Gerra Hotza ala elkarlan hotza

Hiru hamarkada izango dira bihar SESB desegin zela, eta harekin Gerra Hotza. Baina berriz ere gora doa Moskuren eta Washingtonen arteko tentsio militarra, Ukrainan. Hala ere, Euren taldeko adituek uste dute posible dela EBren eta Errusiaren arteko lankidetza pragmatiko bat.

Vladimir Putin Errusiako presidentea urte amaierako prentsa agerraldian, atzo, Moskun. YURI KOCHETKOV / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin zenetik 30 urte beteko dira bihar. 1991ko abenduaren 25ean, blokearen amaiera iragarri zuen Mikhail Gorbatxov SESBeko lehen eta azken presidenteak telebista bidezko hitzaldi batean, eta Kremlinen jaitsi egin zuten mailu eta igitaidun bandera gorria; haren ordez jarri zuten hiru kolorekoa, Errusiako Federazioarena.

Aspaldiko kontuak direla pentsa dezake zenbaitek, baina ez Vladimir Putin Errusiako presidenteak. SESBen disoluzioak behin betiko amaiarazi zuen Gerra Hotza, baina aldi horren osteko «erabaki politiko okerrek» gaur arteko eragina dute, Putinen esanetan. Ukrainako krisiaren muineraino. Adierazi du Washingtonek euforiak itsututa jokatu duela, eta Errusiaren segurtasun interesen kontra ekin diola NATOren presentzia Europa ekialdean hedatzeari. Mendebaldeak, berriz, Moskuri egotzi dio SESBeko parte izan ziren baina orain independenteak diren herrialdeen gaineko erabakiak hartu nahi izatea. Ukrainak NATOrekin bat egin nahi badu, hori erabaki subiranoa dela ohartarazi dute AEBek, eta Errusiak ez duela zeresanik gai horretan.

Moskuren eta Washingtonen arteko tentsio gorakada horretan, eta Txinaren eta AEBen arteko lehia geroz eta pisu handiagoa hartzen ari dela, eztabaida piztu da: beste Gerra Hotz bat al da hau? Ivan Timofeev politologo eta RIAC Errusiako Atzerri Gaien Kontseiluko Programa zuzendariaren iritziz, AEBen eta Errusiaren arteko harremanak «etapa berri batean» daude, eta alde garrantzitsuak ditu SESBen garaikoarekin. «Desberdintasun bat da AEBek eta Errusiak ez dutela ideologia lehia bat. Aurreko Gerra Hotzean, eredu komunistaren eta sozialistaren, eta, esan dezagun, liberal baten arteko lehia zegoen. Era berean, bazen sistema ekonomikoen arteko lehia bat ere. Orain ez da halakorik. Errusia estatu kapitalista bat da, merkatu ekonomia bat du; ez dago lehia filosofikorik». Gaineratu duenez, Errusiak ez du ideologiarik sustatzen munduan. «Errusiako politika pragmatikoa da, errealista». Hala ere, nabarmendu du badela «norgehiagoka bat atzerri politikaren arloan», segurtasunari lotua. «Lehia desberdina da, baina arriskutsua. Gerra Hotza amaitu zenean, arintze fase batean geunden, eta orain pixkanako gorakada batean gaude berriro».

Txinaren eta AEBen arteko lehian Errusiak duen jarrerari buruz, politologoak uste du Mosku ez dela norgehiagoka horren parte. «Baina denbora gutxian lehia bipolarra bihur daiteke —Txina eta Errusia batetik, eta AEBak eta haien aliatuak bestetik—, polo askotarikoa baino gehiago». Timofeeven iritziz, Moskuren eta Pekinen arteko harremanak «oso onak» dira, «Gerra Hotzaren azken urteekin alderatuta», baina «aliatu izatetik urrun» daude. «Ez dute legez loteslea den inolako akordiorik, esaterako, AEBei eta haien aliatuei militarki eusteko». Ondorioz, Errusiak «jarduera diplomatikorako tarte handia» du, bere lehentasun nazionalen arabera jokatzeko. Timofeevek ez du espero laster Errusiaren eta Txinaren arteko lankidetza «aliantza» bihurtzea. Hala ere, «elkarlan» hori handitzea «bi herrialdeen interesekoa» dela ziurtatu du, «biak daudelako murgilduta AEBekiko lehian».

EB eta Errusia, 2030ean

EB Europako Batasunarekiko harremanei dagokienez, Timofeevek azaldu du Errusiarentzat zaila dela EB «nazioarteko ordenan eragile independente gisa irudikatzea». Ez du ikusten «garatutako botere baten» moduan. «Botere ekonomiko bat den arren, ez da botere politiko-militar bat, AEBak eta Txina bezala. Ez dago argi zer garrantzi izan dezakeen mundu multipolar batean».

Hala ere, Errusiaren eta EBren arteko harremanek hamarkada honetan izan ditzaketen bilakaera posible batzuk irudikatzeko ariketa egin du EBko eta Errusiako aditu sare misto batek. EB-Errusia harremanen etorkizuneko alternatibak 2030ean izeneko txostena ondu du Euren taldeak, EBk Errusian duen ordezkaritzak eta Errusiako Nazioarteko Gaien Kontseiluak elkarrekin sortutakoak. Lan horren egileetako bat da Timofeev. Adituen iritziak askotarikoak diren arren, eztabaidaren zenbait ondorio bildu dituzte txostenean. Lau jokaleku posible irudikatu zituzten: balio komunetan oinarritutakoa, aldeak gerrarako zorian leudekeena, anarkiarako gainbehera eta elkarlan hotza. Adituen gehiengoak azken hori jo zuen denetan gertagarrientzat hamarkada amaierarako. Klima larrialdia, digitalizazioa eta ekonomia jo dituzte elkarlanerako eremutzat.

EBren eta Errusiaren harremanek hobera egin dezaten, adituek uste dute bakoitzaren barne bilakaera izango dela gakoa. EBk bloke kohesionatu bat izatearen garrantzia azpimarratu dute, eta Errusiak hainbat erreforma bultzatzearena. «Errusia interesatuta dago ekonomiaren modernizazioan, kudeaketa eraginkorragoa lortzeko hobekuntzetan eta estatu zuzenbidea indartzean». Taldeko adituen gehiengoak ez bezala, Timofeevek ez du uste erreforma horiek erabakigarri izango direnik. «EBrekiko harremanak ez baitira Errusiaren barne egoeraren araberakoak, baizik eta atzerri politikan dituzten interes kontrajarrien menpekoak».

Hain justu, adituek ez dute espero segurtasunean dituzten desadostasunak gainditzea 2030erako, eta Ukrainako krisia nabarmendu dute erronka nagusi gisa. «Irtenbide diplomatikoa lantzen ari dira, ez baitago irtenbide militarrik. Hala ere, diplomaziaren porrota da ikusten ari garena. Ukrainak ez du Minskeko akordioa bete nahi, eta Europak ez ikusiarena egiten du horren inguruan». Timofeeven iritziz, Errusiaren eta NATOren arteko akordio lotesle bat litzateke irtenbidea. «Aldiz, NATOk ez du halako bermerik eskainiko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.