Aurrekontuetan «traba» ez izateko eskatu dio Mendiak oposizioari

Erkorekak uste du lor litekeela kontuen inguruko akordioa Espainian bozak aurreratu beharko balira ere, «horrek lagunduko ez lukeen arren»

Idoia Mendia, PSE-EEko legebiltzarkideen aurrean egindako agerraldian, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
gotzon hermosilla
2019ko irailaren 11
00:00
Entzun
EAJren buruzagi Andoni Ortuzarrek bezperan egin bezala, PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak ere lotu ditu Espainian gobernua lortzeko ezintasuna eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aurrekontuei buruzko negoziazioa. Beldur da Espainiako blokeo egoera euskal erakundeetara ere hedatuko ote den, eta «traba» ez izateko eskatu dio oposizioari: haren ustez, baliteke «Espainian gobernu progresista eragozten ari direnek Euskadin ere traba egitea».

Mendiak PSE-EEren legebiltzarkideei zuzenduriko hitzaldian egin ditu adierazpen horiek. Sozialisten idazkari nagusiak berretsi du «prest» daudela aurrekontuak oposizioko talde guztiekin negoziatzeko, «salbuespenik gabe», eta erantsi du saiatuko direla aurrekontu horien «onurak» gainerakoei ikusarazten.

Mendia ez da Ortuzar bezain ezkor agertu hauteskunde giroak negoziazio horietan izan dezakeen eraginaz: «Urtebete inguru falta da Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako, eta, beraz, alderdiek erakutsi behar dute baliagarriak direla eta eragiteko gaitasuna dutela». Mendiaren ustez, horrek samurrago egin dezake aurrekontuak aurrera ateratzeko prozesua.

Edozein modutan, datozen hilabeteetako jarduera politikoa «etengabeko hauteskunde kanpaina» bat bilakatzeko arriskuaz ohartarazi die alderdiei: «Bakoitza libre da egoera politikoa blokeatzen saiatzeko, baina jakin behar du ez duela bestelako gehiengoak sortzeko gaitasunik».

Zirriborroa, urriaren 29an

Eusko Jaurlaritzan ere beldur dira, ea Espainiako Gorteetarako hauteskundeak berriro egin beharrak zer-nolako distortsioa eragin dezakeen aurrekontuen negoziazioan. Halere, ez daude denbora galtzeko prest, eta, Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak esan duenez, «aurrekontuen zirriborroa amaitu bezain pronto» jarriko dira harremanetan oposizioko alderdiekin, «hauteskundeak egon ala ez». Zirriborroa urriaren 29ko Gobernu Kontseiluan onartzea espero dute.

«Legeak ezarritako egutegiari eutsiko diogu», esan du Erkorekak: «Azaroaren 10ean hauteskundeak egiteak ez luke hori baldintzatuko». Jaurlaritzak espero bezala aurrekontuen egitasmoa urriaren 29an onartzen bada, eta negoziazioak horren ostean hasten badira, hauteskunde kanpainan bete-betean sartuta egongo lirateke, betiere azkenean bozak errepikatu behar izatekotan.

Erkorekaren ustez, «begien bistakoa» da horrek ez lukeela «lagunduko», baina, hala ere, ez du uste kasu horretan negoziazioak azaroaren 10a igaro arte atzeratu beharko liratekeenik. «Hauteskunde giroan ere akordio politiko garrantzitsuak lor daitezke», esan du, gogora ekarrita aurreko kanpainaren hasieran lorturiko hitzarmena; transferentzien ingurukoa.

Edonola ere, Erkorekak uste du azaroaren 10etik aurrera ere «denbora» egongo litzatekeela aurrekontuen inguruan akordioa lortzeko, «baina Jaurlaritzak ez du bere erantzukizuna bertan behera utziko, eta bere egutegiari eutsiko dio».

EAJren BBBren presidente Itxaso Atutxak uste du Espainian gobernua osatzeko prozesuaren blokeoa gaindituz gero legebiltzarrean ere «agian» alda litekeela alderdi batzuen jarrera. Edonola ere, ez du uste aurrekontuak ez onartzea «hondamendia» litzatekeenik: «Ez da egoerarik onena, ez da nahiko genukeena, baina hondamendia ere ez litzateke izango». Zalantzak agertu ditu oposizioko alderdiek hartuko duten jarreraren inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.