Albistea entzun

Euskal presoak

Ion Paroten eta Jakes Esnalen baldintzapeko askatasun eskaerak onartu dituzte

32 urte daramatzate preso Frantziako presondegietan. Esnalek egiten zuen bigarren askatasun eskaera zen, eta Parotena, seigarrena. Eragileek Frantziako eta Espainiako estatuei dei egin diete «bake prozesuan» inplika daitezen
Ipar Euskal Herriko hautetsi nagusiak, atzo, Euskal Hirigune Elkargoaren egoitzan egin zuten agerraldian.
Ipar Euskal Herriko hautetsi nagusiak, atzo, Euskal Hirigune Elkargoaren egoitzan egin zuten agerraldian. BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2022ko irailak 23 - Baiona

Ion Parot eta Jakes Esnal euskal presoen baldintzapeko askatasun eskaerak onartu ditu Parisko Dei Auzitegiak, Bakegileek jakinarazi dutenez. 1990eko apirilean atxilotu zituzten biak, beste lapurtar batzuekin batera, ETAren Argala komandoko kide izatea leporatuta, eta bizi guztiko kartzela zigorrera kondenatu zituzten. Parotek 2005etik zuen baldintzapean aske gelditzeko aukera, eta Esnalek, 2008tik; baina, orain arte, egin dituzten eskaera guziak ukatu ditu Frantziako Justiziak. Ondoko asteetan itzuliko dira Euskal Herrira, baina, ez dira osoki libre izanen. Baldintzapeko askatasunetan ohikoa den gisan, urte bateko proba izanen dute, eskumuturreko elektronikoarekin. Ondotik, baldintza zorrotzak bete beharko dituzte hamar urtez. «Ez da askatasuna», zehaztu du Maritxu Paulus Basurko abokatuak: «Ez da aski erraten, baina ez da askatasuna. Etxean beteko dute zigorra».

Hunkiturik mintzatu da BERRIAri egin dizkion adierazpenetan. «Biziki pozten gara baiezkoa eman dutelako. Ez da izan erraza». Erabakia «berandu» heldu dela eta kondena Espainiako Estatuan bete izan balute jadaneko libre izanen zirela erranik ere, alaitasuna azpimarratu nahi izan du: «Gaur pozteko eguna da. Hainbesteko ibilbide luzearen ondotik...». Frederic Haranburu Xistor 2020ko azaroan atera zen Lannemezango presondegitik, 30 urte baino gehiago presondegian pasatu ondotik; Esnalek eta Parotek presondegian 32 urte, bost hilabete eta hemezortzi egun iragan dituztela jaso dute baldintzapeko askatasun eskaeraren onarpena.

Paulus Basurkoren hitzetan, «kapitulu baten ixtea da». Hala ere, beste preso batzuen egoera oroitarazteko baliatu nahi izan du. «Frantziako Estatuan badira bizi guztiko zigorra duten beste preso batzuk, hala nola Mikel Karrera Sarobe, eta badira kondena biziki luzeak dituzten presoak ere, askatze data 2028-2030 artean dutenak. Kapitulu baten ixtea da, baina liburua ez da itxia».

Frantziari deia

Bakegileek eta Ipar Euskal Herriko hautetsi nagusiek agerraldia egin zuten atzo arratsaldean Parisko Dei Auzitegiaren erabakiari buruzko iritzia emateko. Beste batzuetan egin izan duten bezala, «zaintza talde bat» osatu zuten hautetsi talde zabalarekin, erabakia edozein izanik ere denen artean erantzuteko. Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria eta Filipe Aramendi Urruñako (Lapurdi) auzapeza arduratu ziren adierazpena irakurtzeaz. Erabakia txalotzeaz gain, abokatuek eta gizarte zibilak urtez urte «determinazio handiz« eramandako lana eskertu zuten. «Gure aburuz, erabaki honek Frantziako justiziak 2011z geroztik abiatu den bake prozesuaren inguruan duen ikuspegi aldaketa erakusten du».

Hautetsien hitzetan, erabaki horrek bidea erraztu behar dio presoen eta iheslarien auziaren eta gatazkaren ondorioen konponbide orokorrari. «Gaurkoan, Frantziako eta Espainiako estatuei ozenki dei egin nahi diegu, eta bake prozesuan aktiboki inplikatu daitezela eskatzen diegu, justizia trantsizionalari begirako dispositibo bat martxan jarriz. Horrek biktima guztien onarpena, beren eskubideen onarpena, egia eta gatazkaren iturrien identifikazioa bermatuko ditu», adierazi zuten. Gatazkaren konponbidea «elkarrizketaren bidetik» pasatuko dela berretsi zuten, eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteari bide hori errazteko eskatu zioten.

«Garaipen kolektibo baten ondorioa» dela adierazi zuen Anaiz Funosas Bake Bideko lehendakariak. «Frogatzen ari da Aietez geroztik urratzen ari garen bide hori bide emankorra dela, eta hortik segitu beharko dugula lanean». Adierazi zuen auzitegiaren ebazpenean berean Aieteko Konferentziatik izandako urrats esanguratsuak aitortzen dituztela: ETA zenaren armagabetzea eta deuseztatzea, hautetsiek azken urteetan izan duten parte hartzea... Epaileek «bake prozesua» terminoa erabiltzen dutela azpimarratu zuen Funosasek.

Hala ere, zehaztu zuen preso eta iheslarien auzia ez dela bukatu. Oraindik konpontzeko gelditzen diren kasuez gain, «iturrira» joateko beharra azpimarratu zuen. «Atzera begiratzeko mekanismoak atzeman beharko ditu, eta, hor ere, ariketa inklusibo eta kolektibo bat asmatu beharko dugu. Presoak eta iheslariak hemen izanen ez diren bitartean, biziki konplikatua izanen da ariketa hori egitea». Iragarri zuen hemendik aitzina hartuko duten bideaz gogoeta abiatuko dutela ondoko asteetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Josu Estarrona, Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Eusko Legebiltzarrak baztertu egin du bulego bat sortzea ustelkeriaren aurka

Gotzon Hermosilla

EH Bilduk egin du proposamena. EAJk eta PSEk uste dute araua «hobetzeko modukoa» dela
Bilboko Done Bikendi plazan egin zuten aurkezpena atzo, lehen Aberri Eguna amaitu zen lekuan, 1932an. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Aberri Egun bateraturako baldintzak jarri nahi ditu Euskal Herria Batera-k

Javi West Larrañaga

Apirilaren 8rako ekitaldi batera deitu dute Donostiako Miramar jauregian: «Batzen gaituen ekitaldi bat izatea nahi genuke, ez banatzen gaituena»

Atzo, Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan egindako ekitaldia. ©NAFARROAKO GOBERNUA

Nafarroari trafiko eskumena uztailaren 1etik aurrera itzuliko zaiola sinatu dute

Joxerra Senar

Txibitek azpimarratu du aldarrikapen historiko bati bide eman zaiola. Lau urte iraungo du trantsizio epeak, eta egun baino 149 foruzain gehiago beharko dira

Josu Estarrona, Eusko Legebiltzarrean. ©Endika Portillo - Foku

Legebiltzarrak baztertu du ustelkeriari aurre egiteko bulego bat sortzea

Gotzon Hermosilla

EH Bilduk egin du proposamena; EAJk eta PSE-EEk, berriz, esan dute egungo lege esparrua «hobetzeko modukoa» dela

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ekhi Erremundegi Beloki

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.