Albistea entzun

Elkarri mokoka hasi dute urtea

Hego Euskal Herriko alderdiek eta gobernuek elkarri egindako eskaera, kritika eta kexu artean hasi da urte politiko berria. Udal eta foru hauteskundeak gero eta gertuago daude, eta norberaren indarguneak eta besteen ahulguneak agerian utzi nahi dituzte batzuek zein besteek.
Iñigo Urkullu, Gobernu Kontseiluaren urte politikoko lehen bileran.
Iñigo Urkullu, Gobernu Kontseiluaren urte politikoko lehen bileran. JAVIER ETXEZARRETA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2022ko irailak 7

Urte politikoari hasiera eman diote Hego Euskal Herriko talde parlamentarioek, elkarri mokoka egin ere. Begi bat jarria dute datorren udaberriko bozetan, eta bestea energia krisiaren eraginetan. Bitartean, gobernuei egindako eskaerak ere ez dira falta. Eusko Jaurlaritzak eskumenen eskualdaketa sustatzeko eskatu dio Madrili. Nafarroako Gobernuak, berriz, azalpenak eman beharko ditu maskaren auziagatik.

ENERGIA KRISIA

Hilabete «zailak» iritsiko direla adierazi zuen Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk Miramar jauregian, eta hark zein EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek «itunak» eskatu dizkiete gainerako indarrei. Zehazki, Jaurlaritzak bultzatutako Energiaren Kontingentzia Planaren etorkizuna bideratu nahi dute.

«Espainiako Gobernuak gehiago hitz egin behar du, gehiago hitzartu behar du, eta apalagoa izan behar da», esan zuen Ortuzarrek. Hitz horiek uda aurretik egindako eskaeren antza dute: Moncloari komunikazio falta egotzi zion EAJk, eta, ondorioz, bi aldeek 2019an adostutako akordioa ez betetzea.

EH Bildurentzat ere antzeko mezua, baina kritika zorrotzago batekin: «Bildu Madril style tokatzen zaigunerako. Bildu suabea eta akordio zale horri [akordio] bat eskaintzen diot, inoiz baino garrantzitsuagoa dena: nola egin Euskadik pausoak ematea jasangarritasun energetikorantz».

Laster erantzun zion EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik: «Euskal itunak? Bai, noski. Baina energia ituna ezin da Petronor eta Iberdrolaren nahien arabera egin». Otegik nabarmendu zuen halako zerbait erdiesteko ezinbestekoa litzatekeela itun «nazional eta estrategiko bat».

Koalizio subiranistak krisiari aurre egiteko «neurri estrukturalen eta erradikalen» beharra azaldu du, eta asmoa adierazi urte berrian burujabetzaren eztabaida «zentroan» jartzeko.

Elkarrekin Podemos-IUk ere energia krisia jarri du jomugan. Miren Gorrotxategi eledunak salatu zuen Jaurlaritzaren proposamena «azken 40 urteetan porrot egin duen ereduaren» jarraipena dela, eta «energiaren herri itun bat» eskatu zuen, «herriaren mesederako izango dena».

ESKUMENAK

Urkulluren urteko lehen hitzaldian ohiko bihurtu dira Gernikako Estatutuan jasotako eskumenen eskualdaketari egindako erreferentziak, eta aurtengoa ez da salbuespena izan. «Ez dago aurrerapen nabarmenik», kritikatu zuen lehendakariak Miramar jauregitik, eta «kezka» adierazi zuen Madrilen jarrerarekiko. Hala, iraila mugitzeko erabili zezala eskatu zion Espainiako Gobernuari. Izan ere, Ortuzarren ustez, legealdia amaitu aurretik bete behar dira adostutako transferentziak, ez baitago argi gero zer gerta daitekeen.

Moncloa hitz egiteko prest dago. Hala azaldu zuen asteburuan PSOEren Espainiako Kongresuko eledun Patxi Lopezek. Konponbidea zailagoa dela antzeman daiteke, baina, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren hitzetatik. Noticias de Gipuzkoa-n egindako elkarrizketan, Denis Itxasok azaldu zuen aldatzeko dauden eskumenetako batzuek «ahokadura oso zaila» dutela.

