Libano. Beiruteko leherketaren urteurrena

Oihuka, gobernu eta justizia eske

Beiruteko portuko leherketatik urtebetera, ikerketa geldirik dago. Jarduneko gobernuak uko egin dio ikertuei immunitatea kentzeari

Leherketan hildakoetako hainbat pertsonaren argazkiak, Beiruten. NABIL MOUNZER / EFE.
Beirut
2021eko abuztuaren 4a
00:00
Entzun

Badaezpada bakarrik. Urtebetetik hona, Beiruten bizi diren ehunka mila herritarrek gauzak badaezpada egiten igarotzen dute eguna. «Lotara joaten zarenean, eta leiho guztiak itxita daudela dakizunean, lasterka joaten zara zabaltzera. Apur bat bakarrik. Badaezpada bakarrik, zerbait txarra gertatzen bada, kristalak leher ez daitezen». Beiruten bizi den Hrag Avedanian gazteak aipatzen duen beldurra testuinguru guztietan dago: jatetxean, eseri aurretik, begiratzen dute zein mahai izan daitekeen seguruena, ezbehar bat gertatuko balitz ere; izutu egiten dira atea kolpetik ixten denean, edo hegazkin baten hotsa entzutean; edo berehala kezkatzen dira norbaitek telefonoa hartzen ez duenean.

Avedanianek, hizketan jarraitzen duen bitartean, 2020ko abuztuaren 4aren osteko egunetan idatzitako oharretako batzuk zabaldu ditu mahai gainean: «Leherketaren osteko lehen urteurrena izango da [gaur], eta libanoarrak galduta gaude. Ez dakigu nola erreakzionatu, eta ez gaude horretarako prest. Egiazki, abuztuaren 4a ez zen inoiz igaro; oraindik bizi dugu». Avedanianek historiako leherketa ez-nuklearrik handienaren ostean idatzi zituen testuek, agian, funtzio terapeutiko bat izan zezaketen. Baina, haiekin, gazteak sare sozialen bidez dei egiten zuen Beirutera joan zitezen, non hainbat egunetako lana egin behar izan zuten kaleak lehengora itzul zitezen.

Portutik gertuen zeuden auzoetan, baztertu egin behar ziren eroritako eraikinen hondakinak eta hondatutako ibilgailuak; hainbat tona kristal kendu eta odol arrastoak garbitu behar ziren. Urrunenetan, alde guztietara sakabanatu ziren ateak, eta eztanda uhinari amore emanez milaka zatitan lehertu eta hormetan eta gorputzetan sartuta geratu ziren ziren leihoak berreraiki behar ziren. Beiruteko hainbat herritarrek, urtebete geroago, euren gorputzetatik kristal zatiak kentzen jarraitzen dute. Orotara, leherketak 220 pertsona hil zituen; kopuru zehatzik ez dagoen arren, milaka zauritu eragin zituen, eta etxerik gabe utzi zituen 300.000 lagun.

Hona, leherketatik sei hilabetera portua nola zegoen erakusteko aurtengo otsailean eginiko bideoa.

«Abuztuaren 4an, ez genuen inork lorik egin. Nola egingo genuen lo, bada? Hurrengo egunean, amesgaizto batean egon ahal izatea desiratuz esnatu ginen, baina dena erreala zen. Hondamendia, kea, heriotza, desagertuak, zaurituak», gogoratu du Avedanianek. Hala ere, nabarmendu du jendea kalera irten zela hiria konpondu beharra zegoelako: «Haien esku zegoen. Huts egindako estatu batean bizitzera ohituta dagoen jendea da».

Urte bat, atxiloketarik ez

Historiako leherketa ez-nuklear handienetik urtebetera, ez dago goi kargudunen aurkako epai edo zigorrik, nahiz eta badauden dokumentuak frogatzen dutenak gobernuko hainbat departamentuk bazekitela 2.750 tona amonio nitrato zeudela pilatuta portuan; horiek izan ziren abuztuko arratsalde hartan lehertu zirenak, eta oraindik ez dago argi zergatik. Lehergaiek sei urte zeramatzaten Beiruteko bihotzean pilatuta, eta horrek sentiarazi die herritar askori bonba baten gainean bizi izan zirela, eta agintariek, horren berri zuten arren, ez zutela ezer egin.

