, ez kultura digitalaren garaiko ikus-entzunezkoak. Hamasei milimetroko zeluloidearekin egiten du lan. Kalifornian (AEB) egin du ibilbidea, mundu zabalean eman ditu proiekzioak eta erakusketak, eta Euskal Herrira itzuli da azken urteetan. Hemen sortu zuen iaz Inner Outer Space filma. Filmean hainbeste ageri den itsasoari begira hitz egin du BERRIArekin.

Kaliforniako lurrari lotuta egin duzu ibilbidea. Orain, paisaia aldatu da.

Kaliforniara iristen ziren zinemagileak liluratu egiten zituen desertuak, argiak... Nik ere horrekin topo egin nuen. Hala ere, ez naiz hilabeterako toki ezezagun batera filmatzera joaten diren horietakoa. Eguneroko harremana izan behar dut paisaiarekin. Euskal Herrikoa nire jatorrizko paisaia da, eta filma egitea hemen berriro sustraitzeko modu bat izan zen. Konfinamendu garaian, mendian filmatzeko gogo handia nuen; neure burua imajinatzen nuen eskuak lurrez zikinduta; izan ere, nire filmaketak basati samarrak izaten dira.

Filmak baditu zure aurreko lanetako elementu batzuk: pertsonak eta paisaia bat eginda ageri dira, barnekoa eta kanpokoa lotzen dira nolabait... Eta badu zati berezi bat: proiekzio bat pertsonen gainean.

Hori Tabakaleran filmatu genuen, konfinamendutik lanera ateratzeko aukera izan genuen lehen egunean. Ezin genuenez tokian bertan filmatu oraindik, itsasoa filmatu nuen, eta neska horien gainean proiektatu. Ukitzeko irrikan daude. Orduan, ematen zuen dena errealitate areagotua zela: gauzak ukitzea, kanpoan egotea. Ez da zinema pantaila bat, haien gainean dago proiektatuta, eta haiek inon ez daude. Joko formal batekin sentsazio hori esplikatu nahi nuen.

Filma ataletan banatuta dago. Horrela lan egiten duzu?

Niretzat, film batean, konbentzioak desegitea da lana: aktoreak, objektuak, lekuak, istorioak... Elementu horiek daude gutxi gorabehera, baina beste modu batean funtzionatzen dute. Eskeletoa ez dago konbentzioen mende, ez zaidalako interesatzen errepikatzea. Beste egoera bat sortu nahi dut; ezaguna, nolabait, ez delako marrak besterik ez dituen film abstraktu bat ere. Egoera erdi diegetikoa da, baina espektatiba formalak beste zerbaitetara irekitzen dira. Egoerak lantzen dira, harreman bat dago irudiaren eta soinuaren artean, pertsonaien eta paisaien artean... Moduluak elkarrekin jartzen ditut.

Lotura batzuekin, ordea.

Inner Outer Space triptiko bat da, eta zati bateko elementuak besteetan ere agertzen dira. Interesatzen zait kronologiarekin jokatzea; ez da lineala, erdiko zatia aldeetara lehertu balitz bezala da. Zinemak badu ametsen antzekoa den zera hori: ez dakizu garbi gertatu ote den, noiz gertatu den...

Aktore ez-profesionalekin aritzen zara. Zergatik?

Ez dudanez lan egiten gidoi batekin eta pertsonaia baten interpretazioarekin, ez nuke jakingo nola lan egin aktore profesional batekin. [Robert] Bressonen eskolakoa naiz: aurpegi izan, gorputz izan, keinu txikiak egin. Ez dut arreta pertsonaiengan eta istorioaren ideian jarri nahi; paisaietara eraman nahi dut, soinura, elementuen harremanera. Pertsonari enfasia kendu, denbora guztian. Nirekin aritzen diren batzuek performancea egiten dute, musikariak dira... Badute esperientzia kameraren aurrean, baina, ez direnez profesionalak, ustekabean harrapatzen ditut. «Bai? Filmatu egin behar nauzu? Ez daukat gogorik...».

Kredituetan zergatik jartzen duzu made with [hauekin egina]?

Nire filmetan ez dago cast [aktoreak] eta crew [lantaldea]. Jaialdietan-eta, jarri behar dudanean nork egin duen zer, asko kostatzen zait. Planoan ageri denak kamera mendira eraman du; ekoizpenean ere jarriko dut? Denbora asko pasatzen dugu filmen arlo teknikoa lantzen, eta pantailan ageri dena haien parte hartzearen zati bat da soilik. Zinema egiten hasi nintzenean, Andy Warholen film asko ikusi nuen, Peggy Ahweshenak ere bai, Fluxus mugimendua aztertu nuen, performanceak, musika esperimentala... Jendea kolektibo batekin zerbait egiten hasten denean, mekanismo batzuk martxan jartzen dira, eta dena hedatu egiten da. Horretarako konfort moduko bat behar da, eta posibilitatea; ez rol definituegiak.

