Albistea entzun

Durangoko 57. Azoka. Ikasle Goiza

Galdera olde bat ateei bultzaka

Ehunka gazte izan dira Durangoko Azokako Ikasle Goizean, eta haiek ekarri dituzte azokaren itzulerako lehen pilaketak. Kontzertuetan eta tailerretan ere parte hartu dute gazteek

Gaztetxo talde bat, atzo goizean, Durangoko Azokako ateak irekitzeko zain.
Gaztetxo talde bat, atzo goizean, Durangoko Azokako ateak irekitzeko zain. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Andoni Imaz -

2022ko abenduak 8 - Durango

«Eta zu? Famatua zara?». Kazetariaren galderak baino lehenago iritsi dira ikasleenak. Galdakaoko (Bizkaia) mutil kuadrilla bat da, 15 urte dituzte, eta horixe da eskolarako bete behar duten galdetegiaren azken puntua: «Zein ospetsu ikusi duzue?». Ez dira hamar minutu Durangoko 57. Azokako ateak zabaldu dituztela, eta, konturatzerako, gazte andana batek bete du Landako gunea, eskuan papera eta ahoan galderak, Ikasle Goizean. «Zein da aurtengo leloa?», dio papereko aurreneko puntuak. «Hori autobusean erantzun dugu kasik... EztanDA!».

Ikasleek hartu dute inguru osoa, barru eta kanpo: goiz osoan, pilaketa handiak izan dira Landakon; tarteka, gune batzuetan, aldamenekoei jo gabe ezin ibiltzerainokoak, eta kanpoaldean ere izan da giroa, bateko taloak, besteko zigarro nerabeak. Kontrastearen mesedetan, talde batek bozgorailu batean jarritako reggaeton musikarekin gozatu du egonaldia.

Barruan, Musikaren Plazak bildu du gazte gehien, nabarmen. Bulego taldearen erakusmahaira hurbildu ahala, bat-batean kantuan hasi da taldetxo bat, erdi saltoka: «Segi dezagun dantzan/ segi dezagun ametsetan...». Mahaiaren alboan, Tomas Lizarazu abeslariarekin argazki bat egiteko zain daude Ziburuko ikastolako hiru ikasle (Lapurdi). Eskuko telefonoarekin dabil bat, argia probatzen: «Ni ez, hau da zalea». Urduritasun tarte baten ondoren, egin dute argazkia, eta erabaki dute non egingo dituzten hurrengo geldialdiak: Zetak eta ETS taldeen tokietan. Oro har, hori izan da ibilbide nagusia. Ilara luzeak egon dira erakusmahai horietan, Landakotik ateratzerainokoak, eta Pello Reparaz eta Iñigo Etxezarreta kantariek etengabe posatu dute zaleekin.

Helburua garbi zutela etorri dira, esaterako, 14 urteko Leioako (Bizkaia) lau neska: ETSren disko bana erosi dute. Gainera, horietako bik, Su Ta Garren Jaiotze basatia-ren binilo bat ere bai; «aitarentzat». Galduxeago ibili da, haien aldamenean, Lekeitioko (Bizkaia) mutil kuadrilla bat, adin berekoa. Gustura, irakasleek jarritako galderak, azokako guneei eta erakusmahaiei buruzkoak, azkar erantzun dituztelako, baina beren interesez ezer ikusteko gogo handirik gabe. «Izatekotan, Gatibu». Ilarak egon dira talde horren disko berria sinatzeko ere.

Gaztexeagoak ere ibili dira Landakon bueltaka, erdiko informazio gunea alderik alde hartuz maiz. Durangoko (Bizkaia) 9 eta 10 urteko neskatila batzuek taldean bete dute eskolarako fitxa, haren ondoan, galderari nork lehenago erantzungo: «Ezagutzen duzu aurtengo nobedaderen bat?». Arkatza hartu, mingaina estutu, eta denei diktatu: «Bai, koma, Goazen». Hurrengoa: «Galdetu argitaletxe batean zuen adinerako zer nobedade duten». Eta korrika batean desegin dute taldea.

«'Googleatu' nor izan zen»

Plateruenan, Mauriziak ez dau inor hil kontzertua eman dute Ines Osinaga, Lorea Argarate eta Eneritz Furyak musikariek eta Itziar Garaluce VJak: kantua, musika elektronikoa, sampler-ak eta irudi zaharren proiekzioa atzealdean. Lurrean eserita aditu dute kontzertua gazteek, agertokitik barrara bitarteko tartea betez, eta musikariek, soinuen nahasketari esker, aise lortu dute denen arreta berenganatzea eta entzuleen telefonoen pantailetako argi guztiak itzaltzea.

