Durangoko 57. Azoka. Musika

Plaza eta euskarri bete doinu

Zuzenekoak itzuli dira Durangoko Azokara, aurten Plateruenan. Landakon, Musikaren Plazak bildu ditu diskoetxeak eta musikariak. Diskoa nagusi den arren, euskarri digitalak gero eta ugariago dira

Zetak taldeko Pello Reparaz, zaleei eskaintzak sinatzen. RAUL BOGAJO / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Durango
2022ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
«Non dira aurten kontzertuak?». Ahotsenearen urteroko karpa zuriaren bila ibili zen atzo bat baino gehiago Durangoko Azokan. Karpa ez, baina zuzenekoak bizi-bizi itzuli dira aurten, bi urteko etenaren ostean. Eta zaleak ere bai haietara. Hala salatzen zuen bazkalostean Neomak entzuteko Plateruena kanpoan bildutakoen lerro luzeak. Aretoa beteta, lehen akordeak entzuterako, ehunka lagun artean ere ilaran zeuden, eta atetik ikus zitzaketen barruan ziren 450 lagunen sorbaldak. Plateruenan ez ezik, Landako barruan ere Musikaren Plazan izan dute musikariek eta diskoetxeek aurten beren uzta erakusteko bilgunea.

Pandemia aurreko urteetan, bi oholtza hartzen zituen karpa zuri batean egin izan ziren Ahotseneak antolatutako kontzertuak, eta, ordu erdiz, beren lan berriak bertan aurkezteko aukera izaten zuten dozenaka taldek. 2019ko azokan, 44 emanaldi hartu zituen guneak lau egunetan, goiz eta arratsaldez; eta beste lau talde aritu ziren Plateruenan, gauez. Aurten, aldiz, Plateruenak bilduko du zuzenekoen eskaintza osoa, eta 47 talderen emanaldiak hartuko ditu azokak iraungo duen bost egunetan, bere oholtza bakarrean.

Piztiak taldearen kontzertuarekin hasi zen atzoko egitaraua kafe antzokian, eguerdian, eta, hasieran jende gutxiago batu bazen ere, musika hotsek erakarrita edo, laster hasi zen aretora jende gero eta gehiago heltzen. Ines Osinagaren eta Rodeo taldearen emanaldiak jendetsuak izan ziren oso, eta Neomak ikustera joandakoek osatu zuten jarraian ordura arteko ilararik luzeena. Haren azken muturrak bat egin zuen une batez Sagunganbaran Potx eta Lotx pailazoak ikustera joandakoenarekin; aterkipean, adin guztietako lagunak alde batera so, eta haur eta gurasoak nagusi beste aldera begira.

Arratsaldean ere segitu zuen jendea biltzen Ahotseneako agertokiak: Plateruenan aurkeztu zituzten beren diskorik berrienak Hibaik (Harizko zubiak), Kurkumak (Bel3zidorrean hör), Willis Drummondek (Hala ere), Kristonak-ek (Aho bete hortz) eta Sutan-ek (II).

Musika gehiago barruan

Musikak hari bati segituko balio bezala, beste ilara luze batek erakusten zuen Plateruenatik Landako gune barruko Musikaren Plazarako bidea. Zetak taldearen zaleek goizean osatutakoa izango zen, ziurrenik, lerrorik luzeenetako bat atzo; irteera batetik gertu dagoen salmahaian hasi, eta eraikin kanpoan segitzen zuen jende sigi-sagak, alboko talo postuan osatutakoaren neurria hartzeraino kasik. Eraikin barruan, standaren beste aldean, irribarre zabal batez, esker oneko hitzez eta denbora eskainiz hartzen zuen zaleetako bakoitza Pello Reparazek. Eskuetan arrosa koloreko errotuladore bat hartuta, diskoak nahiz posterrak etenik gabe sinatzen eta zaleekin argazkiak ateratzen pasatu zuen goiza. «Jendeak gehiegi itxaron behar izaten du maiz, baina pozik gaude ilarak esan nahi duenarekin». Posterrak erruz eraman zituzten zaleek. «Musikan profesionalki hasi nintzenetik aldaketa prozesuan bizi izan naiz. Azokara bestelako euskarri batzuk ari dira heltzen, eta geuk ere apustu hori egin dugu. Aurten gure produktu nagusia arte pieza berezi bat da; poster berezi bat egin dugu, eta hori ari gara saltzen gehien».

