Albistea entzun

Musika mailu, entzulea ingude

Bihar beteko da mendea Pete Seeger folk kantari estatubatuarra jaio zela. Herri musika tradizionala hartu eta garai hobeagoak zizelkatzeko tresna gisa erabiltzen saiatu zen ibilbide oparoan. Jarrera horrek jazarpena ere ekarri zion. Haren hainbat grabazio argitaragabe plazaratuko dituzte bihar.
Pete Seeger, 1944an, sindikatu baten egoitzaren inaugurazioan kantari, Washingtonen. Eleanor Roosevelt ageri da argazki erdi-erdian, eserita.
Pete Seeger, 1944an, sindikatu baten egoitzaren inaugurazioan kantari, Washingtonen. Eleanor Roosevelt ageri da argazki erdi-erdian, eserita. FSA / OWI Tamaina handiagoan ikusi

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2019ko maiatzak 2

Badira bost urte luze Pete Seeger (New York, 1919-2014) musikaria hil zela, eta haren ibilbideari gorazarre egitera datorren lan bat argitaratuko dute bihar, jaio zela 100 urte betetzen diren egunean: Pete Seeger. The Smithsonian Folkways Collection. Sei CDk osatzen dute lan horren ardatza. Hor daude Seegerrek banjoa lagun klasiko bihurtutako guztiak: If I Had a Hammer; We Shall Overcome; Turn, Turn, Turn; Goodnight, Irene; eta beste hamaika. Baita orain artean ezagutzen ez zitzaizkion hogei abesti ere, kolaborazio berezien eta zuzeneko emanaldi historikoen grabazioekin batera. Diskooz gain, argazkiz, datuz eta aipuz beteriko 200dik gora orriko liburu bat ere argitaratuko dute. 1940ko hamarkadan The Almanac Singers taldearekin —Woody Guthrie kide zuela, besteak beste— hasi eta The Weaversekin jarraitu zuen 60tik gora urteko musika eta ekintzaile ibilbidearen errepasoa egiteko tresna.

Alderdi Komunistako kidea gaztetatik, AEB Ameriketako Estatu Batuetako herri musika ezagutzeko eta jasotzeko ardura hartu zuen Seegerrek oso gazte zela. 36ko gerrako Songs of the Lincoln Battalion grabatu zuen, 1940an, The Almanac taldeko hainbat kiderekin. Talde osoarekin, berriz, Songs for John Doe, Talking Union, Deep Sea Chanteys and Whaling Ballads, Sod Buster Ballads eta Dear Mr. President argitaratu zituen 1941-1942 epean. Kantu bakezaleak, estatuen interbentzionismoaren aurkakoak, kantatu zituzten II. Mundu Gerra betean, Alemania naziak SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna inbaditu zuen arte. Ordutik, AEBak gerran sartzearen aldeko kantuak egin zituzten, eta, gerra hasi zenean, taldea desegin zuten.

Gerraostean sortu zuten The Weavers, 1948an. Arrakasta lortu zuten folka eta aldarrikapena uztartzeko formularekin.

Talde bietan kide izan zuen Lee Haysek hau idatzi zion Seegerri, 1977an: «The Weaversek ekarpen politiko, sozial eta musikal izugarria egin zuen. AEBetako erdialdean Joe Hill kantatzerik ez genuen arren, aurretik ezagutu gabeko kontzientzia maila bat sustatu genuen». Eta Joe Hill kantaren The Weaversen 1946ko grabazio argitaragabe bat entzun daiteke bihar plazaratuko duten bilduman. Kanta horrek bazuen garrantzia Seegerrentzat, John Hill folk kantari eta sindikalistaren mamua baitu protagonista. Eta Seeger, folk musikaren maitale eta berritzaile izateaz gain, sindikalista ekintzaile ere baitzen. Ekintzailetza horrek ekarri zizkion ondorioak ez ziren beti parte onekoak izan. 1940 eta 1970eko hamarkaden bitartean, FBIk zelatatu egin zuen. Hari buruz osatu zuen 1.800 orriko txosteneko hainbat orrialde 2015eko abenduan argitaratu zituzten, musikaria hil eta ia bi urtera. Txosten horretan daude jasota Seegerren lan arrakastatsua ezabatzeko aginduaren nondik norakoak.

