Mayren dimisioak norabiderik gabe utzi du 'brexit'-a

Erresuma Batuko lehen ministroak ekainaren 7an utziko du boterea. 'Tory'-ek uztail bukaeran izendatuko dute ordezkoa. Dublinek ohartarazi du ez dela berriz negoziatuko ituna

May negarrez, atzo, Downing Street-en. NEIL HALL / EFE.
mikel rodriguez
2019ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
«Ahal dudan guztia egin dut parlamentariak konbentzitzeko akordio hori [brexit-arena] babestu zezaten. Ez naiz gai izan. Hiru aldiz saiatu naiz. Uste dut ongi egon dela ez etsitzea, baita arrakastarako aukerek txikiak ziruditenean ere. Baina orain argi dut herrialdearen interesentzat onena dela bertze lehen ministro batek zuzentzea ahalegin hori». Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak atzo egin zuen adierazpenaren zati horrek ongi laburbildu du azken hilabeteotan gertatu dena. Downing Streeteko 10. zenbakiaren atarian agerraldia egin zuen dimisioaren berri emateko. Malkotan bukatu zuen adierazpena. Mugaraino ailegatu da Mayk karguari eusteko erakutsi duen gaitasuna, atzerriko zenbait politikarik atzo goraipatu zutena eta arerioak hainbertze ernegatu dituena etxean. Ekainaren 7an utziko du kargua, eta jardunean jarraituko du gero, Alderdi Kontserbadoreak ordezkoa aukeratu arte. EB Europako Batasunarekin hitzartutako azken luzapenaren arabera, brexit-a urriaren 31n gertatzekoa da, eta prozesua erabateko noraezean gelditu da orain.

Komunen Ganberak hirutan erran dio ezetz Mayk eta EBk iazko azaroan egin zuten akordioari. Lehen ministroaren helburua zen laugarren aldiz bozkatzea, baina oraingoan Irteera Akordioaren lege proiektua soilik —batasuna uzteko baldintzak biltzen ditu, EBrekin etorkizunean eduki beharreko harremana aipatu gabe—. Jakina zen hagitz zail izanen zuela Komunen Ganberak oniritzia ematea, baina brexit-ari buruz bertze erreferendum bat egiteko aukera bozkagai paratzeko proposatu izanak akitu du alderdikideen pazientzia. Ezin izan die gaina hartu asteartetik atzo arte jasan dituen presioari eta babes galerari.

Hiru urte baino gutxiagoko epean dimisioa eman duen bigarren lehen ministroa izan da. David Cameron alderdikideak 2016ko ekainaren 23ko erreferendumaren ondoren eman zuen; izan ere, hark sustatu zuen galdeketa, baina defendatzen zuen aukerak galdu egin zuen. Haren ondorengo aukeratu zuten May, eginkizun zehatz batekin. «Beti sortuko dit atsekabe sakona brexit-a gauzatzeko gai ez izateak», adierazi zuen atzo.

Hagitz garai ezohikoan piztu da Mayren dimisioaren krisia, herenegun hauteskunde eguna izan baitzuten Erresuma Batuan. Eta ez edonolako hauteskundeak, Europako Parlamenturakoak baitziren, zeinak ez baitzekiten ziur eginen ote ziren ere, brexit-aren aferaren ondorioz, hilabete honetara bertara arte. Emaitzak bihar arratsean jakinaraziko dituzte, gainerako estatuetakoekin batera. Inkesten arabera, Brexitaren Alderdiak irabaziko du, eta tory-ek hagitz emaitza txarrak edukiko dituzte —laugarren indarra izanen direla argitaratu dute batzuek—, baina, hondoratzea berretsiko balitz, ez litzateke Mayren ardura izanen hori kudeatzea.

Boris Johnson, faborito

Izan ere, ekainaren 9tik aitzinera hasiko da Mayren ordezkoa aukeratzeko lehia Alderdi Kontserbadorean. Lehen ministroak berak jakinarazi zuen atzo. Graham Brady alderdiko 1922 Batzordearen buruarekin elkartu zen May; gobernuan kargurik ez duten parlamentariak biltzen dituen taldea da hori, eta harekin adostu zuen dimisioaren epea.

Alderdiko buruzagi berria lehen ministro izendatuko dute automatikoki, eta lehia gogorra izanen dela espero da. Boris Johnson Londresko alkate ohi eta Mayrekin Atzerri ministro izandakoak iragarri du hautagai izanen dela. Erreferendumean brexit-aren aldeko kanpainaren buruetako bat izan zen, eta gogor kritikatu izan du May EBren aurka jarrera gogorragoa ez izateagatik. «Urriaren 31n Europako Batasuna utziko dugu, akordioarekin edo akordiorik gabe», adierazi zion atzo Suitzako RTS telebista kateari. Erresuma Batuko hedabideen arabera, lehia irabazteko faboritoa da.

EBk nekatu arte errepikatu du Mayrekin azaroan itxi zuen ituna dela brexit ordenatu bat gauzatzeko bide bakarra. Alternatiba, Erresuma Batua akordiorik gabe joatea, bi aldeek orain arte eragotzi dute, inork ez baitaki ziur zer nolako ondorioak izanen lituzkeen —martxoaren 29an zen uztekoa, baina, Mayk ez zuenez parlamentuaren babesa, epea luzatzea onartu zion Bruselak—.

Corbyn, hauteskunde eske

Europako agintariak atzo ulerbera agertu ziren Mayrekin, eta akordioaren bidea lehenesteko eskatu zioten Londresi. Simon Coveney Irlandako Errepublikako Atzerri ministroa mintzatu zen gogorren. «Lehen ministro berri bat negoziatzaile gogorragoa izanen dela, EBri aurre eginen diola eta Britainiarentzat akordio hobe bat lortuko duela? EBk ez du horrela lan egiten», erran zion Newstalk irratiari.

Etxean, berriz, oposizioko lider nagusiak, Jeremy Corbyn Alderdi Laboristaren buruak, Mayren kudeaketa kritikatu zuen, nahiz eta «ulertzen» duen jasan duen «estresa». Corbynek helburu argi bat du: «Kontserbadoreen hurrengo liderrak herriari utzi behar dio herrialdearen etorkizuna erabakitzen, berehala hauteskunde orokorretara deituta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.