Garapen orekatu baten bila

Eusko Ikaskuntzaren VIII. Kongresuaren barruan, garapen sozioekonomikoaren inguruko jardunaldi bat egin dute Bilboko Iberdrola dorrean. Gizarte orekatu baten bila eta ezberdintasunik gabeko lurralde baten bidean kontuan hartu beharreko irizpideak xehatu dituzte hainbat adituk.

Garapen sozioekonomikoaren inguruko hausnarketak biltzeko egin zuten batzarraren une bat, atzo, Bilboko Iberdrola dorrean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Zer-nolako etorkizun ekonomiko marraztu, eta lurraldeen arteko desorekak nola gainditu. Horra Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak atzo Bilbon plazaratu zuen kezka: «Bailaraz bailara alde handiak dauzkagu, eta horrek desorekak sortu ditzake; erne ibili behar dugu, ondoan duguna ez ikusteko arriskua baitugu». Ondoan dauden eskualde edo eremu geografikoen errealitate ekonomikoa edo sozioekonomikoaz ari zen. Eusko Ikaskuntzaren mendeurrenaren harira egiten ari diren VIII. kongresuaren laugarren jardunaldian egin zituen adierazpen horiek, garapen sozioekonomikoari lotutako egunean. Arlo horretako hainbat adituk zenbait hilabetez egindako eztabaidak eta hausnarketen ondorioak aurkeztu zituzten Iberdrola dorrean.

Esnaolak lurralde estrategien gaiari heldu zion, eta eskualdeen arteko desorekaz gain, hirien eta landa eremuaren arteko urruntzeaz ere hitz egin zuen: «Hiriguneak landa eremuari bere izaera onartu behar dio, eta ulertu behar du ezinbestekoa dela hiriari egiten dion ekarpena». Elikagaien ekoizle izateaz gain, natura ondasunari eusten dion eremua dela nabarmendu zuen. Baina hainbat arrisku ditu egun. Batetik, gazteak hirietan ari dira pilatzen, eta landa eremua maila berean ari da zahartzen. Bestetik, naturaguneei eragiten dieten proiektu ugari daudela ere aipatu zuen. Horregatik, lurralde antolaketa «barnerakoi» baten beharra aldarrikatu zuen, «barnerakoia izatea baztertzailea izatea baino merkeagoa» delako.

Lurralde antolaketaren ikuspegi makrotik gizartearenera gerturatu zuen fokua Joseba Zalakain SIIS dokumentazio eta ikerketa zentroko zuzendariak: «Gizarteko ezberdintasunak goranzko joera dauka mundu osoan, eta hemen ere berdin gertatu da krisiarekin. Baina ezberdintasun mota ugari daude; ekonomikoaz gain,politikoki eragiteko aukeran ezberdintasunak daude, baita arlo energetikoan ere. Gero eta ezberdintasun mota gehiago daude». Gainera, azken urteetan lanpostuek jasan duten prekarizazio prozesua ere nabarmendu zuen. «Orain arte, lanak duintasuna ematen zuela esaten zen», eta zalantza egin zuen orain horrela gertatzen ari ote den. Gazteak gero eta beranduago emantzipatzen dira horren ondorioz, «gurasoen etxetik joango balira pobreak liratekeelako». Gizarteak arlo sozioekonomikoan dituen zailtasun eta erronken jomugak jarri zituen horrela Zalakainek.

Sumatzen du gizartean herritarren babes handia dagoela horiei aurre egiteko, baina badaki babes hori «desorekatua» izan daitekeela. Euskal gizarteak berrikuntzarako duen gaitasuna ere azpimarratu zuen, sare sozial ekintzailea baitago bertan. «Eredu ekonomiko aldetik, gainera, ezberdintasun tasa horiek finantzatzeko aukerak daude».

Garapen orokor horretarako bidean, Tomas Arrieta Lan Harremanen Kontseiluko presidenteak enpresa eredu berri bat bilatzeko beharra aldarrikatu zuen. «Ez dakigu etorkizuneko enplegua nolakoa izango den, ezta zenbat lanpostu egongo diren ere»; baina ziurtatu zuen horiei aurre egiteko neurriak hartu behar direla. Enpresa iraunkorragoak eskatu zituen. Horretarako, besteak beste, sektore mailako hitzarmen kolektibo zabalak sinatu behar direla uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.