Korsikaren autonomia

«Bokazio historikoa» jokoan

Korsikaren etorkizun instituzionalari buruzko negoziazioak hasiko dituzte bihar. Simeonik «eskubide eta ahalbide osoko autonomia» nahi du; Frantziako Gobernuak oraindik ez du argitu bere jarrera

Yvan Colonnaren sostenguzko manifestazioa egin zuten Bastian (Korsika), iragan martxoaren 14an. O. TEYSEYRE KOSKARAT.
ander perez zala
2022ko uztailaren 20a
00:00
Entzun

Korsikaren autonomiaz ari denean, zertaz ari da zehazki Frantziako Gobernua? Autonomia legegileaz, egungoa baino autonomia handiagoaz ala deszentralizazio handiago batez? Are, Paris noraino iristeko prest dago?

Frantziako Gobernuak eta Korsikako ordezkari politikoek uhartearen etorkizun instituzionalari buruzko negoziazioak hasiko dituzte bihar, eta horiei buruz argi dagoen bakarra da ezer ez dagoela argi. Bi aldeek zera esan dute elkarrizketez aritzean: beharrezkoa dela «irtenbide politiko global bat» lortzea, eta prozesu horrek «bokazio historikoa» izateko aukera duela.

Horiek dira, behintzat, Parisek eta Aiacciuk negoziazioetarako jarri zituzten lehen oinarriak, iragan martxoan izandako bilkura sorta batean. Korsikako ordezkarien aldetik, zalantzarik gabe, bada horiek lortzeko asmoa eta konpromisoa; Frantziako Gobernuaren jarreraz, berriz, ziurtasunik eza da nagusi autonomisten eta independentisten artean, Gerald Darmanin Barne ministro eta negoziatzailea nahiko anbiguo mintzatu baita aferaz hilabeteotan.

2018ko oroitzapena ere ez da egokiena: Emmanuel Macron Frantziako presidentea Korsikan izan zen mugimendu nazionalistaren aldarrikapen historikoez aritzeko, baina bisita hori nahiko umiliagarria izan zen uhartekoentzat, agintariak ezezko borobila eman baitzien horiei, zalaparta handia eragin zuen hitzaldi batean. Harrez geroztik, bi aldeen arteko komunikazioa eta elkarrizketak ia etenda egon dira, eta soilik Yvan Colonna militante independentista ezagunaren heriotzak eta kaleko mobilizazioek aldarazi dute Frantziako Gobernuaren jarrera.

Finean, ezjakintasun puntu batekin iritsiko da bihar Parisera Korsikako ordezkaritza politikoa. 21 lagunek osatzen dute talde hori: besteak beste, Gilles Simeoni Korsikako Kontseilu Exekutiboko presidenteak, Marie-Antoinette Maupertuis Korsikako Asanbleakoak, ganbera horretako lau talde parlamentarioetako presidenteek eta uharteak Frantzian eta Europan dituen zazpi parlamentariek —lau diputatuek, bi senatariek eta eurodiputatuak—.

Politikari horiek guztiak hiru aldiz elkartu dira asteotan autonomiari buruzko negoziazioak prestatzeko, eta denek nahiko mezu baikorrak helarazi dituzte izan dituzten solasaldiez; adierazgarria da hori, mugimendu nazionalistaren zatiketa islatu baitzuten iazko Korsikako Asanblearako kanpainak eta bozek. Batez ere Jean-Christophe Angelini PNC Korsikako Nazioaren Alderdi autonomistaren buruzagi eta Avanzemu talde parlamentarioaren presidenteak iragan astean esandakoa da deigarria, Simeonirekin izan dituen desadostasunengatik: «Gogo oneko giro bat eraiki dugu. Aukeratu dugu bat egiten saiatzea».

Angelinik azaldu modura, Korsikako autonomistek eta independentistek prozesu «global eta osoki politikoa» nahi dute datozen hilabeteetarako, eta, beraz, ordezkaritzak erronka nagusi bat izango du horri begira: zatiketa politikoak gainditu eta jarrera komun bat erakustea Frantziako Barne ministroaren aurrean.

Izan ere, ordezkaritza politikoan autonomistak, independentistak eta eskuin jakobinoa baitaude, eta nork bere lehentasunak ditu. Baina, oraingoz, badirudi bat eginda mintzatuko direla Parisen aurrean; hala baieztatu zuen eskuin erregionalista eta jakobinoa elkartzen dituen Un Soffiu Novu talde parlamentarioko presidentekide Valerie Bozzik, esan baitzuen badela «borondatea puntu komunen inguruan izateko».

Hitzetatik ekintzetara

Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia iritsi da denentzat, eta Korsikako mugimendu nazionalistak argi du epe ertainera begirako prozesu bat abiatuko dutela bihar. «Denok berriz esan dugu gobernuaren partetik espero dugula bere jarrera argituko duela, argi esango duela prozesuak bokazio historikoa duela eta onartuko duela negoziazioaren perimetroetan jartzea Gerald Darmaninekin iragan martxoan sinatu nuena», adierazi zuen Simeonik joan den asteko bilkuraren ondoren.

Eta badirudi helburua zehatza dela ordezkari politiko guztientzat, Korsikako gobernuburuaren arabera: «Beha gaude ministroak onartuko duela autonomia oso baterantz goazela, edo, behintzat, horretarako asmoa duela; betiere, konstituzioaren erreforma batekin, eta egutegi finko batekin. Autonomia da gure engaiamendu politikoa, gure ideologia eta korsikarrek egunerokoan dituzten arazoei aurre egiteko irtenbide eraginkor eta pragmatikoa».

Colonnaren heriotzaren ondoren, Darmaninek esan zuen ez dela taburik izango, baina berehala jarri zituen bi marra gorri: «Korsika errepublikan» eta ezezkoa «herritarren bi kategoria sortzeari». Hau da, ez dagoela independentziarako aukerarik, ezta egoiliar estatusa sortzerik ere; azken hori mugimendu nazionalista osoaren aldarrikapen historikoetako bat da, eta asmoa dute afera negoziazio mahaian jartzeko, autonomiarenarekin, hizkuntzaren koofizialtasunarenarekin eta presoen egoerarenarekin batera.

Fa Populu Inseme autonomistaren talde parlamentarioko presidente Jean Biancuccik oroitarazi zuen modura, negoziazioek «ziurrenik hilabeteak iraungo dute, agian bi urte ere bai». Bihartik aurrera emango dituzte lehen pausoak, eta mugimendu nazionalistak espero du solasaldi horien bidez lortuko duela hamarkadotan eskatu duen «eskubide eta ahalbide osoko» autonomia, Simeonik hainbatetan adierazi duenez. Baliteke Korsika aurrekari bat izatea Frantziako Estatuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.