Musikagintzaren azken urteetako egoera aldakor eta ziurgabea aintzat hartuta, azokan lehen aldiz diskoez bestelako gaiak saltzeko aukera ere badute aurten musikariek, gai bakar bat, eta nabari zen salmahaien argazkian: disko artean, kamisetak eta oihalezko poltsak zeuden mahai askotan, eta bestelakoak ere bai beste batzuetan, hala nola katiluak. Dena den, guztiek ez dute halakorik eraman; Zea Maysek, esaterako. «Kontzertuetarako utzi ditugu», adierazi zuen Aiora Renteriak, zaleei disko berriaren aleak sinatzen ari zela. CDan eta biniloan eraman dute Adore, Kemena, Kuraia azokara, baina prest dira aldaketetara egokitzeko. «Ahal den guztia atera behar dugu; ez dakit datorren urtean dena USBan aterako dugun, joango gara ikusiz zer aldaketa dauden eta horietara moldatzen. Baina musika kontsumitzeko moduak aldatuz doaz, eta gu ere aldatuz joan beharko gara».

Hala ere lan berriarekin CDaren eta biniloaren alde egin dute Willis Drummond taldekoek ere, nahiz eta aurreko lan batzuk USB giltza batean ere bilduak dituzten. Zaleari euskarri zaindu eta ederra eskaintzearen alde agertu da Jurgi Ekiza, baina aldi berean argi du joerak aldatzen ari direla. «Eskertzen da oraindik irautea, baina badakigu desagertuko dela, hala da. Kezka handiagoa da, musika digitala nagusitu den honetan, euskal sortzaileok ez dugula lortzen oso presente egotea hor; ez dakit nola, baina hor bada lan bat egiteko».

Gozokiak, panpinak, harriak

Musika entzuteko euskarri fisikoen beherakadak ere eragin du aldaketarik salmahaien argazkian. Izan ere, nahiz eta talde gehienek segitzen duten diskoak eta biniloak ere eramaten, duela urte gutxi batzuk baino nabarmen ugariago dira euskarri digitalean lor daitezkeen musika piezak. Ohikoa bilakatzen ari da diskoen artean USB giltzak eta QR kodeak ikustea, eta formatu aski berezikoak ere bai zenbait kasutan: 2019an, estalkietan beren abestiak entzuteko QR kodedun Chupa Chups gozokiak eraman zituzten Dupla taldekoek —salgai dira aurten ere—; eta Merina Gris taldeak bide bera hartu du zaleei beren kantak eskaintzeko, gozokien partez kodeak panpinatxoetan jarriz. Bi adibide baino ez dira, baina badira gehiago. Liher taldekoek, esaterako, USB batean jarri dituzte eskuragai iaz plazaratutako Eta hutsa zen helmuga eta zuzeneko baten grabazioa. «Diskoak harriari buruz asko hitz egiten zuenez, harrien molde batzuk hartu, urrez pintatu, eta hori ari gara saltzen, USB batean», azaldu zuen Lide Hernandok.

Handik gertu, disko eta binilo ugari Bonberenea Ekintzak-en, eta, mahaian, Ortzi Alberdi Rodeo taldeko kidea. Haren ustez, euskarri fisikoak baditu zaleak oraindik ere. «Egia da gure inguruan, bai musika estilo aldetik bai Bonberenean ibiltzen den jende profilaren aldetik, bagarela formatu fisikoaren zaleak; biniloak ere badu bere xarma momentu honetan».

Atomika lan berria biniloan argitaratu du Kokein taldeak. «Bizi osoan izan gara binilo zaleak; guretzat, irudia ere garrantzitsua da, eta bai soinua bai ipintzeko unea ederragoa edo goxoagoa iruditzen zaizkit», zioen Zaloa Urain abeslariak. «Baina ulertzen dugu jendeak beste era batera ere entzutea musika». Horregatik dakar CDa barruan eta daude kantuak entzungai plataformetan ere.

Askotariko disko azalez beteriko 56 salmahai topatuko ditu Musikaren Plazara doanak. Aldaketak aldaketa eta euskarriak euskarri, mamiak beti aurkitzen du bere tokia azalaren azpian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.