Monarkia ezbaian jartzeko eguna

Erabakitze eskubidearen aldeko aldarria egingo dute etzi Madrilen, estatu ereduaren inguruko herri galdeketa bat eginda. Erregearen rola zalantzan jarri nahi dute. Monarkiaren eta errepublikaren artean hautatzeko aukera izango dute hautetsontzietara joaten direnek.
Galdeketaren aldeko pankartak, Madrilen eginiko manifestazio batean.
Galdeketaren aldeko pankartak, Madrilen eginiko manifestazio batean. GALDEKETAREN ALDEKO BATZARRA

Iosu Alberdi -

2018ko azaroak 30
Euskal Herrian 218.248 herritarrek hartu dute parte orain arte Gure Esku Dagok antolatutako herri galdeketetan, erabakitze eskubidea aldarrikatu eta estatus politikoaren inguruan galdetzeko. Madrilen ere arma berdinak erabili nahi dituzte igandean: hautetsontziak. Kasu honetan, ordea, estatu ereduaz eta horren buruzagitzaz bozkatuko dute. «Zein da zure herrialderako nahiago duzun estatu eredua?», da galdera; Monarkia edo Errepublika, erantzun posibleak.

«Pentsatu. Hausnartu. Adierazi zure iritzia. Erabaki...» Hala dio galdeketarako prestatutako diptikoetako batek: «Zuk egiten ez baduzu, beste batzuek jarraituko dute zure ordez egiten». Galdeketa prestatzeko koordinazio batzarreko kide Cristina Ridruejok uste du beharrezkoa dela estatu eredua denen artean erabakitzea, «emakume eta gizonek, zahar eta gazteek»: «Espainiako Konstituzioa ez zuen bozkatu egungo gizartearen gehiengoak, eta, gainera, gizonek bakarrik idatzi zuten. Beti hitz egiten da Konstituzioaren aitez; ez zen amarik egon». Horregatik, deitzaileek uste dute galdeketa egiteko une egokia dela.

Alcobendas eta San Sebastian de los Reyes hirietako galdeketa prestatzen aritu da Borja Romero, eta, haren esanetan, «beti izan da» estatu ereduaz galdetzeko momentua, baina orain are beharrezkoagoa da: «Katalunia, M15 mugimendua, Hipotekak Kalte Eginikoen Plataforma... Klase borroka gora doan heinean, monarkiak aizkora atera du, eta agerian utzi du bere aurpegia, faxismoaren oinordeko dela. Beraz, garaia da nahi dugun estatu eredua aukeratzeko, edo behintzat galdetuak izateko».

Carabanchelgo batzarreko kide Marta Davilaren esanetan, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen hasteko unea dela erakutsi dute «beste herri batzuek» ere. Romerok adierazi du Katalunian eta Euskal Herrian ezbaian jarri dena Espainiaren batasuna dela, eta «ongi egina» dagoela. Azaldu du, ordea, Madrilen «estatuaren buruzagitza» jarri nahi dutela ezbaian, «gentozen lekutik gentozen», «zegoena zegoen» eta halako esamoldeei aurre eginez. Ridruejok gehitu du Euskal Herriko, Kataluniako eta Madrilgo egoerak alderagarriak direla, oinarri bera dutelako: «Herritarrok izan nahi dugu erabaki politiko garrantzitsuen jabe; galdetzea lortu nahi dugu».

«Icebergaren punta»

«Izan ere, nola izan daiteke demokratikoa aukeratzen ez den figura bat?», galdetu du Ridruejok. Sare sozialetan ikusitako esaldi batekin erantzun dio Davilak: «Espainiako Estatuko buruzagitza sexu transmisio bidez lortzen da. Beraz, ez da demokratikoa orain, eta ez zen duela 40 urte inposatu zenean ere».

Banatu dituzten orrietan ere gogora ekarri dute Juan Carlos I.a erregearen izendapena, 1969ko Oinordekotza Legearen bidez egin zena: «Errege emerituak zin egin zuen Erreinuko Funtsezko Legeak eta Mugimendu Nazional frankistaren oinarriak gordeko zituela. Eta ez du inoiz atzera egin». Era horretan gaitzetsi dute frankismoko errepresio aparatuak, ustelkeria ekonomikoak, injustizia sozialak eta esplotazio sareak ez dutela etenik izan, «logotipo» aldaketa baizik. Horregatik, erregea «icebergaren punta» besterik ez dela defendatu du Romerok.

