Saudi Arabiako koroaren bitxia

Saudi Aramco petrolio konpainiak inoizko irabazirik handienak izan ditu urteko lehen seihilekoan. Are gehiago: produkzioa handitu nahi du. Munduak gero eta erregai gehiago eskatzen duen honetan, Aramcok ez du nahi petrolioa atzean geratzerik. 2027rako 13 milioi upel ekoitzi nahi ditu egunean.

Khurais petrolio hobiko instalazioak, Saudi Arabian. AHMED AL-THANI / SAUDI ARAMCO.
Julen Otaegi Leonet.
2022ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Ekialde Hurbilean sobera harea egongo da desertuetan, baina, beherago, lur azpian, ondo gordeta daude munduko petrolio erreserben erdiak inguru. Saudi Arabia da zortedunik handiena: petrolio gehiena duten herrialdeetako bat da. Bigarrena, hain zuzen: 267.000 milioi upeletik gora ditu, munduko erreserben %16,2—lehen postua du Venezuelak, 300.000 milioirekin (%18,2)—. Gobernuak kudeatzen du Aramco, eta sarreren gehiengoa petroliotik datorkio. Arrazoiz da erregaia herrialdeko koroaren bitxia.

Munduan ekoizten den petrolio guztiaren %10 Aramco konpainiaren hodietatik pasatzen da. Ez da harritzekoa egungo enpresarik handiena izatea. 2,39 bilioi euroren balioa du. Zenbaki horrek atzetik zenbat zero dituen ez dakienarentzat: 2.390.000.000.000. Ia ezertxo ere ez.

Hainbeste botere ematen die petrolioak eta hark dakarren dirutzak Saudi Arabiako monarkia absolutuari, ezen gai den ahantzarazteko Jamal Khaxoggi The Washington Post egunkariko kazetariaren hilketa —2018an erail zuten, Saudi Arabiak Istanbulen duen kontsuletxean—. Uztailean Joe Biden AEBetako presidenteak herrialdea bisitatu zuen; hurrena Xi Jinping Txinako presidenteak bisitatuko du, datorren astean. Pandemia hasieratik atzerrira egingo duen lehen bidaia izango da.

Oraingoan, beste zerbaitegatik lortu du oihartzuna Aramcok: 2019an burtsara atera zenetik irabazirik handienak izan ditu. 86.500 milioi euro eskuratu ditu urteko lehen seihilekoan, iazkoan halako bi. Bigarren hiruhilekoa izan da oparoenetan oparoena: 47.630 milioi euro. Urte erdian iazko irabazi guztien ia %80 lortu du jada Saudi Arabiako konpainiak —108.200 milioi euro—.

Petrolioaren prezioaren gorakadak eta gero eta eskari handiagoak bultzada eman die salmentei. Badirudi Aramcok erraz gaindituko duela 2021eko jardunaldia —eta, hein batean, 2018koa. Inoizko irabazirik handienak izan zituen: 109.350 milioi euro—.

Gainera, petrolio ekoizpenaren aurreikuspenak gorantz doaz konpainiarentzat. Ozta-ozta ekoitzi zituen urtarrilean 10.000 milioi upel egunean; uztailean, 10.714 milioi.

Abuzturako, LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak 11.000 milioiko helmuga jarri dio. Bere historian birritan iritsi da halako produkziora. Bi hilabetez soilik; hain zuzen, 2018ko azaroan eta 2020ko apirilean. Oraingoan, baina, ez da hilabete bateko kontua izango. Petrolio gehiago behar da, eta gehiago behar izango da; hainbat hilabetez, eta agian 2023an, Aramcok maila horri eutsi beharko dio seguruenik.

Etorkizuneko asmoak

Saudi Arabiak ez du uste eskakizun horri erantzuteko arazorik izango duenik. Egun, gehienez 12 milioi upel ponpatu ditzake. Asmoa da 2027rako egunean 13 milioiko produkzio iraunkorra izatea. Behintzat urte eta erdi itxaron beharko du gehienezko produkzioa handitzen hasteko; 2024an hasiko da apurka, eta hurrengo urteetan abiadura hartuko du.

Nola aterako du Saudi Arabiak hainbeste urre beltz hain urte gutxi barru? Inbertsioak, inbertsioak eta inbertsioak. Petrolio erreserbak baditu, eta Aramco ez da beldur dirua gastatzeko petrolio hodien giltza irekitzearren. 2017an iragarri zuen denera 300.000 milioi inbertituko zituela hamar urtean.

Zuluf, Marjan eta Berri. Hobi horiek ia bikoiztu egingo dute produkzioa datozen urteetan. 20.000 milioi euro inbertituko dituzte horietan. Hiru hobien artean egunean 1,1 milioi upel gehiago aterako dituzte. Inbertsioen ostean, guztira 2,5 milioi ekoizteko gai izango dira.

Dena dela, Aramcok baditu petrolio hobi nahiko. Tartean, Ghawar hobia, munduko erreserbarik handiena (58.000 milioi upeletik gorakoa, 2018an). Handik ateratzen ditu egunero 3,8 milioi upel. Atzetik ditu Khurais hobia (1,5 milioi egunean), Sanafiya (1,3 milioi), eta Shaybah (milioi bat), besteak beste.

Horiek guztiak beharko ditu Aramcok petrolioaren goranzko eskariari erantzuteko. LPEEren arabera, 2022an, egunean 99,9 milioi upel behar ditu munduak. Hortik aurrera, munduak markak hautsiko ditu urtez urte. 2045ean, egunean 108,2 milioi upel izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.