MASKAREN AUZIA

Pilar Irigoien Sodena sozietate publikoko zuzendari kudeatzailearen kargugabetzeak soka luzea eragin du Nafarroan. CEN Nafarroako Enpresarien Elkargoarekin 2020ko maiatzean maskarak erosteko egindako akordioaren nondik norakoak argitu dira, eta oposizioak gobernua egin du gastu handiaren arduradun. EH Bilduk Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontseilari Mikel Irujoren agerrialdia eskatu du. Navarra Sumak, berriz, Irujorena ez ezik, Osasun kontseilari Santos Indurainena eta Ekonomia eta Ogasun kontseilari Elma Saizena ere.

Saizen kasuan, aferari buruz hitz egitea tokatuko zaio behin baino gehiagotan. Izan ere, Nafarroako Gobernuko eledun izendatu berri dute, Javier Remirez presidenteordearen ordez. Gobernuak argudiatu du arlo ekonomikoak hauteskundeetara bitarte izango duen garrantzia dela aldaketaren arrazoia. Navarra Sumaren iritziz, Remirezenganako «konfiantza falta» da.

BARNE TIRABIRAK

Urte politikoaren hasierak alderdi eta koalizioen barne arazoak agerian uzteko ere balio izan du zenbait kasutan. Denbora aurrera doa, eta gero eta gutxiago falta da bozetarako. UPNk, PPk eta Ciudadanosek Navarra Suma osatu zuten azken hauteskundeetan, baina ez dago argi formula errepikatuko ote duten. UPNko presidente Javier Esparzak PPri egotzi dio koalizioa «aldebakarrez» hautsi izana. Hala, gainerakoekin biltzeko asmoa adierazi arren, azaldu du «loturarik gabeko proiektu bat» zuzendu nahi duela. Egoera horretan, Ciudadanos da akordioa berresteko asmoa argi azaldu duen bakarra. Alderdi hura garai zailak igarotzen ari da, eta Altsasuko Ospa Egunaren bezperan lortu nahi zuen iraganeko mobilizazioen sona. Ez zuen, baina, halakorik lortu.

Zaharrak berri Eusko Alkartasunan. Igandean ospatu zuten alderdiaren 36. urteurrena, baina, ospakizun gazi-gozoa izan zen, barne hausturak markatutakoa. Zuzendaritzak eta kritikoek ekitaldi bana egin zuten Gasteizen, elkarri eginiko kritika artean.

Gainerakoan, Donostia izan da nahasmen politikoaren hiriburua. Batetik, dimisioa aurkeztu zuen Elkarrekin Donostiako zinegotzi eta Ezker Anitza-IUko kide Haizea Garaik. Hark salatu zuen koalizioko eledun eta Ahal Dugu-ko kide Aitzole Aranetaren «jazarpena» jasan duela. Bestetik, PSOEko diputatu eta hiriko alkate ohi Odon Elorzak alkategai izateko asmoa adierazi du, zenbait alderdikideren harridura eraginez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Usansoloko herritarrek egindako mosaikoa. ©OSKAR MATXIN / FOKU

Bizkaiko 113. udalerria izateko azken urratsak ari dira egiten Usansolon

Iñaut Matauko Rada

Prozesuari buruzko erakusketa eta herri mosaikoa egin dute. Ondo bidean, urrian onartuko dute Bizkaiko Batzar Nagusiek desanexioa

 ©RAUL BOGAJO / @FOKU

«Gure ereduaren oinarrietako bat da printzipio komunitarioa»

Iosu Alberdi

Urtebete igaro da Espainiako Gobernuak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kartzelen kontrola Eusko Jaurlaritzaren esku utzi zuenetik. Estrategia berria fintzen ari diren arduradun nagusietako bat da Artetxe.
Etxerat-ek antolatutako mobilizazio bat, Donostian. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Salbuespena desmuntatzen hasi den urtea

Iosu Alberdi

Euskal presoen %68,5 Euskal Herriko espetxeetan daude, eta gradu progresioak jasotzen hasi dira. Foro Sozialak uste du azken urtean «aurrerapauso sendoak» eman direla

Iñaki Larramendi: belaunaldi baten azkenetakoa

Iñaki Larramendi: belaunaldi baten azkenetakoa

Julen Aperribai

Txillardegi, Albisu, Gantzarain, Benito del Valle eta beste zenbaitekin batera Ekinen sortzaile izandakoa hil da, 93 urterekin. EGIrekin erabat hautsi, eta ETAren eratze batzarra egin zuen belaunaldi hark, 1958an.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...