1955 eta 1962 bitartean, grabazio kontratua galdu zuen; prentsatik, irratitik eta telebistatik desagerrarazi zuten; kontzertuak emateko aukerak urritu zitzaizkion; aldiro aurkeztu behar zuen agintarien aurrean; atzerrira joaten zenean, CIAk zelatatzen zuen... Gerra Hotz urteak ziren, komunistak AEBetako etsai nagusi bihurtu zituen Joseph McCarthy senatariarenak, eta Seeger orbita komunistan kokatu zuten. Urtebeteko kartzela zigorra ere ezarri zioten, baina bete beharrik gabe pasatu zuen trantzea.

Institutu, unibertsitate campus eta mota askotako mobilizazioak —sindikalak, ekologistak eta eskubide zibilen aldekoak— bihurtu ziren Seegerren plaza nagusi. Haren kantak AEBetako folk mugimendu berriko kideetan ernatu arte. Euskal Herriraino ere heldu zen haren itzala. 1971ko otsailaren 9an, Ez Dok Amairukoek gonbidatuta, Donostiako Viktoria Eugenian kantatu zuen.

Ehunka grabazio

«Ziur naiz egin zuen guztiaz harro zegoela», adierazi du Jeff Placek. Berak zuzendu du mendeurren bildumaren proiektua. Smithsonian Herri eta Kultur Ondare Zentroko (Washington) artxibozaina da Place, eta urteak egin ditu Seegerren mendeurren lana prestatzen. Ez du lehen aldia AEBetako folk musikako kondairen lanak gizarteratzen: Leadbellyren eta Woody Guthrieren bildumak emanak ditu aurretik.

Placek berriki adierazi duenez, bi lanoi orain Seegerrena erantsitakoan, AEBetako musika munduan XX. mendean gertatu ziren aldaketa garrantzitsuei buruzko historia kontatzen duen trilogia bat itxiko du. «Seegerrek Folkways [irabazi asmorik gabeko] zigiluarentzat grabatu zituen 70 albumez gain, 300 zinta geneuzkan. Oso litekeena da hura ez egotea ados bilduma honekin, ez zelako nabarmendu zalea, baina zor genion hainbeste».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Askotariko materialez egindako lanak ikus daitezke <em>Gaurko euskal eskultura</em> erakusketan. Irudian, Guillermo Olmo eskultorearen <em>Arina</em> lana. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Eskulturaren topalekua

Olatz Enzunza Mallona

Santurtziko Azken Muga elkarteak 95 artistaren lanak bildu ditu 'Gaurko euskal eskultura' erakusketa ibiltarian. Otsailaren 16ra arte ikusi ahal izango da
Pantx Records kolektiboko kideek Durangoko Azokan aurkeztu zuten bilduma. ©FACUNDO QUEVEDO TRONCOSO

Euskal Herritik Kingstonera

Alex Uriarte Atxikallende

Pantx Records kolektiboak 'Reggaean jarrai: Euskal folklore jamaikarra' izeneko bilduma kaleratu du. Euskal ondarea eta kultura jamaikarra uztartu dituzte proiektuan
Antonio Gramsci pentsalari, idazle eta politikaria. Haren kartzelako gutunak euskaraz irakur daitezke orain. ©BERRIA

Preso denaren kezkak, gutun azaletan bilduak

Ainhoa Sarasola

Antonio Gramsciren 'Kartzelako gutunak' eman du Katakrakek, Ekaitz Sirventen itzulpenean. Pentsalari ezkertiarrak espetxean idatzi zituen 218 eskutitzetan, haren «alde guztiak» aurki daitezke
Mikel Martinez aktorea, Marieta Diaz de Toledo eta Bertol Arrieta saridunekin, atzo, Bilbon. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Gidoia abiapuntu gisa

Andoni Imaz Olatz Enzunza Mallona

Bertol Arrietak, Mikel Fernandinok eta Marieta Diaz de Toledok irabazi dituzte aurtengo Cafe Bar Bilbao antzerki gidoi laburren sariak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.