Albistea entzun

Ezetz esatea erabaki zutenak

Datorren asteazkenean 'Bi urte, lau hilabete eta egun bat' izeneko dokumentala aurkeztuko dute Donostian, Zinema eta Giza Eskubideen Erakustaldian. Intsumisio mugimenduari buruzko film bat da, soldadutzari uko egiteagatik Iruñeko espetxean preso egon zirenak gogoan.

Armadaren kontrako agerraldi bat, Bilbon.
Armadaren kontrako agerraldi bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2020ko ekainak 19

Ekainaren 24an izango da Bi urte, lau hilabete eta egun bat dokumentalaren aurrestreinaldia, Donostiako Antzoki Zaharrean, Zinema eta Giza Eskubideen Erakustaldian. Sarrera guztiak aspaldi amaitu ziren, filmak piztu duen jakinguraren erakusgarri. Intsumisioaren mugimenduaz dihardu dokumentalak, haren inguruko ertz ugari erakutsiz, baina Iruñeko espetxean preso egon zirenen lekukotasunak ardatz nagusi hartuta, eta intsumisioak interesa pizten du matxinada baketsu hura bertatik bertara ezagutu zutenengan zein belaunaldi berriengan, Espainiak soldadutzara joan beharra bertan behera utzi zuenetik 20 urte igaro diren arren.

Dokumentalaren ernamuina topatzeko, 2012ra jo behar dugu. Orduan eraitsi zuten Iruñeko espetxe zaharra, urte askoan Nafarroako intsumiso presoen zigor leku eta aldi berean intsumiso horien eztabaida, protesta eta konspirazio askotako sorburu izandakoa. Gaizka Aranguren kazetaria (Iruñea, 1967) izan zen haietako bat: «Jakin nuenean Iruñeko kartzela eraitsi behar zutela, baimena eskatu nion gaur egun ere Iruñeko alkate den Enrique Maiari, hara kamera batzuekin sartu eta irudi batzuk hartzeko. Alkateak berak hots egin zidan galdetzeko han barruan zer egin behar genuen, eta esan zidan: 'Baina, oraingoan, aterako zarete gero, ez?'».

Baimena lortuta, kartzela eraisten hasi ziren egun berean sartu ziren hara Aranguren eta beste zenbait intsumiso ohi, bideo kamera batzuk lagun: «Batzarrak egiten genitueneko patioko bazterrean egon ginen, gure ziegak bisitatu genituen... Gure bizitzaren parte izandako lekura itzultzen ari ginela sentitu genuen denok. Eta gure borroka gunera, kartzela borroka gune bilakatu baikenuen».

Duela urte batzuk, kutxa bat igorri zion Arangurenek Lander Garro idazle eta zinegileari. Prentsa artikuluak, intsumisoen batzarretako aktak, kartelak eta antzeko materialak zeuden kutxan. Eta 2012ko goiz hartan kartzelan grabatutako irudi horiek ere bai. Orduan hasi zen mamitzen material hori guztia erabiliz dokumental bat egiteko ideia.

Iruñeko kartzela da dokumentalaren ardatza, eta han egondako sei lagun Aranguren bera, Juan Kruz Lakasta, Jaxinto G. Viniegra, Iñigo Balbas Ruiz, Fernando Mendiola eta Antonio de la Cuesta Tonino Carotone, protagonista nagusietako batzuk. Izan ere, Espainiako Estatuak gogor erantzun zion milaka gaztek jotako erronkari, baina erantzun hori bereziki latza izan zen Nafarroan, eta dozenaka gazte sartu zituzten Iruñeko espetxean. Intsumisio mugimendu osoarentzat ikur bilakatu zen Nafarroako hiriburuko kartzela.

Hasieran, hamahiru hilabeteko zigorra ezartzen zieten soldadutza egiteari uko egiten zioten gazteei. 1991ko abenduan, ordea, legea aldatu zuten, eta zigorra emendatu zuten: dokumentalaren izenburuan agertzen den bi urte, lau hilabete eta egun bateko hori. Aranguren 1994ko urriaren 5ean sartu zuten kartzelara, eta 1996ko otsailaren 25ean atera zen: «Neure burua beti kokatu izan dut ezkerreko ikuspegitik herri subiranoa eraikitzeko lanetan. Hori eskatzen zidan gorputzak, bihotzak eta buruak. Intsumisio mugimenduan buru-belarri sartu nintzen konbentzituta nengoelako mugimendu antimilitaristaren beharraz, eta baita nire independentzia zaletasunak bultzatuta ere. Nik ez nuen inor hiltzen ikasi nahi, eta, batez ere, ez nuen Espainiaren alde inor hiltzen ikasi nahi».

