Erreskatatu dituen etorkin denak lehorreratu arte, GKE batek ez du alde egingo Italiatik

Italiako Gobernuak onartutako dekretu bati jarraikiz, azken egunetan migratzaileen bi porturatze selektibo egin dituzte, zaurgarrienekin

Migratzaile batzuk, herenegun, Humanity One itsasontzian. EFE.
Igor Susaeta.
2022ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Ostiralean, Italiako Gobernu eskuin muturrekoak dekretu bat onartu zuen, eta, haren arabera, Mediterraneo itsasoan erreskatatutako migratzailerik zaurgarrienak soilik porturatu ditzakete GKE gobernuz kanpoko erakundeek. Hortaz, Alemaniako SOS Humanity GKEaren Humanity One itsasontziak 144 migratzaile porturatu zituen herenegun Catanian —andrazkoak eta adingabeak gehienak—, baina 35 ontzian daude oraindik. Eta, atzo, MSF Mugarik Gabeko Medikuak taldeak 357 etorkin porturatu zituen leku berean, baina 215 migratzaile daude oraindik GKEaren Geo Barents ontzian —Norvegiako bandera du—.

Horren guztiaren harira, Matteo Salvini Italiako Azpiegitura ministroak atzo esan zuen EB Europako Batasunak ezin duela Italia «bakarrik» utzi, eta Italiako kostaldera iristen diren etorkinak «beste leku batzuetara eramateko» eskatuko diotela berriro Bruselari. NBE Nazio Batuen Erakundeak Europako herrialdeei esan zien «seguru eta azkar» lehorreratzeko modua eman ziezaietela Mediterraneoan zenbait ontzitan erreskatatuta dauden migratzaileei.

Italiako Barne Ministerioak atzo jakinarazi zuen aurten 88.100 migratzaile inguru iritsi direla herrialdeko kostaldera. Iaz, 55.700 inguru ziren, eta 2020an, 30.400 inguru. Kontuan hartu behar da, ordea, bi urte horietan indarrean zeudela COVID-19aren ondorioz ezarritako murrizketak. Europako Batzordeak Salviniri erantzun zion itsasoan erreskatatutako migratzaileak hartzeko «lege obligazioa» eta «eginbehar morala» duela Italiako Gobernuak. EBko Migrazio Komisariotzaren bozeramaile Annita Hipperrek gogorarazi zion, bide batez, ez dela Bruselaren erantzukizuna erreskate operazioen «xehetasunak koordinatzea».

SOS Humanityk jakinarazi zuen Italiako justiziaren aurrean helegite bat jarriko dutela gobernuak hartutako neurriaren aurka, argudiatuta «Europako legea eta errefuxiatuei buruzko Genevako Konbentzioa» urratzen dituela. «Izan ere, legez kanpokoa da bizirik iraun dutenetako batzuei soilik uztea lehorreratzen», azaldu du GKEak sare sozialetan. Haren ontziaren kapitain Joachim Ebelingek uko egin dio agintariek esandakoa betetzeari, eta, atzo, Till Rummenhohl erreskate operazioaren arduradunak kazetariei adierazi zien ez direla atzera itsasoratuko ontzian dauden migratzaile guztiak porturatu arte.

Salvinik, Matteo Piantedosi Barne ministroak eta Guido Crosetto Defentsa ministroak sinatu zuten dekretua joan den ostiralean, eta, hark dioenez, zaurgarrienak lehorreratu ondoren itsasontziek alde egin beharko dute Italiako uretatik. Dekretu horrek, hain zuzen, Salvinik, 2018 eta 2019 bitartean Barne ministro zela ezarritako doktrinari erantzuten dio: Mediterraneo itsasoan migratzaileak erreskatatzen zituzten atzerriko gobernuz kanpoko erakundeen ontziei debekatu egin zien Italian etorkinekin porturatzea. Eta, duela bi aste, Salvinik berak adierazi zuen gobernuak politika hori aplikatu asmo zuela aurrerantzean ere.

Italiako uretan migratzaileak daramatzan beste itsasontzi bat dago oraintxe: Alemaniako Mission Lifeline GKEaren Rise Above ontzian, Mediterraneoan erreskatatutako 89 etorkin daude, Cataniako portutik gertu. Atzo, sei pertsona atera zituzten ontzi horretatik, osasun arrazoiak zirela medio. SOS Mediterraneeren Ocean Viking ontzia nazioarteko uretan dago, Italiakoetatik oso gertu, eta 234 migratzaile daramatza.

'Aita Mari', oraingoz ez

Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEak erabaki du Aita Mari itsasontziaren misioa «behin-behinean» atzeratzea, Castelloko Itsas Kapitaintzak (HerrialdeKatalanak) hala eskatuta. Euskal Herriko GKEak ohar batean azaldu duenez, kapitaintzakoek esan diete itxarotea komeni dela Italiako Gobernuaren jarrera «hobeto» zehaztu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.