Azidoak salatu du isuria

EHUko ikertzaile batek egindako neurketen arabera, Bizkaiko hiru estuario nagusietako uraren pH-a «normala» da. Bada salbuespen bat: azidoago topatu du Bilboko batzuetan, Galindo ibaiaren inguruan. Isurien ondorio dela uste du.

Galindo ibaiak urak Bilboko itsasadarrera isurtzen dituen lekua, Barakaldo inguruan. M. RAMIREZ / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Batzuetan, Bizkaiko Galindo ibaian isuriak egoten dira. Hala ondorioztatu du Leire Kortazar EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Analitikoa Saileko ikertzaileak. Hiru urtean Bizkaiko hiru estuario nagusietako pH-a neurtu du tesirako. Eta Bilboko itsasadarrean, Galindo ibaiaren urak jasotzen dituen lekuan, normala den baino pH baxuagoa neurtu du azterketa batzuetan: 7 hidrogeno ioikoa. Uraren gazitasunaren araberakoa izaten da pH-a: itsasoan 8koa da, eta estuarioetan, 7,8koa. «Oso azidoa da ur naturala dagoen leku baterako», ohartarazi du.

Ozeanoek atmosferara isuritako CO2 karbono dioxidoaren parte bat xurgatzen dute. Nazioarteko hainbat ikerketak erakutsi dute gero eta azidotuago daudela, gero eta CO2 gehiago xurgatzen dutelako, atmosferara gehiago isurtzen delako. Estuarioetan, ordea, ez da hala gertatzen: hartu ordez, apur bat bada ere, estuarioek eurek isurtzen dute airera. «CO2-a azido bat da, eta, uretan disolbatzen denean, protoiak hedatzen ditu; ura azidotu egiten da, eta uraren pH-a jaisten da», zehaztu du. Oro har, Bilboko itsasadar osoan, ibaian hasi eta Abraraino, pH maila «normalak» neurtu dituzte hiru urteotan. Baita Galindo inguruan ere, batzuetan izan ezik. Horregatik uste dute desoreka horiek inguruan izandako isurien ondorio direla. «Galindo fabrika askotatik igarotzen da itsasadarrera iritsi arte. Edonon egon daiteke isuri hori». Galindok berak beste erreka batzuen ura jasotzen du. Horietara joateko asmoa dute orain, kutsadura zeinetatik datorkion topatzeko asmoz.

Kortazarren tesiaren asmoa, berez, ez zen isuriak bilatzea. Estuarioetako azidotasuna neurtzeko formulak sortu nahi izan ditu. Ozeanoetan, itsasoan, gazitasuna beti da bertsua: ur litro bakoitzeko 35-36 gramokoa. Eta itsasoaren pH-a neurtzeko formulak zehatzak dira. Ibaietan, berriz, 0,2 gramokoa da; geza da ura. Beraz, estuarioetan oso aldakorra izaten da gazitasuna, hainbat faktorek eragiten dutelako: mareek, uraldiek, tenperaturak... Hala, gazitasuna aldatuz joaten da. Aldakortasun horrek eragindako zailtasunak direla eta, ikerketa gutxi egin dira estuarioen azidotasuna neurtzeko. «Gure helburua izan da ibaietako 0,2 gramoko gazitasunetik itsaso zabaleko 35 gramoetara, estuario osoan baliagarri izango zaizkigun formula matematikoak sortzea». Eta lortu du. Horretan ibili dira azken hiru urteotan.

Hiru hilean behin joan izan dira laginak hartzera, urtaroen eragina ere kontuan hartu ahal izateko. Ez bakarrik Bilboko itsasadarrera; baita Plentziakora eta Urdaibaira ere. Bizkaiko hiru estuario nagusiak izan ditu ikerketarako leku. Guztira 57 lagin hartzen zituzten neurketak egitera joaten ziren aldiro. «Urdaibai hautatu genuen, biosferaren erreserba delako. Beraz, argi geneukan hango urak garbi topatuko genituela. Bilbokoa hautatu genuen, historikoki kutsadura itzela izan duelako; gaur egun zelan dagoen ikusi nahi genuen. Pentsatu genuen Plentziakoa bien arteko egoera batean egongo zela, baina ikusi dugu Urdaibaiko itsasadarraren pareko dagoela».

Berez, neurketa gehienetan, baita Bilbokoan ere, Urdaibain eta Plentziako itsasadarrean besteko azidotasuna topatu dute. «Galindoko salbuespen hori kenduta, hartu ditugun datuek ez digute atentzioa eman. Oraindik ez ditugu sakon aztertu; hori hurrengo hil eta urteetako lana izango da». Izan ere, Kortazarren esanetan, uraren azidotasunaren bilakaera aztertzeko urte askotan jarraian egin behar dira neurketak. Gutxienez hogei urteko azterketak behar direla uste du. Orain arte, bada, horretarako metodologia sortu eta finkatu du; aurrerantzean azterketak egitea izango da erronka.

Metal astunak

Azidotasunak badauzka arriskuak. Besteak beste, esan nahi du normala den baino CO2 gehiago isurtzen duela ur horrek. Horrenbestez, berotegi efektuari aurre egiteko beste oztopo bat izango da. Beste alde batetik, eragina du bioaniztasunean, arriskutsua delako muskuiluentzat. Karbonatoa behar dute oskolak sortzeko, baina, azidoarekin, karbonatoa bikarbonato bihurtzen da uretan. Beraz, deformazioak sortzen zaizkie muskuiluei, eta hilkortasun tasa «nabarmen» hazten da.

Bilboko itsasadarraren kasuan badu beste arrisku bat. XIX. mendeko industrializaziotik, inguruko industriaren zabortegia izan da ibaia. Kutsadura handia izan du. 1990eko hamarkadatik erruz aldatu da egoera: dagoeneko ez dago ia isurketariketa ur zikinen sistemari eta araztegiei esker urak garbitzea lortu da. Azken urteetan oxigeno gehiago du urak, eta azterketaz azterketa espezie berri gehiago topatu dira. Baina oraindik ere hainbat hamarkadatan isuritako metal astunak han daude, hondoan pilatuta, gogortuta.

Ezin daiteke dragatu, material horiek urarekin nahastuko lirateke eta. Baina kontuz, bestela ere badago arrisku hori: «Azidotzeak berak ere elementu horiek uretan disolbatzea eragingo luke. Itsasadarrean hedatuko lirateke, eta itsasora ere iritsiko lirateke. Kate trofikoan sartuko lirateke, eta geure gorputzera helduko lirateke jaten ditugun arrainen bitartez». Horregatik, ezinbestekoa iruditzen zaio Galindok dituen isuri horiek non gertatzen diren identifikatzea, metal astun horiek askatzea saihesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.