«Donostia salgai jarri dute»

Donostiako Udala azken legegintzaldian sustatzen ari den neurrien bidez «hiri eredu jakin bat inposatzen» ari dela salatuko dute bihar manifestazio batean, Donostia Defendatuz plataformak deituta. Hiriaren geroa «enpresa jakin batzuen» esku utzi dutela ohartarazi dute.

Amador Biteri eta Eihar Egaña, ezkerretik, eta Xabier Rubio, eskuinetik lehena, manifestazioa aurkezten, atzo. J. URBE / FOKU.
jokin sagarzazu
Donostia
2019ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Donostia zeharkatuko duen metro pasabidea, Añorga auzoan egitekoak diren beste saltoki handia; aspaldiko denda eta ostatuen ixtea; lau urtean 33 hotel berri zabaltzea eta turismora bideratutako etxebizitzen alokairuen ugaritzea; hirigintza ondare diren eraikinak botatzea; eremu naturalen artifizializazioa... Hori dena ahalbidetu duten erabakiekin, eta beste batzuekin, Donostiako Udala hiri eredu jakin bat «sustatzen eta inposatzen» ari dela salatuko dute bihar, 17:30ean, Easo plazatik abiatuko den manifestazioan. Donostia Defendatuz-ek deitu du mobilizaziora. Urte hasieran sortu zuten koordinakundea hainbat taldek, «kezka» batek bilduta: uste dute Donostiaren eta donostiarren «ondare sozialari, kulturalari eta naturalari» kalte egiten ari dela udala.

Talde bakoitzak aldarrikapen zehatzak ditu; baina, azaldu dutenez, askotan zail egiten zaie horiek gizarteratzea, eta horregatik batu dira. Eihar Egaña Bizilagunekin plataformakoa da. Horko kideak kezkatuta daude «hiriaren turistifikazioarekin». Haien eta beste taldeen aldarrikapenek «lotura» dutela azpimarratu du Egañak. «Bakoitzak jarraitzen du bere borrokarekin; bakoitzak dauka bere bidea; baina batzea bozgorailu bat da, eta izan daiteke modu bat heltzeko bestela iristea zail izango litzatekeen jende eta toki batzuetara».

Añorga auzoan udalak eraiki asmo duen merkataritza gune berriaren (Belartza 2) aurkako plataformakoek ere parte hartzen dute koordinakundean. Kide horietako bat da Eli —ez du abizenik eman nahi izan—. Haren ustez, gizarte mugimenduek «ezinbestekoa» dute batzea, eta, kasu honetan, «are gehiago». «Konturatu gara daukagun arazoa komuna dela: udalaren hirigintza politika. Eta horren baitan hartzen ari diren erabakiek eragina dutela guztiongan». Salatu du udalean ez dutela herritarren «interes orokorra» aintzat hartzen, «interes ekonomiko partikular eta jakin batzuk baizik». «Neurri horien bitartez, udalak finantzaketa lortzen du, eta diruaren truke jarri du hiria salgai». «Nik esango nuke saltzen ari direla urte luzez eraiki dugun gizartea, harremanak egiteko genuen modua», gaineratu du Dendartean elkarteko Amador Biterik.

Denek onartu dute Donostia ez dela salbuespena, «fenomeno zabal baten beste adibide bat» dela, baina azpimarratu dute prozesu hori Donostian «azkartu» egin dela azkenengo urteetan. Biteriren arabera, legegintzaldi honetan aldaketa sakon bat egon da EAEko erakundeetan, eta Donostiako Udala izaten ari da «aktore nagusia». «Ezagutzen genuen Gipuzkoak ez dauka batere zerikusirik egungoarekin».

Instituzioen jarreraren inguruan, Biterik ezbaian jarri ditu euren erabakiak «justifikatzeko» ematen dituzten azalpenak. «Gezurretan ari dira. Nola edo hala aberastasuna sortu nahi dute, baina aberastasun faltsu bat da hori: pertsona eta enpresa jakin batzuen mesedetan ari dira, ez herritarrenean».

«Isilpeko» erabakiguneak

Udala hartzen ari den erabaki askoren legezkotasuna zalantzan jartzen dute koordinakundeko kideek. Haietako batzuek jada jo dute beste instantzia batzuetara, auzitegietara bereziki. «Dagoeneko auzitara eraman ditugu hainbat erabaki, eta prest gaude beste leku batzuetara eramateko ere», azaldu du Haritzalde naturzaleen elkarteko Xabier Rubiok. Horietako batzuk «irabazi» egin dituztela nabarmendu du: «Herritarrek jakin behar dute gizarte mugimenduen bidez lor daitezkeela gauza asko», azpimarratu du.

«Udalak egiten duena fiskalizatzen dugu herri mugimenduok», erantsi du Elik. «Haiek erraza dute: denon dirua daukate. Gure diruarekin ordaintzen dituzte aholkulari eta abokatuak, eta horiek erabiltzen dituzte gure aurka egiteko ere bai. Guk nahi dugu urbanismo legezko, iraunkor eta parte hartzaile bat».

Koordinakundeak salatu du 2010. urtetik berritu gabe dagoela Donostiako Hirigintza Plana, eta, horren ordez, udala «bere kabuz» erabakiak hartzen ari dela, funtsean hirigintza plan bat osatzen dutenak edota indarrean dagoenari eragiten diotenak, «goitik behera». «Hartzen dituzten erabaki horietako asko udalera eramaten dituzte oso landuta eta atzera egin ahal izateko zirrikitu gutxirekin», salatu du Haritzaldeko kideak.

Udalaren «jarduteko modu hori» kritikatu du Belartzako merkataritza gune berriaren aurkako plataformako kideak ere. «Udaletik kanpo hartzen dira erabaki horiek, isilpeko erabakiguneetan, eta, gero, oharkabean pasatzen dira. Jakin badakite herritarren gehiengoak ez duela bat egingo, eta mantu bat jartzen dute gainetik edota eskura duten propagandarako makineria erabiltzen dute». Haren ustez, «aurrez planifikatuta eta engranatuta dagoen estrategia» bat da hori.

Bat dator horrekin Haritzaldeko kidea ere. Erabakiak arrapaladan hartzen ari direla dio, eta udala nahi ala nahi gabe makurtzen ari dela enpresa handien interesetara. «Moratoria moduko bat beharko litzateke; lasai hausnartzeko zer-nolako hiria nahi dugun. Orain hartzen diren erabakiak baldintzatzen ari dira hiriaren eta herritarron geroa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.