Pentsamendu aldaketa uhartean

Puerto Ricoko Gobernuak uhartearen estatusari buruzko erreferendum lotesle bat egin ahal izateko lege proiektua aurkeztu du lehen aldiz. Aukeretako bi dira AEBetako 51. estatua bilakatzea eta estatu independente bihurtzea. Washingtonen onartu behar dute, ordea, proposamena.

Ramon Emeterio Betances abokatu independentistaren aldeko mural bat, Laresen. JORGE MUÑIZ / EFE.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Aste honetan bertan Puerto Ricoko gobernadore Pedro Pierluisik AEBetako Kongresuari eskatu dio onar dezala erreferendum lotesle bat egiteko modua emango lukeen lege proiektua. Uztailean lehen aldiz aurkeztu zioten Washingtoni uharteko estatus politikoaren inguruko lege proiektu baten zirriborroa. Agintean den PNP Alderdi Progresista Berriak bultzatu du legea, AEBetako Alderdi Demokratako zenbait kiderekin batera. Hiru aukera jasotzen ditu proposamenak: AEBetako 51. estatua bilakatzea, estatu independentea izatea, edo orain arte bezala segitzea AEBetako Estatu Libre Elkartua izaten. Lege proiektuak aurrera egiten badu, badago data erreferendumerako: datorren urteko azaroaren 5a.

Hugo Rodriguez PIP Alderdi Independentista Puertorricarreko Programa idazkariak begi onez ikusi du egitasmoa: «Lege proiektuak bultzatutako kontsentsua txalotzekoa da, baina ikusteko dago zirriborroak AEBetako bi ganberen onarpena izango duen ala ez».

Izan ere, 2020an PNPk lege proiektu bat aurkeztu zuen uhartea AEBetako beste estatu bat bihurtu edo ez erabakitzeko. Erreferendum ez-loteslea izan zen, eta erdiek baino gehiagok (%52,2) bozkatu zuten AEBetako 51. estatua bihurtzearen alde. Parte hartzea %50,11koa izan zen.

Herritarren gehiengoaren babesa izan arren, AEBetako Ordezkarien Ganberak atzera bota zuen eskaria. Gainera, horrelakoek, Kongresuko behe ganberaren oniritzia ez ezik, Senatuarena ere behar dute, eta, kontuan hartuta errepublikanoek dutela Kongresuko goi ganberan gehiengoa, zaila izango du aurrera egitea. Errepublikanoak behin baino gehiagotan agertu dira egitasmo horien aurka. Horrez gain, AEBetan hauteskundeak egingo dituzte azaroan Ordezkarien Ganbera eta Senatua berritzeko, eta horrek ere eragingo du Puerto Ricoko estatusaren inguruko erabakian.

Rodriguezek argi du orain arteko estatus politikoarekin Puerto Rico AEBen «kolonia bat» dela, eta horrela izango dela aurrerantzean ere, aldaketarik egin ezean. 1952tik da uhartea AEBetako Estatu Libre Elkartua —1898tik dago haren menpe—, eta, AEBetako Senatuan ordezkari bat duten arren, puertorricarrek ez dute boto eskubiderik. Geroztik, Puerto Ricon sei galdeketa egin dituzte; azkena 2020an egin zen. Baina Washingtonek ez ditu inoiz aintzat hartu.

Galdeketa horren inguruan, Rodriguezek azpimarratu du 2012ko galdeketan jarri behar dela arreta. Orduan, uhartearen historian lehen aldiz galdetu zitzaien herritarrei ea ados zeuden momentuko statu quo-a mantentzearekin. %53,97ek esan zuten ezetz, eta parte hartzea %78,19koa izan zen: «2012ko galdeketan ikusi zen puertorricarrek ez zutela nahi estatus politiko horrekin jarraitu, eta beste alternatiba batzuk nahi zituztela».

Aldi berean, PIPeko Programa idazkariak esan du gizartean pentsamoldea aldatu egin dela: «Urtetan independentziaren aldekoek errepresioa jasan dute. Washingtonek ez zuen independentzia hitza entzun ere egin nahi, eta horren aldeko edozein aldarri isilarazten zuten. Horregatik, duela gutxi arte herritarrek ez zuten independentzia aukera egingarri moduan ikusten».

Belaunaldi berriak gako

Pentsamendu aldaketa horren erakusle da Rodriguezentzat 2017tik 2020ra alderdiak izan duen gorakada: parlamentuan %2,1eko babesa izatetik %13,17koa izatera: «Politika egiteko bide berriak daude, eta belaunaldi gazteei nahi dugun mezua helaraztea lortu dugu sare sozialen bitartez. Pixkanaka leku hori geureganatu nahi dugu, eta datozen belaunaldiak konbentzitu nahi ditugu Puerto Rico independente izateak uharteari onura asko ekarriko lizkiokeela».

Haren esanetan, orain arte balio izan duten «aitzakia ekonomikoek» jada ez dute balio: «PNP eta PPD Alderdi Popular Demokratikoak agindu dute uhartean betidanik, eta askotan erabili dute ekonomiaren aitzakia independentzia ukatzeko. Egun Puerto Rico krisi ekonomiko batean dago, eta AEBek ez dute ezer egin laguntzeko. Hori gutxi ez, eta ez dugu eskumenik afera horietan erabakitzeko».

Horren inguruan, Rodriguezek adierazi du herrialdea independente bilakatzeak ekonomikoki onurak besterik ez lizkiokeela ekarriko Puerto Ricori: «Ekonomikoki autonomia gehiago izango genuke, baita erabakiak bertan hartzeko aukera ere. Besteak beste, azpiegiturak kudeatzeko ahalmena edukiko genuke. Azken urteetan herritar asko joan dira uhartetik, eta hori da Washingtonek abandonatu egin gaituelako».

PIPeko Programa idazkaria jakitun dago luzera begirako helburua dela independentzia, eta pixkanaka herritarren babesa lortzea dela garrantzitsua. Rodriguezen esanetan, Puerto Ricok independentziaren aldeko babes soziala edukiko balu, Washington ezin daiteke «oztopo» izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.