Legal Agenda abokatu kolektiboa da biktimen familiei egia bilatzen eta kalte ordainak lortzeko borrokan laguntzen dien instituzio independenteetako bat. Ghida Frangieh kolektiboko kideak salatu du esku hartze politikoa egon dela Libanoko justiziak bultzatutako ikerketan: «Guretzat, oso argi dago Libanon agintzen duten alderdi politikoak ikerketa boikotatzen ari direla, eta leherketako biktimei justizia egiteko ahaleginak atzeratzen». Hark azaldu duenez, parlamentuak, gobernuak eta fiskal nagusiak uko egin diote Tarek Bitar epaileak galdekatu nahi izan dituen goi arduradunei immunitatea kentzeari. Bere garaian, ikerketa zuzentzen duen Bitar epaileak bere gain hartu zuen lana, otsailean, klase politikoak Fadi Sawan epailea kargutik kendu ondoren. Abenduaren 10ean, Sawanek jarduneko lehen ministro Hasan Diab eta beste hiru ministro auzipetu zituen. Hori gertatu zenean, klase politikoak «joera jakinak» izatea eta haien aurka egitea egotzi zion Sawani. Auzipetuek uko egin zioten epaitegian deklaratzeari; jarduneko Barne ministro Mohammad Fehmik esan zuen ez ziola Poliziari aginduko haiek atxilotzeko, nahiz eta justiziak hala eskatu, eta hainbat ministrok formalki eskatu zuten Sawan kanporatzeko.

Denboran gertuago, eta horiek galdekatzeko helburuz, Bitar epaileak eskatu zuen parlamentuko diputatuek, gobernuko kideek eta Segurtasun Departamentuko goi arduradunek berezkoa duten immunitatea indargabetzeko. Beiruteko eta Tripoliko abokatuen elkarteek onespena eman zioten eskariari, eta lege babesa kendu zieten abokatu lanetan aritzeagatik immunitatea zuten hainbat diputatu eta gobernuko kideri. Baina erakunde independenteen elkarlana ez da nahikoa, kargu horietan daudenetako askok lege babesa baitute oraindik diputatu karguan egote hutsagatik.

Abbas Ibrahimen kasua desberdina da. Ibrahim da Libanoko segurtasunerako arduraduna, eta Fehmi ministroak, telebistari eskainitako elkarrizketa batean, hari immunitatea kentzeko konpromisoa hartu zuen, Bitar epaileak hura galdekatu zezan. Egun batzuk geroago, Fehmik berak bere hitza urratu zuen, eta Ibrahim babestu zuen. Leherketako biktimen aitona-amonak, gurasoak eta senideak Fehmiren egoitzaren aurrean bildu zirenean haren erabakia salatzeko, Poliziaren borra kolpeak eta negar gasarekin egindako erasoak besterik ez zuten jaso. Hori ikusita, leherketan hildakoen familiek ulertu zuten ezen, kalte ordainak jasotzeko presio handiagoa egiteko asmoz bat eginda ere, indarkeria jasoko dutela justizia baino lehenago.

Leherketari buruzko ikerketak helburu handiago baten aldeko borroka dakar berekin; izan ere, iazko abuztuaren 4an gertatutakoari lotuta, justizia ekartzearekin batera, arrakala bat zabal daiteke herrialdeko klase politikoaren zigorgabetasunean. «Hamarkadetan herrialdean agindu duen eta zigorgabetasunaren erregimena deitzen diogunaren aurkako gure borrokaren ikur bilakatu da ikerketa», dio Frangieh abokatuak. Haren esanetan, Libanon inoiz ez zaie konturik eskatu goi agintariei: «Ez zen halakorik egin 1980ko hamarkadan [gerra zibil betean] egin ziren gerra krimenetan, ezta ustelkeria kasuak egon direnean edo finantza krisian ere». Frangiehren esanetan, gaur, Libanoko herritarretatik gehienak porrot ekonomikoaren eta leherketaren erantzule den «erregimen kriminal baten» biktima sentitzen dira: «Gure itxaropena da leherketak eragindako hondamendi izugarria mugarri izatea, gizarte demokratiko eta justuago bat sortzeko, non agintariak euren krimenen erantzule izango diren».

