«Borrokan jarraituko dugu»

Tubacexeko langileek Eusko Legebiltzarrera eraman dute kaleratzeen aurkako protesta, enpresak kaleratzeak egin eta biharamunean. Batzuek Amurriotik oinez egin dute bidea, ia bi eguneko ibilaldian, eta beste ehunka Gasteizen batu zaizkie. Ertzaintza gogor oldartu zaie, eta tentsio uneak izan dira.

Tentsio uneak izan ziren Ertzaintzak batzordeko kideei legebiltzarrera sartzea galarazi zienean, eta oldartu egin zitzaien gero langileei. ANDONI LUBAKI / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2021eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Ez E egunik, ez amaiera datarik: Tubacexeko langileentzat ez da «ezer» aldatu asteazkenaz geroztik, eta hala berretsi zuten atzo, Gasteizen egindako protestan. Enpresak iragarritako 129 kaleratzeak egin osteko biharamunean, Eusko Legebiltzarrera eraman zuten enpleguaren aldeko aldarria, eta argi adierazi zuten gatazka ez dela bukatu haientzat: «Tubacexen ez dago inor soberan, eta borrokan jarraituko dugu», azpimarratu zuten.

Ia bi eguneko ibilaldiaren ostean, atzo goizeko lehen orduan iritsi ziren langileak Gasteizera. Ostegunean abiatu ziren Amurriotik oinez, 70 bat denera, baina beste ehunka batu zitzaizkien hiriburuan gero. Hiriaren sarreran, txalo artean egin zieten harrera Aernnovako langileek, besteak beste, eta elkarrekin egin zituzten azken metroak. Bidean, askotariko elkartasun keinuak jaso zituzten beharginek. «Aurrera Tubacex, eutsi!» eta «Irabazi arte!» oihuak entzun ziren balkoietatik, esaterako.

Atxikimendu hori eskertu zuen Roberto Sevilla langileak: «Ikaragarria da jasotzen ari garen elkartasuna. Bide guztian ere adierazi digute babesa. Giro ezin hobean egin dugu bidea, aldarte onean, eta horrela jarraituko dugu gure helburua lortu arte. Eskualde oso bat dugu atzetik, gainera». Bera ez dago 129 horien zerrendan, baina bat egiten du lankideen protestarekin.:«Ni ez nago kaleratuen artean; libratu egin naiz zentzu horretan, baina egon nintekeen, edozein egon zitekeenez. Langileak elkarrekin gaude, eta ez dugu bereizketarik egiten».

Goizeko bederatziak jota iritsi ziren legebiltzarraren atarira, eta ordurako Ertzaintzak hesitua zuen ingurua. Kontrolerako saioa hastear zen barruan, eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak enpresaren egoeraren berri eman behar zuen bertan. Tranbiaren pasabidea eta errepidea moztu zituzten beharginek pixkanaka, eta zerbitzua ordubetez eten egin behar izan zuten goizean. Ez zen istilurik izan, halere. EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak batu zitzaizkien protestara. Hain zuzen, koalizio abertzalearen gonbidapena zuten enpresa batzordeko kideek, bilkura bertatik bertara ikusteko.

Ertzaintzaren bortizkeria

Langileen ordezkariak legebiltzarrera sartzera zihoazenean, baina, ertzainek sarrera galarazi zieten, batzordeko kideei eta haiekin ziren legebiltzarkideei. Bultzaka eta kolpeka oztopatu zieten bidea, eta tentsio uneak izan ziren orduan. Lortu zuten sartzea azkenean, baina haserrea piztua zen ordurako, eta handik minutu gutxira, Polizia gogor oldartu zitzaien langileei: bortizkeria handiz egin zien aurre.

Ordubete inguru iraun zuen protestak, eta goizeko hamarrak inguruan berriz ere Amurrioko eta Laudioko lantegietarako bidea hartu zuten, eguneroko protestarekin segitzeko. Atzokoa «beste egun bat» izan baitzen langileentzat, Julen Cicerok adierazi zuenez: «Guretzako ez da ez ezer amaitu. 65 egun daramatzagu greba mugagabean, eta mobilizazioekin jarraituko dugu datozen egunetan ere. Bihar [gaur] ezkerraldera joango gara, ITP eta PCBko langileei babesa adieraztera, adibidez. Eta datorren astean beste protesta ekintza batzuk egingo ditugu». 21 urte zituela hasi zen Tubacexen lanean, eta beste 21 urtez aritu da bertan, «atzo [herenegun] arte». Zerrendako bat da Cicero. «Guretzako ez dago kaleratzerik, halere».

Egun «tristea» izanagatik ere, langileen batasuna aldarrikatu zuen Joseba Terreros langile batzordeko kideak: «Langile guztion indarra batuta sentitzeak eramaten gaitu lanerako itzulera eurekin batera izango dela pentsatzera». Eta gogorarazi zuen bide judiziala zabalik dela. Zuzendaritzari «neurri adostuak» galdegin zizkioten beste behin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.