Bestelako ahotsak

Baina dokumentalaren ardatza Iruñeko espetxea eta han egondakoak badira ere, Bi urte, lau hilabete eta egun bat ez da horretan gelditzen. Bestelako ahotsak ere badaude. Adibidez, Pepe Beunzarena, Espainian egon zen lehen intsumisoarena 1971n egin zion uko soldadutzara joateari, eta hiru urte eman zuen espetxean. Eta, batez ere, emakume ahotsak jasotzen ditu dokumentalak: mugimendu antimilitaristako kideenak, intsumisoen amenak, beste esparru batzuetan jarrera intsumisoen aitzindari izan zirenenak.

Mabel Cañada (Bilbo, 1952) mugimendu bakezale eta antimilitaristan murgilduta egon zen 1970eko hamarraldiaren hasieratik, Bizkaian, eta hurrengo hamarkadan Lakabe herri okupatura (Nafarroa) bizitzera joan zenean, Nafarroako mugimendu anti- militaristarekin bat egin zuen: «Kultura patriarkalak zerikusi handia du militarismoarekin. Egitura militarra oso hierarkikoa da, oso matxista, oso arrazista. Soldadutzak ez zigun zuzenean eragiten emakumeoi, baina horren atzean dagoen munstrokeriak bai. Militarismoa jendartetik erauztea guztiz bat dator feminismoarekin».

Baina, atzera begiratzeaz gain, orainaldiari eta geroari ere so egiten dio dokumentalak, eta intsumisioaren arrastoa bilatzen du gaur egungo zenbait gizarte mugimendutan; Kataluniaren burujabetzaren aldeko borrokan eta errefuxiatuei abegi egiten dieten herritarren jardueran, adibidez.

Arangurenek oso argi dauka intsumisioaren praktika eta oro har desobedientzia «etorkizunerako tresna» izan daitekeela: «Ondo dago belaunaldi berriei gogoraraztea zenbait jendek beren bizitzaren parte bat eman zutela beraiek soldaduskatik pasa ez zitezen, eta ohartaraztea gauzak borroka eginez lortzen direla, baina hori baino inportanteagoa da kontzientziak piztea: bertzelako mundu bat posible da, eta hori lortzeko tresna eraginkorrenetako bat desobedientzia zibil ez-bortitza da. Dokumentalaren bidez hori lortzen badugu, niri bost gazteek ez badakite zer gertatu zen Iruñeko kartzelan duela 25 urte».

Mabel Cañadak «leku askotan» ikusten du intsumisioaren izpiritua, «hezkuntza sistema alternatiboetan, feminismoan eta, oro har, bizitzeko beste modu bat bilatzen duten ahalegin guztietan. Ez dugu gerrekin, gosearekin, feminizidioarekin eta indarkeriarekin kolaboratu nahi: beste zerbait eraiki nahi dugu».

Labrit Multimediak eta Izar Filmsek ekoitzi dute filma, eta BERRIAk babestu du. Zenbait zinemalditan egongo da ikusgai, eta, gero, asmoa da udazkenean euskal hiriburuetan aurkeztea.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Sendagileek Donostia ospitalearen aurrean egindako protesta, atzo. ©GORKA RUBIO / FOKU

Sendagileek adierazi dute Eusko Jaurlaritzak ez diela erantzun beren deiei

Arantxa Iraola - Gotzon Hermosilla

Elkarretaratzea egin dute Donostia ospitaleko atarian. Urkulluk uste du aferan «beste interes batzuk» egon daitezkeela. Oposizioak gogor kritikatu du egoera

Andre bat autobusera sartzen, maskararekin. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Hegoaldeko garraio publikoetan maskara erabili beharko da oraino

Oihana Teyseyre Koskarat

Espainiako Gobernuak ez ditu neurriak kenduko adituek «kontrakorik erraten ez duteno». Bronkiolitisak gora egin du Baionako ospitalean
Bilketa eguna, Basaurin. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Gizartearen erantzuna eskertu du Elikagai Bankuak

Olatz Silva Rodrigo

2019ko datuak gainditu dituzte Hegoaldean. 77.000 lagunen artean banatuko dute emaitza.

Baionako Hazkurri Bankuaren urteko bilketa. ©Iñaki Etxeleku - Iparraldeko Hitza

Herri elkartasun premiatsua

Iñaki Etxeleku - Iparraldeko Hitza

Urteko bilketa egin berri du Lapurdi eta Baxenabarreko Hazkurri Bankuak. Iaz baino doi bat gutiago bildu badu ere, araberan beste lekuetan baino gehiago eman du bertako jendeak. Beharrak emendatuz doaz

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.