Pobrezia

«Hasieran, hona etortzen nintzen eta lurrera jausten nintzen, negarrez», dio Jhonyk, gasolina zerbitzugune abandonatu bateko biltegi txiki bat erakusten duen bitartean. «Inoiz ez genion aurre egin horrelako egoera bati, halako une batean lehen lerroan jartzeak dakartzan sentimendu eta ezinegon guztiekin», azaldu du. Leherketa izan ta egun gutxira, erregaia banatzeko gune izan zen eraikineko hormek auzokoen esker ona islatu zuten: «Goiz batean, norbaitek hauxe idatzi zuen: Itxaropen handia eman diguzue garai ilunenetan. Zuen argiak jarrai dezala distira egiten».

Leherketatik harago, Libanoko herritarrek akituta egiten dute aurrera, bata bestearen atzetik doazen hondamendien artean. 2019ko urriko matxinadetan Libano hobe batekin amets egiten zuen indar iraultzaileak tokia egin dio bizirik irauteko borrokari, edo, kasurik hoberenetan, migrazioari. Etengabeko blokeo politikoak, finantzen gainbeherak, pandemiak, abuztuaren 4ko hondamendiak eta erantzukizunik ez egoteak krisia normaltasun berria den ustea zabaldu dute kaleetan. Bere mundua goitik behera apurtzen ari zela ikusita, Jhonyk eta beste hainbat auzokidek erabaki zuten Beiruteko Geitawi auzoko gasolina zerbitzugune abandonatua erabiltzea janaria eta botikak banatzeko.

Gutxik egiten dute ihes Libanoko gainbehera ekonomikotik: Munduko Bankuaren arabera, 1850etik munduan izandako finantza krisirik handiena da. Familien erosahalmena hondoratuz doa, hango diruak, dolarrarekin alderatuta, balioaren %90 galdu baitu, eta faktore horri, gainera, gehitu behar zaizkio oinarrizko produktuen inportazioari diru laguntzak kendu izana eta %200eko inflazioa.

Libanoko armada, gehiengo erlijioso desberdinetako lurraldeetan banatutako herritarrak eta euren artean liskartutako buruzagi politikoak batzen dituen instituzio bakarra, mahai gainean kolpeak ematen ari da oraindik ere. Armadako buru Joseph Aun aspaldian ari da ohartarazten matxinada egon litekeela soldaduen lan baldintza txarren eta gosearen ondorioz: «Nola manten dezake soldadu batek bere familia osoa hilabeteko 80 euro baino gutxiagoko soldatarekin?». Nazioarteko buruzagiek onartu dute soldaduei laguntzea, Libanoko segurtasunaren berme gisa ikusten duten armadak bere lanak utziko dituen beldur. 2021ean bakarrik, armada osatzen duten 80.000 militarretatik 3.000k utzi egin dute lana, soldata baxuengatik.

Libanon, hilabete amaierara heltzeko zailtasunak ustelkeriari lotuta doaz. Reutersen ikerketa baten arabera, bankuek eurentzat hartu dituzte NBE Nazio Batuen Erakundeak giza laguntzarekin lotutako proiektuetarako emandako 250 milioi dolar (210,4 milioi euro). Aldi berean, Suitzako Banku Nazionalak publiko egindako datuek erakusten dute Libanoko bezeroek Suitzan pilatutako diru kopurua bi heren handitu zela 2020an, orain arteko markak hautsiz. 1993tik Libanoko Banku Zentraleko gobernadorea den Riad Salame eta haren anaia Raja jomugan daude, eta Suitzako Fiskaltza biak ikertzen ari da, dirua zuritzen ari direlakoan. Bitartean, iazko abuztutik gobernua osatzeko gai izan ez diren politikariak zipriztindu ditu eskandaluak: inork ez du ahaztu 2019ko abenduan, Beiruteko kaleetan klase politikoaren aurkako oihuak nagusi zirenean, bederatzi politikari libanoarrek 2.000 milioi dolarreko (1.680 milioi euro) transferentzia bat egin zutela Suitzako kontu batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.