Nerea Osinalde.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Erdi bakterio, erdi gizatiar

2018ko urriaren 19a
00:00
Entzun
EHUko Biokimika Saileko irakaslea

Gure gorputzean, berrehundik gora zelula mota ditugu, hainbat itxura eta funtzio dituztenak. Eta bakoitzeko milioika banako ditugu. Azken kalkuluen arabera, 1,70 metro eta 70 kilogramo dituen pertsona batek 30 bilioi inguru zelula ditu. Baina horiek guztiak ez dira nahikoa gure biziraupena bermatzeko, eta zelulez gain, guretzako kaltegarriak ez diren mikroorganismoz gaude josita. Horien artean bakterioak, birusak, ondo espezie batzuk, eta gutxienez arkea espezie bat daude. Guztietatik arruntenak bakterioak dira. 1972an, Thomas Luckey mikrobiologoak esan zuen giza gorputzean zelula bakoitzeko hamar bakterio zeudela. Baina 2016ko lan batean frogatu zuten proportzio hori ez dela zuzena, eta zelula beste bakterio ditugula. Beraz, erdi gizaki, erdi bakterio gara.

Mikrobiota osatzen duten mikroorganismoak asko eta askotarikoak dira. Larruazalean ez ezik, digestio, gernu, arnas eta ugal-aparatuetako ehun eta barrunbeetan ere aurkitzen ditugu. Guztiek zer egiten duten ez dakigun arren, badakigu ezinbestekoak direla gure osasuna bermatzeko. Besteak beste, elikagai batzuk xurgatzen laguntzen digute; guk nekez sintetiza ditzakegun osagaiak ekoizten dituzte; eta immunitate sistema suspertzen dute. Horregatik, gure baitan bizi den mikroorganismo komunitatean aldaketak gertatzen direnean, hots, disbiosia gertatzen denean, arruntak diren gaitzak garatzen ditugu maiz; hala nola chron sindromea, obesitatea, azaleko hanturak eta asma. Horrez gain, mikrobiota urdail, kolon, gibel, biriki, larruazal, eta, berriki, bularreko minbiziaren garapenarekin ere erlazionatu da.

2014an, lehengoz aurkitu zuten bularretako ugatz guruinetan mikroorganismo komunitate espezifiko bat bizi dela. Kanadako eta Irlandako 81 emakumeren bularreko laginak sekuentziazioz aztertu zituzten, eta guztietan bakterioak antzeman zituzten, emakumeen jatorria, adina, osasun egoera, eta haurduntza historia edozein zela ere. Bi urte geroago, bularreko tumore onberak eta gaiztoak zituzten emakumeen laginak konparatu zituzten, eta haien mikrobiota ezberdina zela frogatu zuten. Bularreko minbizia kasuetan, besteak beste, Lactobacillus bakterio mailak behar baino txikiagoak zirela behatu zuten. Bi hipotesi plantetu zituen: (1.) mikroorganismo komunitatean antzemandako aldaketak minbiziaren iturri izan daitezke, eta (2.) mikrobiota aldatuz minbizia saihestu edo trata daiteke. Hain justu, duela hilabete eskas argitaratutako ikerketa batean erakutsi dute dietaren bitartez bularretako ugatz guruinetako mikrobiota alda daitekeela. Makina bat lanek baieztatu dute dieta dela digestio aparatuko mikrobiota moldatzen duen faktore nagusienetako bat. Hala ere, arestian aipatutako lan berria da lehena frogatzen dietak ere baduela eragina digestio aparatutik kanpoko mikrobioengan.

Tximinoekin egindako esperimentuek erakutsi dute Mediterraneoko edo Mendebaldeko dieta kontsumitzeak eragin zuzena duela bularrean bizi diren bakterioengan. Zehazki, Mediterraneoko dieta jaso zuten tximuen ugatz guruinetan besteetan baino hamar aldiz lactobacillus maila altuagoak neurtu zituzten. Mediterraneoko dieta jaso zuten tximuetan ere, Lactobacillus bakterioak prozesatutako konposatu bioaktiboak, minbiziaren aurkako ezaugarriak dituztenak, gehiago direla behatu zuten. Ikerketzaileen arabera, posible litzateke, neurri batean behintzat, dieta zainduz edo gehigarri gisa prebiotiko jakin batzuk hartuz, bularreko minbizia prebenitzea. Baina oraindik goizegi da garaipena ospatzeko. Bularreko mikrobiotaren inguruko kontuak oso berriak dira, eta denbora gutxian lortutako emaitzak itxaropena ematen duten arren, emaitza horiek sendotzen eta osatzen lagunduko diguten ikerketak ezinbestekoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.