Albistea entzun

Pentsamendu aldaketa uhartean

Puerto Ricoko Gobernuak uhartearen estatusari buruzko erreferendum lotesle bat egin ahal izateko lege proiektua aurkeztu du lehen aldiz. Aukeretako bi dira AEBetako 51. estatua bilakatzea eta estatu independente bihurtzea. Washingtonen onartu behar dute, ordea, proposamena.
Ramon Emeterio Betances abokatu independentistaren aldeko mural bat, Laresen.
Ramon Emeterio Betances abokatu independentistaren aldeko mural bat, Laresen. JORGE MUÑIZ / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Zuriñe Iglesias Sarasola -

2022ko irailak 17

Aste honetan bertan Puerto Ricoko gobernadore Pedro Pierluisik AEBetako Kongresuari eskatu dio onar dezala erreferendum lotesle bat egiteko modua emango lukeen lege proiektua. Uztailean lehen aldiz aurkeztu zioten Washingtoni uharteko estatus politikoaren inguruko lege proiektu baten zirriborroa. Agintean den PNP Alderdi Progresista Berriak bultzatu du legea, AEBetako Alderdi Demokratako zenbait kiderekin batera. Hiru aukera jasotzen ditu proposamenak: AEBetako 51. estatua bilakatzea, estatu independentea izatea, edo orain arte bezala segitzea AEBetako Estatu Libre Elkartua izaten. Lege proiektuak aurrera egiten badu, badago data erreferendumerako: datorren urteko azaroaren 5a.

Hugo Rodriguez PIP Alderdi Independentista Puertorricarreko Programa idazkariak begi onez ikusi du egitasmoa: «Lege proiektuak bultzatutako kontsentsua txalotzekoa da, baina ikusteko dago zirriborroak AEBetako bi ganberen onarpena izango duen ala ez».

Izan ere, 2020an PNPk lege proiektu bat aurkeztu zuen uhartea AEBetako beste estatu bat bihurtu edo ez erabakitzeko. Erreferendum ez-loteslea izan zen, eta erdiek baino gehiagok (%52,2) bozkatu zuten AEBetako 51. estatua bihurtzearen alde. Parte hartzea %50,11koa izan zen.

Herritarren gehiengoaren babesa izan arren, AEBetako Ordezkarien Ganberak atzera bota zuen eskaria. Gainera, horrelakoek, Kongresuko behe ganberaren oniritzia ez ezik, Senatuarena ere behar dute, eta, kontuan hartuta errepublikanoek dutela Kongresuko goi ganberan gehiengoa, zaila izango du aurrera egitea. Errepublikanoak behin baino gehiagotan agertu dira egitasmo horien aurka. Horrez gain, AEBetan hauteskundeak egingo dituzte azaroan Ordezkarien Ganbera eta Senatua berritzeko, eta horrek ere eragingo du Puerto Ricoko estatusaren inguruko erabakian.

Rodriguezek argi du orain arteko estatus politikoarekin Puerto Rico AEBen «kolonia bat» dela, eta horrela izango dela aurrerantzean ere, aldaketarik egin ezean. 1952tik da uhartea AEBetako Estatu Libre Elkartua —1898tik dago haren menpe—, eta, AEBetako Senatuan ordezkari bat duten arren, puertorricarrek ez dute boto eskubiderik. Geroztik, Puerto Ricon sei galdeketa egin dituzte; azkena 2020an egin zen. Baina Washingtonek ez ditu inoiz aintzat hartu.

Galdeketa horren inguruan, Rodriguezek azpimarratu du 2012ko galdeketan jarri behar dela arreta. Orduan, uhartearen historian lehen aldiz galdetu zitzaien herritarrei ea ados zeuden momentuko statu quo-a mantentzearekin. %53,97ek esan zuten ezetz, eta parte hartzea %78,19koa izan zen: «2012ko galdeketan ikusi zen puertorricarrek ez zutela nahi estatus politiko horrekin jarraitu, eta beste alternatiba batzuk nahi zituztela».

