Gerra Ukrainan

Errusiak eten egin du arma nuklearrak kontrolatzeko AEBekin zuen ituna

Putinek argudiatu du Washingtonek eta NATOk ez diotela uzten armak ikuskatzen. Kremlineko buruak Mendebaldeari egotzi dio «gerra hasi izanaren erantzulea» izatea

Vladimir Putin, atzo, hitzaldia eman zuen agertokira iristen. DMITRY ASTAKHOV / EFE.
Igor Susaeta - Arantxa Elizegi Egilegor
2023ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Ikusmin handia piztu zuen Vladimir Putin Errusiako presidenteak herrialdearen egoerari buruz atzo egin zuen hitzaldiak. Zeren, urtero egiten duen aurren, aurtengorako data esanguratsu bat aukeratua baitzuen: Ukrainako inbasioaren aurreneko urteurrenaren bezpera. Dena den, ez zuen ia berritasunik ekarri, nahiz eta Mosku Mendebaldetik are gehiago urruntzen duen erabaki bat plazaratu zuen: Errusiak behin-behinean eten duela START Berria akordioa, arma nuklearrak kontrolatzeko AEBekin sinatua duten itun bakarra.

Ikusi gehiago:Txina: Errusiatik gertuago

Gainontzean, azken hilabeteotako argudioei heldu zien. Beraz, Mendebaldeko potentzien bizkar utzi du Ukrainako gerraren erantzukizun osoa, baita «bake elkarrizketek» huts egin izanarena ere. Errusiako Parlamentuko bi ganberetako kideen aurrean mintzatu zen goizean, ia bi orduz, eta ekitaldian izan ziren, besteak beste, Sergei Xoigu Defentsa ministroa, Dmitri Medvedev presidente ohi eta lehen ministroa eta Sergei Lavrov Atzerri ministroa. Ikusirik Mendebaldea Ukraina armaz hornitzen ari dela, ohartarazpen bat egin zien blokeko herrialdeei: «Errusia menderaezina da guda zelaian».

START Berria akordioa behin-behinean bertan behera utzi izana da, ordea, albistea. Azken 30 urteotan bi herrialdeen armagabetze nuklearrerako izan dituzten itunen artean azkenekoa da, indarrean dagoen bakarra. Errusiak eta AEBek sinatu zuten, 2010ean —duela bi urteko urtarrilean luzatu zuten, 2026ra arte—, eta helburua da bi potentziek mugak ezartzea beren arma nuklearren kopuruari. Kontrol neurri bat da azken finean, elkarri armak ikuskatzeko bidea ematen duena. Atzo, Putinek argudiatu zuen Washingtonek eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak ez dutela baimenik ematen armategi nuklearrak ikuskatzeko, eta gaineratu zuen AEBen, Erresuma Batuaren eta Frantziaren buru nuklearrak Errusiara begira daudela. Hori bai, baztertu egin zuen Errusia izango dela lehena eraso nuklear bat egiten.

AEBetako Estatu Departamentuak urtarril amaieran adierazi zuen, nolanahi ere, Errusiak ez zuela betetzen akordioan jasotakoa. Zehaztu zuen, hain zuzen ere, Moskuk ez zuela baimenik ematen bere armak ikuskatzeko. Kremlinek joan den abuztuan jada adierazi zuen bertan behera utzi zituela beren armategietan AEBak egitekoak ziren ikuskaritzak, argudiatuz Washingtonek oztopoak jarri izan zizkiola Moskuren ikuskaritzei.

Akordioan jasota dago, besteak beste, gehienez 1.550 jaurtigai nuklear izan ditzaketela bi herrialdeek, eta lurreko eta itsaspeko misil eta bonba jaurtitzaile nuklearren gehienezko zenbatekoa ere ezarria du: 700 unitate. Horrez gain, bi estatuei debekatzen die arma horiek beren eremuetatik kanpo ezartzea.

Horiek horrela, Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak ez zuen gogo onez hartu Putinen erabakia, eta Kremlineko buruari horri buruz hausnartu dezala eskatu zion. «Armak kontrolatzeko azpiegitura bertan behera geratu da. Arma nuklear gehiago eta kontrol gutxiago izateak arriskutsuagoa bilakatzen du mundua», nabarmendu zuen aliantza militarreko buruzagiak agerraldi batean, Dmitro Kuleba Ukrainako Atzerri ministroarekin eta Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomaziaburuarekin bildu eta gero.

Biden, Polonian

Joe Bidenek ia ez zien erreparatu ere egin Putinen hitzei Varsovian iluntzean egindako agerraldian. Herenegun Kievera joan eta gero, atzo Poloniako presidente Andrzej Dudarekin batzartu zen. Etxe Zuriko maizterrak adierazi zion inbasiotik urtebetera «inoiz baino indartsuago» dagoela NATO, eta jendaurrean azpimarratu zuen aliatuek Ukrainari emandako laguntza ez dela ahulduko. Abagunea baliatu zuen, hori bai, Kremlineko buruari ohartarazpen bat egiteko: «Errusiak ez du sekula garaipenik lortuko Ukrainan».

Polonian egon da Biden —iazko martxoan ere Varsoviara joan zen—, besteak beste AEBetako armadako 11.000 soldadu daudelako han eta, neurri handi batean, handik sartzen delako Ukrainari bidalitako material militarra.

Bestela, Errusia «bakearekin konprometitua» egon dela defendatu zuen Putinek atzo, eta Mendebaldearen elkarrizketetarako eskaintzak «gezur krudel bat» izan direla, «denbora irabaztera» bideratutakoak. «Gure esku zegoen guztia egiten ari ginen gatazka konplikatu hau modu baketsuan konpondu ahal izateko, baina oso bestelako testuingurua prestatu dute beste batzuek gure bizkar. Haiek [Mendebaldea] denbora irabazten ari ziren, hilketa politikoen aurrean begiak itxiz, eta haiengana sinesten zutenak engainatuz», salatu zuen estatuburuak.

«Ukraina eta Donbass gezurren ikur» bilakatu direla salatu zuen Putinek, eta Mendebaldeko herrialdeei egotzi zien «oinarrizko akordioak urratu» izana eta «modu hipokritan» jokatu izana, NATOri «aterki bat balitz bezala» inguratzen utziaz. «Berretsi nahi dut. Haiek [Mendebaldea] dira gerra hasi izanaren errudunak, eta gu indarra erabiltzen ari gara haiek gelditzeko».

Putinen esanetan, Mendebaldeak «lehiakide bat desagerrarazi» nahi du ekialdeko potentziei eraso eginez. «Tokiko gatazka bat nazioartekotu nahi dute», esan du. Horrek guztiak «Errusia indartsuago» bilakatu duela nabarmendu zuen, eta eskerrak eman zizkien Donetsk eta Luhanskeko gerrillariei «anai-arreben alde» borrokatzeagatik.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen aholkulari Mikhailo Podoliakek egotzi zion ez zuela irtenbiderik planteatu, eta ez duela proposatuko. «Jendaurrean erakutsi du nahastuta dagoela», idatzi zuen Twitterren. Eta Reuters berri agentziari esan zion «errealitate guztiz diferente batean» bizi dela Putin, eta hor ez dagoela elkarrizketa bat hasteko aukerarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.