urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Kataluniako korapiloa

2021eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Azken urteotako hauteskunderik tristeenak dituzte Katalunian, pandemiaren erdian, eurek hautatu gabeko datan eta erabateko ziurgabetasunean. Duela hiru urte pasa parlamentua azkenez hautatu zutenean, autonomia kendu berri zieten, Alderdi Popularraren Espainiako gobernuak izendatutako agintariak zituzten Generalitat-ean, eta erbestearen, espetxeratzeen eta, oro har, errepresioaren shock-ean zegoen herrialdea.

Shock egoera hartan ere, ez zuten lortu independentismoa elkarrekin joatea bozetara, eta Ciudadanosek lortu zuen lehen indarra izatea, beregan pilatuz boto unionista ia guztia, PP botoz hustu ondoren eta PSCri ere nabarmen erasanda. Edozelan ere, blokeka begiratuta, independentismoak gehiengo osoa zuen berriz ere, ERCren apustuak kale egin zuen arren: urriaren 1erako lan handiena haien eta CUPen militanteek egin zuten —baita beste independentista askok ere, Ipar Katalunian boto-kutxak ezkutatuz, adibidez— baina Carles Puigdemonten ausardiarik gabe, erbestetik etengabe erakutsi duen alimaleko gaitasun politiko eta diplomatikorik gabe, egungo porrot sentipena askoz handiagoa izango zen.Inori leziorik eman gabe, Euskal Herritik inori leziorik ematea ez da kontua, baina katalanek eskatutako aholkuetan erantzun batek esperientziaren balio erantsia zeukan: espetxetik ezin da ezer antolatu, kalean daudenek gidatu behar dute mugimendua.

Gerokoa ezaguna da: Puigdemont ERCri gailendu arren, alderdi horretatik parlamentua gidatzeko hautatutako Roger Torrentek, beldurrez, atzera egin zuen presidente erbesteratua berriz Generalitateko buru izateko bozketa egitean. Errepresioa hasia zen alderdia higatzen, eta independentismoaren baitako bi indarren arteko zatiketa inoiz baino sakonagoa da. Espainian gobernuak eskuinetik ezkerrerantz egin du ordutik, besteak beste hala izateko apustua egin zutelako Euskal Herriko eta Kataluniako abertzaleek. Aldaketa begi bistakoa izan da; pandemiaren osasun-kudeaketa nabarmen hobea izan zitekeen, baina enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteek milioika familiaren egoera leundu dute. Gatazka politikoan, alabaina, ERCren botoari eusteko ukitu kosmetikoren bat gorabehera, ezer gutxi egin du Moncloak: badakite errepublikano katalanen botoen menpe egonda ere, alderantziz ere badela Oriol Junquerasen jarraitzaileekin. Euskal Herrian espetxeetako korapiloa askatzen nabari dugun artean—are gehiago kartzelen transferentzia iristean—, Katalunian «saltzeko» gutxi dauka ERCk independentismoaren eremuan. Aitzitik, ezin ahaztu ERCk izan duela historikoki boto periferiko bat Bartzelonako aldirian PSC eta ICV historikoaren inguruan—gaur En Comu-Podem—.

Egiaz, besteen zakutik boto gehien har ditzakeen eta besteen zakuan boto gehien duen alderdia da ERC: CUP, JxCat, PSC zein En Comu-Podemekin ditu eremu partekatuak. Lehen hiruretan izango da, PSC eta JxCat-ekin batera —eta kasu, baliteke Vox laugarren geratzea, Cs-en eta PPren kalterako—. Ohi bezala, garrantzi berezia izango du nor gailentzen den independentisten artean. Inkestek diotenez, Laura Borras eta «Bruselako bidea» (Puigdemont), Pere Aragones eta «Lledonerseko ildoaren» (Junqueras) aurretik geratuko dira. Lehenaren karisma eta emozio independentistaren ondoan, bigarrenak zentraltasuna eta kudeaketa irudia eman ditu, orain artean alderantziz ikusiko genituen eran.

Kontuak kontu, JxCek nekez eratu ahalko du gobernu indartsurik eremu independentistatik kanpo, eta ERCrekin egindako bideak guztiz agortua dirudi. ERCk, aldiz, unionismo ezkertiarrarekin sintonia handiagoa dauka, azken egunotan emozio independentistari heldu arren. PSCrekin gobernu-itunik ez egitea sinatu duteasteon gainontzeko alderdi independentistekin batera —presioa ERCrentzat baino ez zen, bistan da—, eta horrek izan lezake ondoriorik ERCtik urruntzeko Bartzelonako aldirian hurbil izan zitzakeen boto-emaile batzuk.

Nire kiniela JxC-PSC-ERC da, baina, esan bezala, independentisten artean nor gailendu izango da gakoa. Moncloan ere badakite Salvador Illa ez dela president izango: ERCk babestu ezean, Voxerainoko unionismo eskuindar guztiak haren alde egin beharko luke —eta egingo luke, aurkeztuko balitz—. PSOEn badakite horri ezin diotela aukerarik eman.

Moncloarentzat interesgarriagoa da ziur aski ERC buru duen gobernua, ezkerreko indarrekin adostuta. PSCrekin gobernu-akordiorik gabe, ados, sozialistek erraz ahalbidetu dezakete hori gertatzea, eta oso tentagarria izan liteke ERCrentzat ere —betiere, En Comu-Podemek hartuko duen kolpea iragartzen diotena baino txikiagoa bada—. ERC hirugarren eta presidentetza eskuratu? «Gobernagarritasunaren» izenean argudiatzea gerta liteke, aurreko biek babesik aurkitu ezin dutenez. Beste alternatiba berriz bozetara joatea baita; denek dakite hori ere gerta litekeela, baina zeinen itsusia den halakorik aipatzea hauteskundeak egin ere egin ez direla. Kasu abstentzioak eman ditzakeen ezustekoekin ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.