Aldi berean, PIPeko Programa idazkariak esan du gizartean pentsamoldea aldatu egin dela: «Urtetan independentziaren aldekoek errepresioa jasan dute. Washingtonek ez zuen independentzia hitza entzun ere egin nahi, eta horren aldeko edozein aldarri isilarazten zuten. Horregatik, duela gutxi arte herritarrek ez zuten independentzia aukera egingarri moduan ikusten».

Belaunaldi berriak gako

Pentsamendu aldaketa horren erakusle da Rodriguezentzat 2017tik 2020ra alderdiak izan duen gorakada: parlamentuan %2,1eko babesa izatetik %13,17koa izatera: «Politika egiteko bide berriak daude, eta belaunaldi gazteei nahi dugun mezua helaraztea lortu dugu sare sozialen bitartez. Pixkanaka leku hori geureganatu nahi dugu, eta datozen belaunaldiak konbentzitu nahi ditugu Puerto Rico independente izateak uharteari onura asko ekarriko lizkiokeela».

Haren esanetan, orain arte balio izan duten «aitzakia ekonomikoek» jada ez dute balio: «PNP eta PPD Alderdi Popular Demokratikoak agindu dute uhartean betidanik, eta askotan erabili dute ekonomiaren aitzakia independentzia ukatzeko. Egun Puerto Rico krisi ekonomiko batean dago, eta AEBek ez dute ezer egin laguntzeko. Hori gutxi ez, eta ez dugu eskumenik afera horietan erabakitzeko».

Horren inguruan, Rodriguezek adierazi du herrialdea independente bilakatzeak ekonomikoki onurak besterik ez lizkiokeela ekarriko Puerto Ricori: «Ekonomikoki autonomia gehiago izango genuke, baita erabakiak bertan hartzeko aukera ere. Besteak beste, azpiegiturak kudeatzeko ahalmena edukiko genuke. Azken urteetan herritar asko joan dira uhartetik, eta hori da Washingtonek abandonatu egin gaituelako».

PIPeko Programa idazkaria jakitun dago luzera begirako helburua dela independentzia, eta pixkanaka herritarren babesa lortzea dela garrantzitsua. Rodriguezen esanetan, Puerto Ricok independentziaren aldeko babes soziala edukiko balu, Washington ezin daiteke «oztopo» izan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Peruko Polizia herritar bat atxilotzen, Boluarteren aurkako manifestazio batean, atzo, Liman. ©Antonio Melgarejo / EFE

Peruko bozak urrira aurreratzeko lege proiektua aurkeztu du gobernuak

Mikel O. Iribar

Hain zuzen, Kongresuak hauteskundeak abendura aurreratzeari ezezkoa eman ondoren heldu da gobernuaren erabakia. Proposamen horren arabera, Boluarteren agintaldia abenduaren 31n amaituko litzateke.

 ©KETTY MARCELO LOPEZ

«Perun hil egiten gaituzte; diktadura zibiko-militar batean bizi gara»

Mikel O. Iribar

Buruzagi indigenak azaldu duenez, Castilloren atxiloketa «bidegabeak» ez ezik, Perun duten krisi sozialak eta arrazakeriak ere eragin dituzte egungo protestak: «Ez dugu amore emango».
Goizaldean bonbardatutako eraikinetako bat, Kramatorsken. / ©Segey Shestak, EFE

Hiru pertsona hil dira etxebizitza eraikin baten aurkako bonbardaketan Ukrainan

Arantxa Elizegi Egilegor

Kievek ohartarazi du Errusiak «erasoaldi handi bat» hasteko asmoa duela gerra hasieraren urteurrenean. Europako Batzordeko presidentearen bisita baliatuta, Zelenskik zigor gehiago eskatu ditu Moskuren aurka.

Protesta bat Jeninen, Gazan, joan den ostiralean, Zisrdanian egindako sarekadak salatzeko. / ©Mohammed Saber, EFE

Israelek 224 palestinar hil zituen iaz, tartean 53 adingabe

Arantxa Elizegi Egilegor

Goizaldean, Israelgo armadak Gazako hainbat eremu bonbardatu ditu. Ez da zauriturik egon.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.