Joxe Ulibarrena

Memoria zizelkatzea

Ulibarrenak zura, harria eta buztina landu izan ditu bere artelanetan, eta beti izan du oso presente memoria historikoa bere ibilbidean. Etnografia museo bat ere sortu eta gidatu du hainbat hamarkadaz.

ANGEL SANCHEZ GARRO.
Inigo Astiz
2020ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Sartagudako Memoriaren Parkean dagoen eskultura da seguruenik Joxe Ulibarrenaren (Azkoien, Nafarroa, 1924 - Uterga, Nafarroa, 2020) lanik ezagunen eta ikusiena, eta ez da kasualitatea. Hiru giza figura irudikatzen ditu pieza monumentalak, elkarri besarkatuta, tiro zuloak diruditen hutsunez josita. 11 urte zituela hil zioten aita artistari 1936ko gerran altxatutakoek, eta bere ibilbidean oso lotuta joan dira beti memoria historikoa eta sorkuntza. Nafarroako erresumaren historia eta etnografia izan dira haren beste motor nagusietako bi, eta horrek eraman zuen Artetan (Nafarroa) 10.000 pieza baino gehiago biltzen dituen etnografia museoa irekitzera. 96 urterekin hil da.

Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolan abiatu zituen arte ikasketak, eta, gero, Burgosen (Espainia) eta Parisen ere izan zen. Frankismoko giroak itota, Euskal Herritik Venezuelara joan zen, eta, zazpi urtez, Caracasko euskal etxearen sustatzaile izan zen. Euskara ere han ikasi zuen.

Coromoto Ama Birjinaren irudia egiteko eskaria jaso zuen Venezuelan, eta haren nortasunaren erakusgarri da enkargu harekin gertatutakoa. Ia sei metroko figura egin zuen eskultoreak, eta lurralde hartako jatorrizko biztanleen begi eta itxurarekin irudikatu zion aurpegia. Hor heldu zen zalaparta. «Artearen aurkako atentatua» zela ere esan zuten, baina eskultoreak beti defendatu zuen bere lana, argudiatuz ezen, birjina zuri eta begi-urdin irudikatzea konbentzio bat zen neurrian, bazegoela hura bestela irudikatzerik ere, lekuan lekuko ezaugarrien arabera.

90 urte bete zituen sasoian egindako kalkuluaren arabera, 800 eskulturatik gora zeramatzan eginak. Neurri handiko lanak dira haietako asko. Gehienetan giza figurak irudikatzen dituztenak. Hori da, adibidez, Noaingo (Nafarroa) batailari eskainitako eskulturaren kasua. Baina pieza monumental horiez gain, hamaika irudi ere sortu zituen Nafarroako ermitetarako.

Oteiza, gertu eta urrun

Ulibarrenak gertutik ezagutu zituen Jorge Oteiza, Eduardo Txillida eta Nestor Basterretxea artistak, adibidez, baina, hedabideei ematen zizkien elkarrizketetan, maite zuen haiengandiko distantzia erakustea. Aho bilorik gabe aritu zitzaion Reyes Ilintxeta kazetariari Argia aldizkarian, esaterako. «Nik asko ezagutu nuen Oteiza. [...] 'Zer interes itxia duzun eskulturarako', esaten zidan. Eta nik erantzuten nion: 'Begira, Jorge. Nik estimu handian zaitut, baina zuk badakizu zer den eskultura? Jakinen bazenu, egiten duzuna ez zenuke eginen. Klarionekin egiten duzuna, adibidez. Hori ez da eskultura, hori burutazio bat baino ez da.Hori bururatzen zaio beste ezer bururatzen ez zaion norbaiti. Malabarismoa, zirkuan bezala».

Herri xehearen jakintzaren aldeko apustu bat izan zen museo etnografikoa. Lehenik, Berriobeitin (Nafarroa) izan zuen egoitza museoak, baina, 1986az geroztik, Artetan (Nafarroa) ezarri, eta han dago ordutik. Iruñeko Erresumaren Museo Etnografikoa ditu izen-abizen zehatzak, eta horrek ere erakusten du eskultoreak historiari buruz zuen kezka. Azken urteetan, Elur Ulibarrena alabak hartu izan du haren ardura, eta hark azaldu zion Nafarroako Hitza-ri proiektuaren sorburua. «Nire aitak beti esaten du piezak biltzen hasi zela gure arbasoak tontoak ez zirela frogatzeko».

Angel Sanchez Garrok dokumental bat sortu zuen haren lana eta izaera erakusteko, 2011n. Nafarroa Oinez festaren inguruan antolatu ohi den Artea Oinez ekinbideak omenaldia egin zion urte berean, Manuel Irujo saria ere jaso zuen 2012an, eta omenaldia egin zioten iaz museoan.

Etxean hil zen astelehenean, pneumonia baten ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.