Horregatik guztiagatik, eta herritarren nahia ikusita, antolatzaileek uste dute estatuko agintearen inguruko eztabaida kaletik atera nahi izan dela, eta horren adibide jarri dute duela hiru urte CIS Espainiako Azterketa Soziologikoen Institutuak uko egitea monarkiaren inguruan galdetzeari. «Jada galdetzen ez badigute, guk atera beharko dugu kalera», aldarrikatu du Davilak.

500 lagunetik gora

Galdeketa prestatzea ez da lan erraza izan. Guztira, Madril hiriburuko hamabi barrutitako —Centro, Latina, Carabanchel, Arganzuela, Retiro, Tetuan, Usera, Vallecas, Fuencarral, Barajas eta Salamanca— 50 auzotan egingo da, eta inguruko zazpi hiritan —Alcobendas, San Sebastian de los Reyes, Leganes, Parla eta Rivas Vaciamadrid—. Madrilgo erkidegotik kanpo ere, beste bi hiri batu dira galdeketara, Miranda de Ebro (Burgos) eta Talavera de la Reina (Toledo). Horretarako, 500 boluntariotik gora arituko dira igandean, 10:00etatik 15:00etara bitartean, bozkatzeko ehun mahai ingurutan. Tarte horretan, 16 urtetik gorako herritar guztiek eman ahal izango dute boza, edozein mahaitan, ez baitago mahaietako informazioa lotzen duen sistemarik.

Igandera begirakoak ere ez dituzte egun batetik bestera prestatu. Ideiak denbora asko zeraman bueltaka, eta, lagun gutxi batzuetatik hasita, zabalduz iritsi da egungo mugimendua. Esaterako, Carabanchelen apirilean hasi zituzten bilerak, eta orduan jarri zuten abian Madrilgo auzoetako batzarrak koordinatuko zituen biltzar nagusia. «Auzoko bilerako hiru lagun genituen koordinazioko bileretan, eta handik proposamenak ekartzen zizkiguten auzoko batzarrera», azaldu du Davilak. Ridruejok azpimarratu du alderantziz ere egiten zela: «Auzoetako ideiak koordinazio bilerara ere eramaten ziren. Horiek beste auzoetarako ere balio izan dute askotan».

Aurrera egitean ere auzoetako askotariko errealitateak agerian geratu dira, eta «bakoitzak bere errealitatera» egokitu du prozesua. «Auzo batzuek ehun sozial handiago bat zuten, auzoko erakundeen lanaren ondorioz, eta beste batzuk sakabanatuago zeuden. Beraz, biltzarren tamainetan ere aldaketak daude auzotik auzora», nabarmendu du Ridruejok.

Denborarekin, ordea, jendea «banan-banan» eta «pixkanaka» batuz joan dela azpimarratu dute, eginiko ahaleginaren bidez. «Niri asko gustatu zait jendea bere kabuz gehituz joan izana, egin ditugun ekintzen bidez, kartelak ikusi dituztelako...», azaldu du Davilak. Azpimarratu dute horiek guztiek indibidualki parte hartu dutela. Izan ere, galdeketaren aldeko batzarrek ez dute alderdi eta erakundeen babes ofizialik jaso, baina beste gizarte mugimendu eta alderdi politiko batzuetako militanteak ere ari dira lanean.

Babesik ez, baina trabak, bai, jasan dituzte Alcobendasen. Hiriko 7 dias aldizkariaren azalean erregearen argazkia eta hiriko alkatearena atera zituzten aste berean, udalak kalean mahaiak jartzeko eskaera ukatu zien galdeketaren antolatzaileei. «Hor ikusten da PPren izaera demokratiko eskasa», salatu du Romerok.

Halere, betoari aurre egiteko prest agertu dira, eta bi errekurtso aurkeztu dituzte. Udaleko zerbitzu juridikoekin eta Bide Publikoetako zinegotziarekin bilerak ere eskatu dituzte ezetzaren arrazoiak jakin nahirik. Ukatu egin dizkiete, ordea, bi bilerak. Azken unera arte borrokan jarraitzeko asmoa dute, eta ezezkoa jasoz gero ere badute B plana: San Sebastian de los Reyes hirian jartzea Alcobendasen jarri beharreko mahaiak. Izan ere, bi hiriak kale bakar batek banatzen ditu. «Harri bat izan da bidean, baina hori du klase borrokak. Lanean jarraituko dugu», azaldu du alcobendastarrak.

Izan ere, jada azken txanpan sartuta daude, eta «urduritasuna» nabari dute. «Hainbeste jende eta gauza koordinatu behar dira... Zorionez, ez baita gauza txiki batean geratu», nabarmendu du Davilak: «Ona da urduri eta lanpetuta egotea; zerbait handia egiten ari garelako da».

Aurrera begira

Igandeko parte hartzaileak «direnak direla» datua ona izango dela uste dute antolatzaileek, bozkatzera joaten direnek «kanal ofizialen laguntzarik gabe» jakin baitute ekintzaren berri. «Indar korrelazio bat erakustea» jarri du Romerok zifren gainetik: «Badakigu legez galdeketa hau ez dela transzendentala, baina izaera sinboliko handi bat eman nahi diogu. Erakundeetan eta boterean ikus dezatela nahi bat dagoela galdetuak izateko».

Horiek horrela, Ridruejok azpimarratu du denborak aurrera egin ahala atera beharko dituztela gaiaren inguruan egin eta egingo diren galdeketen ondorioak, eta, jendea mugitzeko asmoarekin, bi helburu nagusi jarri dituzte aurrera begira: nagusia benetako erreferendum lotesle bat antolatzea da, eta beste orokorrago bat, demokrazia parte hartzaileago bat lortzea. «Jendearen iritzia entzungo den demokrazia bat, herritarrei galdetuko diena, gai honetarako eta askoz gauza gehiagotarako», definitu du biltzar orokorreko kideak.

Sortutako «gizarte ehunak» azpimarratu ditu, berriz, Davilak, «aurrera begira era anitzetako mugimenduetarako balioko dutenak», elkarrekin erlazionatzeko. Adibidetzat jarri du duela bi aste Madrilgo auzoetako emakumeek batera aurkeztutako idatzia, galdeketa babesteko: «Amonak, amak eta alabak zeuden. Ehun horren lehen kimuak dira».

Galdeketaren aldeko kanpainarekin batera, ez da monarkiaren aldeko mugimendurik egon. «Jada badute eurena. Kanpaina egingo balute, gehiago legitimatuko gintuzkete, baina eurek ere badakite legitimatuko gintuztela, eta...», arrazoitu du Ridruejok. Abiatu da, ordea, errepublikaren aldeko boza defendatu duen kanpaina bat, igandeko galdera ia 50 urtez herritarrei «lapurtua» izan dela gaitzetsi duena. «Estatuaren buruzagitza herentziazko, bizi guztiko eta, beraz, hautatu gabeko kargu bat izatea antidemokratikoa dela pentsatzen dugunok entzunak izateko aukera izango dugu azkenean», ageri da banatu dituzten orrietan. Romeroren hitzetan, galdeketaren alde lan egin duen jendeak errepublikaren alde egin du: «Behintzat, galdetuak izateko. Ez badigute utzi nahi erreferenduma egiten, zerbaiten beldur direlako da, eta hori mahai gainera atera nahi dugu».

Ikasleak ere prest

Madrilgo batzarrak ez daude bakarrik bidean. Espainia osoko 26 unibertsitate publikotako ikasleek ere —guztira 50 daude estatuan— galdeketa bultzatzearen alde egin dute, eta adierazi dute balitekeela gehiago batzea. Lehen galdeketa UAM Madrilgo Unibertsitate Autonomoan egin zuten, atzo, eta urtarrilera bitartean batuko dira gainerako guztiak; «dena» erabaki ahal izango den «prozesu konstituziogile» bat izango da euren helburua.

Dudan jarri dute monarkia, erakunde «anakroniko eta antidemokratikoa» dela arrazoituta: «Ez dugu inposatutako monarkia bat nahi, ezta giltzarrapoa daraman erregimenik ere».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna