Hasi bezperako gogoetak

Eusko Label liga hasiko da larunbatean, eta taldeak prest daude. Donostiarra, Hondarribia eta Orio goian ibiltzeko hautagai dira, baina zuhur mintzo dira haien hiru entrenatzaileak: Igor Makazaga, Mikel Orbañanos eta Jon Salsamendi.
Igor Makazaga, Jon Salsamendi eta Mikel Orbañanos.
Igor Makazaga, Jon Salsamendi eta Mikel Orbañanos. GORKA RUBIO / FOKU

Aitor Manterola -

2019ko ekainak 18
Zain dira noiz piztuko semaforoaren argi berdea larunbat honetan. Eusko Label liga hasiko da Bilbon, eta «oso berdindua» izango dela diote Igor Makazaga (Pasaia, Gipuzkoa, 1972) Donostiarrako entrenatzaileak, Mikel Orbañanos (Orio, Gipuzkoa, 1973) Hondarribiako prestatzaileak eta Jon Salsamendi (Orio, Gipuzkoa, 1970) Orioko entrenatzaileak. Berdintasunaren barruan, Urdaibai ikusten dute aurkari arriskutsuena.

Zer tankera hartzen diozue ligari aurten?

MIKEL ORBAÑANOS: Lehia gogorra izango da goian eta behean, eta ez da betiko esaldi bat. Maila antzekoa dugun talde asko elkartuko gara. Hasieran, hala izango da, eta gero finkatuko dira postuak.

IGOR MAKAZAGA: Oso lehiakor ikusten dut. Iaz erdialdean ibili ginenok aurrerapausoa eman nahi dugu, eta goian ibili zirenek aukera dute hobetzeko. Estua izango dela uste dut.

JON SALSAMENDI: Estropada ia guztietan, bandera irabazteko hautagai asko ikusten ditut, bigarren txandatik joanda besteetan baino aukera gehiago egon baitaitezke banderak irabazteko; batez ere igandeetan, baldintzak orduan okertzen baitira ohorezko txandakoentzat.

Zer helburu dituzue?

M.O.: Maila txukunean hasi nahiko genuke. Burua galdu gabe, ohorezko txandan ibili nahiko genuke, baina zaila izango da, aurkari on asko baitaude. Hori lortuz gero, garaipenetatik gertu geundeke.

I.M.: Iaz zazpigarren izan ginen, eta, gora begira jarrita, hor ibili ziren aurreneko bostek hobetu egingo dute. Garesti egongo da hor sartzea; zailtasuna oso-oso handia da. Talde txikiagoa dugu iazkoaren aldean, eta hobea, baina zaila izango da aurrerapauso hori ematea, aurkarien maila oso ona delako.

J.S.: Ohorezko txandan egon nahiko genuke, egonkortasuna ematen baitu. Uste dut lehia hastean talde batzuek ezustea emango dutela, batzuek onerako, eta beste batzuek txarrerako; beti izan da horrela.

Sei bat talde ibiliko zarete banderen lehian?

I.M.: Aurreneko estropadan, bai, baina bosgarrenean, ziurrenik, ez. Orain faborito asko izendatzen dira, ez baitakite nola gabiltzan denok.

J.S.: Esango nuke hamabi taldeak garela hautagai bandera irabazteko larunbat honetan.

Ezjakintasuna benetakoa da, ala bakoitza zertarako gai den ezkutatzeagatik aipatzen duzue hau dena?

J.S.: Geure buruarekin ere ezusteak izaten ditugu batzuetan; dena ezin dugu hain menderatua izan. Pentsa beste taldeekin pentsatzean zenbateko segurtasuna daukagun. Historiak dio bizpahiru talde ibiltzen direla banderak irabazten, eta beste bat edo beste azaltzen dela tarteka irabazteko, baina, aurten, kontuz bigarren txandakoekin.

Berdintasuna urteroko kontua izaten da garai honetan, baina, gero, lehiak esan ohi du ez dela hainbestekoa izaten, ez, behintzat, talde askoren artekoa.

M.O.: Aurten esango nuke benetakoa dela. Begira Ondarroa ere zer ondo dabilen. Bigarren txandan joanda, aurten banderak irabazteko aukera egongo dela iruditzen zait niri ere. Hamar segundoren barruan traineru asko egon gaitezke, eta hori ez da tartea izaten. Horregatik diot banderak irabazteko hautagai asko egon daitezkeela.

Liga irabazi nahi duenarentzat arrisku oso handia dago aurten: lan ona eginda ere, zazpigarren geratu agian, eta puntu pila bat galdu.

J.S.: Garesti ordain ditzakegu hanka sartzeak, bai. Baina beste aldera ere gerta liteke: gaur zazpigarren egin, denbora gutxi galduta, baina bihar aurrena, oso denbora gutxian talde asko egonda.

Bigarren txandan herio batean ibili zen Orio iaz, baina, aurten, baleko txanda izan daitekeela diozue.

I.M.: Gerta daiteke aurten maila hobea izatea bigarren txandak iazkoaren aldean. Baina denok goi-goian ibili nahi izaten dugu, txandako beste taldeen maila zenbat eta hobea izan, norberarena ere halatsua izango baita. Arerioak zenbat eta gehiago estutu, norbera hobea izaten da, eta udan bilakaera hobea izaten du.

J.S.: Bigarren txandatik banderak irabazteko aukera egonda ere, inork ez du bilatuko txanda horretan joatea. Errendimendu onaren bila joanda, helburua ohorezko txandan egotea da. Agian, gero, ohorezko txandan ibil zaitezke uda osoan, eta banderarik ez irabazi. Bigarrengoko batek, aldiz, bi lor ditzake.

Liga irabazteko ezinbestekoa al da talde zabala eta ona izatea, ligaren jardunak eskatzen duelako aldaketak egitea egun batetik bestera?

J.S.: Arraunlari gutxiko taldeek ere irabazi izan dute liga.

M.O.: Lehen, errazagoa zen talde txikiekin liga irabaztea, baina orain ere ahal da.

I.M.: Aukeran, handia izatea hobea da, baina ezberdina da handia izatea talde sendo batekin, edo handia izatea talde berri batekin. Talde berriek handiari ez diote zukurik ateratzen. Adibidez: aurten, Hondarribiak eta Santurtzik talde zabalak dituzte, baina ezberdinak dira, Hondarribiak taldea egina baitu, eta Santurtzik ez oraindik, talde berria delako. Uste dut arrazoi horregatik talde handiari zuku gehiago atera ahal diezaiokeela Hondarribiak Santurtzik baino.

J.S.: Zabaltasun horretan, taldea ez badago sendotuta, ematen du beti probak egiten ari dela talde hori. Arraunlariak ere ez du ondo interpretatzen talde handi hori, oraindik egin gabeko taldea bada. Berez ona dela handia izatea kopuruz? Bai horixe. Baina txaluparen errendimendurako ez da beti ondo ateratzen. Talde txikia izateak behartzen zaitu blokea egitera dauzkazun horiekin, eta hori ona da, baina badu arriskua ere: lesioak eta abar. Denak atera behar du ondo, eta ez da erraza.

I.M.: Guk iaz zazpi aldaketa egiten genituen estropadatik estropadara, eta beti ez genion zukua ateratzen, ez baikeneukan blokea eginda. B taldea badugu arraunlari kopurua handitzeko, baina hamazazpirekin geratu gara, eta, beharra badugu, hartuko ditugu bigarren taldekoak.

Oriok ere talde txikia du aurten, baina halabeharrez?

J.S.: Horrela egokitu zaigu, eta B taldea badugu beharra izaten bada. Entrenamenduetan, A taldean blokea egitera joan da, eta bigarrengokoei kosta egin zaie A taldean sartzea entrenatzeko, baina B taldekoen gainean egoteko aukera eman digu horrek. Aurreko urteetan, ez ziren bereizten A eta B neguan, baina aurten bai.

Hondarribian, azken urteetan bezala, arraunlari asko daude, eta denak dira onak. Ondo doana zertarako aldatu, ezta?

M.O.: Gogoeta hau egingo nuke gai horren inguruan: emaitzak lortzera joan zaitezke denboraldi bati bakarrik begiratuta, edo, bestela, aurrera begirako lana ere egin dezakezu. Guk lan dinamika berean segitzen dugu, eta ez du esan nahi luzera begira ere lan egiteagatik unean uneko emaitzak alde batera lagatzen ditugunik. Ondo ibili gara horrela, eta berdin jarraitzen dugu.