Osinagak eman dizkie azalpenak: «Tradiziotik abiatzen gara, guk gaur egin nahi dugun musika egiteko». Kanten eta sampler-en bidez, ikasleek berehala ikasi dute Maurizia Aldeiturriagaren izena; beste abesti bat jarri diete orduan, eta hura nork abesten duen asmatzea proposatu: «Nabil, eta nabilelako nago hain neke...». Moztu dute. «Nor da?». Telefonoen argiak pizten hasi dira. «Inork ez daki nor zen señora hori? Irakasleek ere ez?». Isilune bat. «Aupa Maurizia!», mutiko batek. «Denak ez dira Maurizia, ez. Lurdes Iriondo: googleatu nor izan zen».

Jolasarekin jarraitu du Osinagak, eta beste kanta puska bat ipini dute: «Nire ahizpekin bakarrik», entzun da. «J Martina!». Ez, bada. «Perreoa nahi dut hasi eta buka», segi du. «Kai Nakai!». Hori bai. «Ea, beste bat»: Rosaliaren Bizcochito kantaren lehenengo notak entzun orduko, bat-bateko garrasi bat atera da ikasleen artetik.

Txalaparta, pandero eta irrintzi sampler-ekin, musikariek «aupa Maurizia!» oihuka jarri dituzte ikasleak. «Gustatzen zaizue poesia?». Baiezko apal samar bat entzun da, eta, jarraian, Leire Vargas eta Oihana Arana bertsolari eta idazleak igo dira agertokira, musikaren «lagun millennial-ak», kanta batean errezitatzera; «gu agian boomer samarrak gara ja».

Giro lasaiagoa egon da Landakoren beste alde batean, musika eskolako komiki tailerrean. Ainara Azpiazu Axpi eta Paula Estevez ilustratzaileak aritu dira irakasle, 9 urteko hogei bat haur durangarrekin. Irakatsi diete nola sortu komiki bat partez parte: izenburua, binetak, bunbuiloak... Eta hala bete du bakoitzak bere orria komeni zitzaizkion koadroekin. Pertsonaiak nola egin ere ikasi dute, aurrez aurre eta alboz, itxura berari eutsita, nahiz eta berehala agertu diren zalantza tekniko gehiago: «Eta zelan marrazten da jesarrita?».

Han ere gazteen galderei erantzun eta erantzun ibili dira bi marrazkilariak: istorioarekin nola jarraitu, zer idatzi, nola egin tipografia bereziak... Eta hala sortu dituzte, binetaz bineta, haien komikiak, bakoitzaren gogoaren araberakoak: X-Man, Kotxeko giltzak, Egun txar bat, Ainara Durangon jausi da. Biharko erantzunen zirriborroak, gaurko galdetzaileek sortuak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Annie Ernaux idazlea, 2022an, Nobel saria jasotzen. ©Christine Olsson/EFE

Gema Lopez Las Herasek irabazi du Zaitegi saria

Berria

Annie Ernaux idazlearen 'La femme gelée' itzuliko du euskarara

Noaingo Faktoria zentro koreografikoko ikasleak. Beltzez, Laura Armendariz irakaslea. ©Iñigo Uriz / FOKU

Dantzaren nazioarteko mapan

Edurne Elizondo - Nafarroako Hitza

Noaingo Faktorian lanean ari da, irailetik, zentro koreografiko horretako ikasleen bosgarren belaunaldia. Marta Coronadok, Laida Aldazek eta Carmen Larrazek jarri zuten proiektua martxan, 2019an, herrialdeko dantza garaikideari astindu bat emateko. Pedagogia eta sorkuntza dituzte ikur.

Sormene jaialdiko mahai inguruetako bat, iaz. ©SORMENE

Apirilaren 27tik 30era itzuliko da Udaberriko Sormene

Olatz Enzunza Mallona

Euskal kulturaren transmisioan eragiteko asmoz, euskarazko hamaika kultur emanaldi eskainiko ditu aurten ere Sormene jaialdiak, Galdakaon (Bizkaia).

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Sorkuntza jada ez da nire munduaren zilborra»

Aitor Biain

Ez du diskorik egin plazan egoteko; plazan dago jada. Baina '#itsasoadabidebakarra' bere bakarkako lehen diskoa kaleratu du, pertsonala bezain kolektiboa den lana. Azken urteetako bizipenetatik abiatuta ondu du, eremu abisaletik ur azalera ateratzeko bidea oinarri hartuta, eta Kubatik joan-etorria egin duten kantuekin.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...