Koronabirusa

Soilik sintomadunak artatzeko protokoloa ezarri du Jaurlaritzak

Erositako antigeno test batean positibo ematen dutenei ez die egingo jarraipenik, sintomarik edo aparteko arazorik ezean, edo gaixo agiririk behar ez badute. Beste 10.037 kasu daude Hegoaldean

Jendea Donostian, testak egiteko ireki zuten gune batean, lehengo astean. GORKA RUBIO / FOKU.
Arantxa Iraola - Oihane Puertas Ramirez - Ion Orzaiz
2022ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun

Beste 10.937 COVID-19 positibo atzeman zituzten herenegun Osakidetzak eta Osasunbideak. Azken egunetan bezalaxe, goraldian daude datuak, eta instituzioak egoerari aurre egiteko protokoloak aldatzen ari dira. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak abenduaren 28an eman zuen azken aldaketen berri, eta, atzo Eusko Legebiltzarrean egin zuen agerraldian, Gotzone Sagardui sailburuak jakinarazi zuen ezarritako aldaketa horietan beste birmoldaketa bat egin zutela: soilik sintomadunak artatzeko protokoloa ezarri dute. Botiketan erositako antigeno testetan positibo emandakoek positiboaren berri eman behar zuten orain arte; propio horretarako atonduta zegoen online baliabide bat erabili behar zuten horretarako, baina orain ez dute positiboaren berri eman behar ere; horiek horrela, emaitza berresteko testik ere ez die egingo Osakidetzak. Hori bai, irizpidea da positibo horiek guztiek bakartu egin beharko dutela. Soilik sintomak badituzte edo zaurgarriak izateagatik arta berezia behar badute izango dute pazienteek osasun sistemaren berri. Probak egingo dizkiete gaixo agiria behar duten horiei ere.

Eusko Legebiltzarrean egin zuen agerraldian, Sagarduik adierazi zuen orain, «transmisio komunitario» betean, diagnostikoen «arintasuna» lehenetsi behar dela, eta horregatik aintzat hartuko dituztela antigeno testen bidez pazienteek atzemandako positiboak. «Lehen, PCR testak egitea hobesten genuen, baina, oraingo egoeran, antigenoen aldeko hautua egin dugu». Protokoloetan aldaketa gehiago ere izango direla iragarri zuen, zehaztapenik eman gabe. Adierazi zuen aldaketa horien bidez lehen mailako osasun artako lana «arindu» nahi dutela. Onartu zuen aldaketak eginda ere «tentsioa» agerikoa dela oraindik.

Oposizioko taldeek kontu hartu zioten, gobernuak ez duelako asmatu izurriaren seigarren olatu hau kudeatzen. EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak «arnasa luzeko» neurriak eskatu zituen: «Egiturazkoak». «Komunikazioan» finago aritzeko ere eskatu zuen. Alde horretatik, neurrien «koherentzia» ezinbestekoa dela esan zuen. «San Mames eta Anoeta» beteta ikusi, eta orain, adibidez, eskola kiroleko jardueretan umeei murrizketak ezartzeak irizpide horiek urratzen dituela kritikatu zuen. Elkarrekin Podemos taldeko Jon Hernandezek, berriz, esan zuen osasun sistema publikoaren egoera larriak «osasun sistema pribatua» indartuko duela, eta bide hori arriskutsua dela. «Egia da: egoera epidemiologikoa larria da, baina osasun sistema indartsuago batekin egoera hobea izan zitekeen».

Datuak

Atzo jakinarazitako positiboetatik 2.246 atzeman zituzten Nafarroan, eta 7.791 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, 3.770 diagnostiko proba egin zituzten atzo, eta horietako %59,6k eman zuten positibo. Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, 18.766 diagnostiko proba egin zituzten, eta testen %41,5 izan ziren positiboak.

Ospitaleen egoerari dagokionez, 1.188 pertsona daude ospitaleratuta Hego Euskal Herriko erietxeetan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan, esaterako, 796 pertsona daude erietxeko gela arruntetan, eta beste 142 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Nafarroan, berriz, 25 pertsona ospitaleratu zituzten atzo; horietatik hiru, ZIUetan. Nafarroan, denera, 250 gaixo daude COVID-19aren ondorioz ospitaleratuta; horietatik 31, ZIUetan. Nafarroako Gobernuaren arabera, atzo bi pertsona hil ziren koronabirusak jota. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ere eman ditu heriotzen datuak; lehengo astean 50 COVID-19 paziente hil ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, aurreko astean baino hamabost gehiago.

Txibiteren iragarpena

Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibitek datuen gaineko kezka azaldu zuen atzo. «Egoera konplikatzen hasia da», aitortu zuen. «Duela hamabost egun neurriak ezarri genituenean baino okerragoa da egoera orain; hortaz, datozen orduetan aztertuko dugu nondik jo. Oraingoz, ez dugu aukerarik baztertzen».

Lehendakariak azaldu zuen azken bi asteak ez direla «ohikoak» izan, eta ikusgai dagoela «normaltasunera bueltatu ostean» kutsatze kopuruak goia jo duen ala ez. Nabarmendu du Nafarroako ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan larri dauden gaixoen %60 txertatu gabe daudela, eta txertatzera deitu zuen: «Hori da gakoa, txertatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.