Donostiarrarentzat aurten da urtea kale edo bale egiteko, Igor?

I.M.: Ez dut sentitzen horrelako presiorik. Hirugarren taldea dut hau hamar urtean, eta beti joaten naiz lan bat egitera, eta ez urtebeteko epean bakarrik pentsatzera. Luzera begira, norbera egon edo ez, klub batentzat ari gara, eta beti utzi behar duzu zure zerbait talde guztietan.

Orion, iazko urte txarraren ondoren, aurtengoa zer da?

J.S.: Emaitza kontu honetan, gauza guztiak ez daude norberaren esku. Talde bakoitzak bere egoera du, eta bere helburuak, eta bakoitzak badaki zeri atera etekina. Gerta daiteke ondo pentsatutako plan bat ez ateratzea, arrauna arrauna baita. Taldeak hautsi egin daitezke urte batetik bestera, eta bermerik ez dago luzerako egitasmo bat aurrera ateratzeko. Entrenatzeko ardura hartzean, badakigu lekuak gauza asko baldintzatzen dizkigula, baina ez dugu hasi behar kale edo bale, irabazi edo ezer ez. Hori pentsatzen duenak ere asmatuko balu urte horretan garaipen asko lortzen, ispilu ona uzten du klub horretan, eta horrek lagundu egiten dio atzetik datorrenari. Baina horretara bakarrik joateari ez diot zentzu handirik ikusten. Luzera begirakoa eta unean unekoa uztartzea da garrantzitsua, baina egoerak baldintzatzen du dena, norbere pentsaerak edo filosofiak baino gehiago.

Hondarribiak ez du neguan aurreko urteetako distirarik erakutsi emaitzei dagokienez. Zer esan nahi du horrek?

M.O.: Guk lan ona egin dugu, baina aurkariek hobea, eta hori gertatu zen, adibidez, Oriako Jaitsieran Oriorekin. Beste estropada batzuetan, Donostiarrak eman du sekulako maila, aurreko urteetan eman ez duena.

Kezka sortzen dizu horrek?

M.O.: Kezka ez. Saiatuko gara ahalik eta ondoen ibiltzen. Aurreko urteetan, garaipen asko lortu ditugu, eta berdin ibiltzen saiatuko gara, baina edukiko dugu pazientzia puntu bat. Emaitzei dagokienez ez daukagu hainbesteko beharrik edo gainkargarik, eta aurrera begirako beste lan batzuk egiteko aukera izan dezakegu, Betiere onartuz pazientzia gehiegi edukitzea ez dela ona, lo hartzeko arriskua egoten baita.

Igor, zuen azkeneko bi garaipenek konfiantza handia emango zizueten, ezta?

I.M.: Bai. Sentipen onak ditugu, eta badakizue ez zaidala gustatzen sentipenez hitz egitea, oso subjektiboak baitira. Oraingo estropadek erakutsi digute gai garela lan ona egiteko hasi eta buka, eta barrura begira hartu dugu indarra.

Zuek, Jon, neguan, etxeko estropadan jo zenuten goia. Hortik aurrera, zer egin duzue?

J.S.: Egin dugunari balioa eman nahi diogu, baina hankak lurrean dauzkagu; kontuz eta errespetuz ibili behar dugu.

Harritu zaituzte talderen batek prestakuntza garaian?

J.S.: Ez. Gure kasuan, Aste Santuan harrituta nengoen gure mailarekin.

I.M.: Ez. Gureari begira, martxora arteko lana oso esker onekoa izaten da, azaroan hasten baikara nazka ematen [barrez], eta, denbora tarte horretan, dena izaten da onerako. Apirila eta maiatza arriskutsuak izaten dira burua nahasteko, eta horregatik ez dugu trainerillarik egin, traineruan buru-belarri ibiltzeko. Bi hilabete hauetan ere asko hobetu dugu; etekin handia atera diogu traineruko lanari, eta oso gustura gaude egindako lanarekin.

M.O.: Ikusita zer talde dauden, ez nau ezerk harritu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna