Olatz Arrieta
LEKU-LEKUTAN

Autokrata fidagarriak

2022ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Ursula von der Leyen, Europako Batzordekopresidentea, Bakun, Azerbaijango hiriburuan, izan berri da, Ilham Aliyev presidentearekin gas hornidura handitzeko akordioa sinatzeko. Bakarrik gasaren bila joan dela ez esatearren, eta ekitaldiari ukitu berdea emateko, energia berriztagarriak bultzatzeko eta metano isuriak murrizteko ere hitzarmen orokorra sinatu dute. Errusia ez bezala, Azerbaijan «lankide fidagarria» dela esan du Von der Leyenek, eta eskerrak eman dizkio errepresioari esker boterean 19 urte daramatzan Aliyevi, EB Europako Batasunari laguntzeagatik.

EBren eta Azerbaijanen harreman energetikoak 2006an hasi ziren sendotzen, energia alorreko lehen elkarlan akordioa hitzartu zutenean. Ordudanik energia kenduta, eta Sobietar Batasun zeneko beste herrialde batzuek ez bezala, Azerbaijanek ez ditu harreman ekonomikoak eta politikoak sakondu Bruselarekin, giza eskubideen eta zuzenbide estatuaren inguruan ez duelako «gomendiorik» onartzen. Von der Leyenek ez du Azerbaijanen giza eskubideen urraketa sistematikoen gaia atera, eta 12.000 milioi metro kubo gas lortu ditu 2022 eta 2023 urteetarako, orain baino 4.000 milioi metro kubo gehiago. Etxetik gertuen daudenetik hasita, EB gas hornitzaile bila dabil munduko txoko guztietan, Errusia autokratikoarekiko dependentzia eta haren xantaia 2027rako amaitu ahal izateko. Joseph Borrellek dio EB ez dabilela munduan zehar gasa erosten, akordioak egiten baizik. Akordiook, ordea, ez ditu dirutan ordaintzen. Bere kapital politikoa erabiltzen du. Joan den urtera arte diktadore eta autokratak zirenei adjektibo itsusiak kendu dizkiete, liskar guztiak alde batera utzi dituzte, akordio ekonomiko berriak egin, eta Von der Leyenekin batera argazkian atera dira orain arte publikoki baztertuta zeudenak. Abdel Fatah al-Sisi Egiptoko presidentearekin ere argazkia dauka Von der Leyenek, Israeldik gas gehiago jasotzeko Kairon sinatutako akordioa dela eta.

Gasaren bila, EBk bere balio demokratikoak alde batera utzi dituela salatu dute giza eskubideen aldeko taldeek. Human Rights Watchek gogoratu du Azerbaijango espetxeetan torturapean dauden preso politiko asko gasaren eta petrolioaren inguruan dagoen ustelkeria instituzionala salatzeagatik daudela zigortuta. Amnesty Internationalek, berriz,azpimarratu du Ukrainan gertatutakoak argi utzi duela autokratak ez direla fidagarriak.

70eko hamarkadan, Siberian gas putzu erraldoiak ustiatzen hasi eta EBra gasbide berriak eraiki zituztenean, iturriaren fidagarritasuna ez zen zalantzan jarri. Gerra Hotzaren garaian, bakerako, garapen ekonomikorako eta elkarlanerako bitarteko gisa aurkeztu zutelako gasa. 2000n EBren hornidura handitzeko azpiegiturak babesten hasi ziren Energia Elkarrizketak izeneko akordioen pean. Ukrainako lehenengo inbasioaren ondoren ere ez zituzten zalantzan jarri harreman energetikoak. Krimea anexionatu eta gero, 2015ean, Europako Batzordeak esan zuen «modus vivendi» bat bilatu beharra zegoela egoera horretan. Vladimir Putin presidentearen fidagarritasunaren inguruko kritikak Nord Stream 1arekin hasi ziren, baina Errusiak ez du fidagarritasunaren zigilua galdu 2022ra arte.

Azerbaijanekin batera, Uzbekistan, Turkmenistan eta Kazakhstan ere gas produkzioa handitzen ari dira, besteak beste EBko merkatuetara gehiago esportatu ahal izateko. Herrialde horiek Errusiaren gasbideekiko duten dependentzia murriztu nahi dute, Kaspiar itsasoa eta Turkia zeharkatzen duten gasbide proiektuak bultzatuz. Autokraten gas fidagarriaren mezuak ez dauka amaierarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.