Filmatzeko modu lagunarteko eta erdi inprobisatu horren ondoren, muntaketa iristen da: bakarkako prozesu bat, kontzentrazio handikoa, zorrotza.

Bai. Filmatzeko dudan moduagatik, filmatzen ditudan gauza asko gero ez dira agertzen. Asko-asko mozten dut. Agian planoa ondo dago, baina ez badu funtzionatzen planoen arteko harremanean, kendu egin behar da. Kameraria ere banaizenez, irudiek eta filmaketetako esperientziek atxikimendu bat sortzen dute, baina muntaian hotz jokatu beharra dago.

Ordu laurden inguruko filmak egin dituzu gehienez ere. Pentsatu izan duzu zerbait luzeagoa egitea?

Bai, uste dut orain badudala gogoa. Dena dela, nobelan eta poesian bezala da: dentsitate bat dago. Niretzat, hamasei minutuko film bat luzea zen: buru-belarri aritu naiz, aurrekontu guztia utzi dut, denbora guztia... Ez nekien hori egiten ordubetez. Orain baditut beste tresna batzuk.

Artista zara zinemagilea baino gehiago?

Artista zinemagilea naiz. Egiteko modu batetik nator: egin, denbora guztian. Asko kostatzen zait hiru urtez planifikatzen aritzea gero filmatzeko. Hiru urte horietan filmatu egin nahi dut, lotura material bat behar dut. Inner Outer Space egin nuen arte, ez nuen sentitzen toki horretan nengoenik. Niretzat filmatzea nagoen lekuan egoteko modu dialektiko bat da, errealitatean egotekoa kasik. Denbora guztian egon behar dut sortzen. James Benningek bezala: metatze praktika.

Artista zinemagilea, beraz.

Uste dut nire lanak beste forma artistiko batzuekin elkarrizketan jarduten duela. Musika esperimentalarekin lan egin izan dut, adibidez. Dena dela, argi dago filmak egiten ditudala. Testuinguruaren araberakoa da; uste dut hemen hobeto moldatzen naizela arte ederren inguruan zinemarenean baino. AEBetan, zinemak esan nahi du Hollywood, aurrekontu handiak, eta artista kalean dago bi duro eskatzen. Filmak egiten dituen artista bat izateak askatasun handiagoa ematen dit film horiek egiteko; ez dago izango denaren inguruko espektatibarik.

Zinema esperimentalean edo abangoardiakoan ez al da narratibotasuna deabrutzen sarri?

Edozein taldek dogma berriak sortzen ditu bere burua definitzeko. New Yorken ikasten nuenean, zinema esperimentaleko eskola batean, pertsona bat jartzen baldin bazenuen beste bati zerbait esaten, hori gaizki zegoen. Nire lehen filma New Yorkeko Zinemaldian eman zuten, artearen sailean, eta esan zidaten: «Hau ez da nahikoa esperimentala». Narratiboegia zen. Ez zaizkit dogmak interesatzen; esperimentatzeak irekitzea esan nahi du, eta konbentzio bat ixten baduzu... Horretan lagundu zidaten Raul Ruizen idatziek.

Nola?

Badu liburu bat, Poéticas del cine (Zinemaren poetikak) izenekoa, XIV. mendeko miszelanean oinarritutako idazkerarekin. Denetarik nahasten du: kritika, analisia, saiakera, egunerokoa... Izugarriak dira. Hark pelikula begetarianoez hitz egiten du: «Behi bat larrean bazkatzen... ez zait interesatzen». Aktoreak jarri nahi zituen eszenan. Haren obrak erakusten du izan zaitezkeela oso narratiboa eta oso esperimentala.

Lehenik New Yorkera joan zinen Arte Ederrak ikastera. Nolako esperientzia izan zenuen han?

Gogorra izan zen hasieran. Fakultate txikia zen, Bard College, eta eskolak zortzi bat lagunekoak izaten ziren. Maila akademikoa jasoa zen. Egin behar izaten genuen, adibidez, astean behin liburu bat irakurri eta aurkezpen bat egin. Ni ikusle izatera ohituta nengoen, aurrekoaren atzean ezkutatzen den ikasle bat izatera, eta, bat-batean, biribilean jarrita hitz egin behar nuen liburu bati buruz. Nire ingelesa ez zen nahikoa ona, eta dena bi hizkuntzatan irakurri behar nuen hasieran. Agian horregatik piztuko zidan zinemak horrelako interesa. Peter Huttonekin hasi nintzen ikasten, eta ikusi nuen: «Filmatu dezaket! Egin egin dezaket!». Zure instrumentua aurkitzen duzunean bezala izan zen: lana da, baina ez da lana.

Zer da Los Angeles zuretzat?

Bardetik CalArtsera iritsi nintzen, arte eskola oso esperimental batera. Arte kontzeptualaren tradizio inportante bat dago Kalifornian, CalArtsekin lotura duena, The Pictures Generation artista taldea eta abar. Mundu underground hori eta Hollywood hortxe daude, eta niretzat garrantzitsuak izan diren zinemagile kaliforniar askok (Morgan Fisher, Pat O'Neill...) zinema industrian lan egiten zuten, eta gero beren filmak egiten zituzten. Hollywooden piztia duzu ondoan, agian horrekin ordaintzen dituzu fakturak, eta aldi berean artea egiten duzu. Interesgarria da kontraste hori. Irudiak sortzen ari zara mundu osora esportatzen diren irudiak sortzen diren toki berean.

Hamasei milimetroko filmak egin dituzu beti. Zergatik?

Peter Huttonekin ikasi nuen zinema egiten, eta horrela ikasi nuen; ez nintzen bideoan hasi. Nire eskuek ezagutu egiten dute artisau lan hori. Beti bukatzen ditut lanak zinema formatuan, beti daukat filmaren kopia bat, bestela ez dago amaituta. Ahal badut, zinema formatuan proiektatzen dut. Argia oso desberdina da, nola eragiten dizun proiektorearen lanpararen argiak, eta materialtasuna ere bai. CalArtsera iritsi nintzenean, 2003an, James Benningek esaten zidan: «Niri 1975ean esaten zidaten uzteko zineman filmatzeari, formatua hilda zegoela». Uste dut ondo dagoela nork bere tresnarekin jarraitzea. Modak badatoz eta badoaz.

Nolakoa izan da Euskal Herrira itzultzea? Artista gisa duzun lekua aldatu egin da?

Dena oso desberdina da, ez hainbeste arlo artistikoan, baizik eta harremanak egiteko moduetan. Kalifornian jendea oso irekia da. Zu iristen zara jendez beteta dagoen leku batera, eta esaten duzu: «Laida naiz!». Eta gau horretan hamar lagun egin dituzu. Hemen norbaitek hiru hilabetez ikusi behar zaitu esateko: «Tira, ados, zerbait hartzera gonbidatuko zaitut». Bikotekidea eta alaba estatubatuarrak dira, eta nola nabigatu asmatzen ari gara oraindik.

Lanean aritu zara, ezta?

Elias Kerejeta zine eskolan egon nintzen denbora batez, Euskadiko Filmategiarekin lan dezente egin dut, 2deon ere bai... Lanaren bidez jendea ezagutu dugu, batez ere Donostian. Bestalde, hemen artea eta zinema babesten duten erakunde publikoak daude; han ez dago horrelakorik.

Gaur egun, Azkuna zentroan ari zara lanean. Zertan?

Artista elkartu gisa kontratatuta nago bi urterako, Zortzi topaketa proiektuarekin. Lanean jartzeko mekanismo bat da: tailer bat egin, eta hurrengo egunean mendian filmatzen dugu egun osoz. Izan gara Anboton, Oriolen, Gorbeian, Urkiolagirren, Mugarran... Nik ondo ezagutzen nituen mendietan, filmatu nahi nituenetan. Proiektu hibrido bat da, film baten eta esperimentu pedagogiko baten artekoa. Jendeak izena ematen du.

Eskolak ematen jarraitzen duzu?

Bai, EHUko bi masterretan: Ikerketa eta Sormena Artean izenekoan, eta Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboa masterrean. Gustura aritu naiz, sentitu dut esperimentatzeari zabalik egotearen ideia erraz atera zaidala ikasleekin. Bestalde, jendeak tutore gisa kontratatzen nau proiektu batzuetan, Londrestik, Herbehereetatik... Kalifornian eskola gehiago ematen nituen, eta haien falta dut orain.

Mundua da zure zirkuitua...

Bai, bai. Zorte ona dut, zirkuitu zabala daukat lanaren bidez. Erakusketa bat egitekoa naiz Hego Korean, beste bat Zeelanda Berrian... Ondo dago lanak bere bidea egitea.

Zure lanak zer-nolako harrera izan du hemen?

Inoiz ez dut lanik egin testuinguru batera egokitzeko. Nahi dudana egin dut, eta horrek sortzen du bere testuingurua. Baina zortea izan dut. Gure Artea saria eman zidaten, Azkuna zentroan ari naiz lanean... Sentitzen dut aukerak eman dizkidatela.

Herritar gisa, zerekin egin duzu topo bueltan?

Bizi osoan kanpoan izan naizenez, Euskal Herri desberdin bat aurkitu dut, berria. Ez hain markatua gatazka politikoan, egoteko beste modu batekin. Gazteak batez ere. Jarduera artistiko handia dago; beregaina da alde horretatik. Gauzak egiten hasiz gero, erraz sar zaitezke saltsan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.