Aitortza, ahanzturan ez jausteko

IACHRk ebatzi du Kolonbiako Estatua izan zela Union Patriotica alderdiko 6.000 kideren hilketaren erantzule; Erika Antequeraren aita da hil zituztenetako bat. 1984tik 2006ra bitartean hildakoen artean, hainbat diputatu daude, besteak beste. Antequeraren iritziz, ordea, «ez da justiziarik egin».

Union Patriotica alderdiko jarraitzaileak eta biktimak, urtarrilaren 30ean, Biktimen Oroimenezko Zentroan egindako ekitaldian, Bogotan. MAURICIO DUENAS / EFE.
Mikel O. Iribar.
2023ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Haurtzaroko oroitzapen lausoak ditu Erika Antequerak (Barranquilla, Kolonbia, 1978), baina ongi iltzatuta dauka memorian 1989ko martxoaren 3 hura. «Ostiral buruzuri bat zen, eta eskolatik etxera heldu berri nintzen. Irratian entzun nuen albistea, anaia gaztea alboan nuela. Lidergo eta izaera handia zuelako, eta ideia ezkertiarrak eta aurrerakoiak zituelako erail zuten nire aita», azaldu du telefonoz bestaldetik. Jose Antequera UP Union Patriotica alderdiko kidea izan zen; hura eta alderdiko beste 6.000 kide baino gehiago hil zituzten 1984 eta 2006 bitartean. «UPren aurkako genozidioa izan zen». Bada, itxaronaldi luze baten ostean, IACHR Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak Kolonbiako Estatua jo du orduko sarraskiaren erantzuletzat.

IACHRk urtarrilaren 30ean eman zuen ebazpenaren berri. Epaiak zehaztu duenez, estatuak egindako ekintzak «UPko kideen aurkako sarraski sistematiko baten parte izan ziren, eta jarduera horiek estatu eragileen parte hartzea eta agintarien tolerantzia izan zuten, gizateriaren aurkako krimenak izanik». 6.000 biktima horien artean daude, besteak beste, presidentetzarako bi hautagai, diputatuak, alkateak, zinegotziak eta militanteak. Haien kontrako hamaika kasu jasotzen ditu sententziak; hala nola hilketak, torturak, atentatuak eta bidegabeko judizializazioak.

Antequerak Madrildik jaso zuen zuzenean IACHRren ebazpenaren berri, han bizi baita duela 21 urtetik. Epaiaren irakurketa «oso hunkigarria» izan zen Barranquillakoarentzat. «Izan ere, ama honen guztiaren lekuko izatea nahi nuen, hark ikusi egin baitzuen nola hil zituzten UPko militanteak, banan-banan. Milaka alargunek merezi dute halako errekonozimendua».

Horrez gain, Antequerarentzat garrantzitsua izan da estatuak giza eskubideen urraketa haietan izandako erantzukizuna aitortzea ere, «Biktimok Batzorde Interamerikarrera jo behar izan genuen, Kolonbiako Justiziak atea itxi ondoren. Alvaro Uribe presidente ohiak [2002-2010] ez zuen inolako prestasunik erakutsi kasuak ikertzeko; are, ukatu egin zuen UPren aurkako genozidioa egon zela».

1984ko martxoaren 28an, Uribeko Bake Akordioa sinatu zuten FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak eta orduko gobernuko presidente Belisario Betancurrek, gerrillako kideek bide armatua utzi eta politikan parte hartzeko. Hain justu, itun horren bitartez eratu zen UP. 1986ko bozetan, UPk hirugarren indarra izatea lortu zuen, bipartidismoaren atarira heltzeraino.

UPren gorakadak, ordea, ez zion batere graziarik egin elite ekonomikoari. «UPk planteatzen zuena zen aberastasuna banatzea eta laborantzako erreforma egitea». Izan ere, Kolonbia «lau patroi aberatsek» gidatu izan dute beti. «Herrialdeko lurren jabe dira, eta naturaren ustiapenaz hornitzen dituzte munduko hainbat estatu. Hori da gatazkaren jatorria, benetako gaitza. Kolonialismoak klase arrakala eragin du». Hala, UPk herrialdearen norabidea aldatu nahi zuen. «Baina ez zioten utzi politika egiten». Nabarmendu duenez, historikoki, Kolonbian «traizio» egin diete bake prozesuei.

Antequerak gogorarazi du Latinoamerikako zenbait estatutan—Argentinan eta Txilen, adibidez— diktadura militarrak erabili behar izan zituztela disidentzia politikoak desagerrarazteko. «Kolonbian, berriz, gobernu demokratikoen menpe egin zuten. Gatazkak, bere osotasunean hartuta, sei milioi biktimatik gora eragin ditu. Holokausto baten dimentsioaz ari gara».

«Konfiantza» Petrorengan

Jose Antequera izan zen hil zutenetako bat. Haren alabak gisa honetara laburbildu ditu aitaren bizitza eta ibilbidea: «14 urte zituela sartu zen gazteria komunistan, eta, gero, 1970etik aurrera, Kolonbiako Gazteria Komunistako idazkari nagusia izan zen». Gazte egin zuen jauzi alderdi komunistara, UPko harreman politikoetako arduradun kargua hartzeraino. «Negoziatzaile petoa zen, eta gaitasun handia zuen gainerako alderdiekin adostasunak erdiesteko. Errespetatu egiten zuten». Hilketa baino bi egun lehenago egon zen azkenekoz aitarekin.

IACHRk betebehar hauek zehaztu dizkio estatuari; besteak beste, hilketa kasu guztiak berriz irekitzea eta gehienez ere bi urteko epean amaitzea; nazioarteko erantzukizuna aitortzeko ekitaldi publiko bat egitea; UPren biktimak oroitzeko egun nazional bat ezartzea; alderdiaren aurkako sarraskiari buruzko dokumental bat egitea; eta biktima bakoitzari kalte ordainak ordaintzea.

Estatua erruduntzat jo arren, Antequera ahobizarrik gabe mintzatu da: «Ez da justiziarik egin». Honela arrazoitu du: «Esku beltza duena da erantzule nagusia, eta, izen-abizenak dituen arren, ez dute zigortuko; ez dugu kartzelan ikusiko». Haren iritziz, «zaila izango da zauriak ixtea».

Hori bai: «konfiantza» du Kolonbiako presidente Gustavo Petrok gidatutako gobernuarengan, biktimei aitortza egingo dielakoan. Erabateko bakea lortzeko proposatutako legearen harira, berriz, gogoeta hau egin du: «Itxaropentsu izan behar dugu sufrimendua atzean uzteko. Erabateko bakea lortzeko, denbora beharko dugu, baina garrantzitsuena da lehen pausoa ematea, eta hori Petrok egin du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.