'Ad minorem Ignatii gloriam'

Konbertsioaren 500. urteurrena ari dira ospatzen Loiolan, Manresan, Erroman eta guarani herriaren lurretan, espainolek eta portugaldarrek infernu bihurtu eta 'The Mission'-en ikusten den paradisutik hurbil. Hilaren 27an estreinatuko du Imanol Rayok 'Iñigo' filma, Ignazio Loiolakoaren dorretxe ondoan.

Iñigo filmaren beste fotograma bat. IMANOL RAYO.
begona del teso
2021eko irailaren 15a
00:00
Entzun
Imanol Rayok (Iruñea, 1984) ez zuen zinemagintza ikasi luxuzko zinema eskoletan. Ez Bartzelonakoetan, ez Madrilgoetan, ez Donostiakoan, ez New York edo Pariskoetan. Bi anai eta Hil kanpaiak lanen autoreak berandu baino lehen erreibindikatu beharreko Andoaingo Zine eta Bideo Eskolan eta Urnietakoan estudiatu zituen kamera, muntatze eta gidoigintzaren sekretuak. Rayok Iruñeko Golem zinema areto preziatu eta estimu handikoetan egiten du behar, filmak proiektatzen. Rayok, ikus-entzunezko unibertsoan eskarmentu handia duen Iker Ganuza laguna ekoizlekide duela, Ignatius Loiolakoaren inguruko bere atrebentzia eta balentria erakutsiko dio munduari hil honen 27an. Non eta Loiolako basilikan (Azpeitia, Gipuzkoa). Noren babespean eta filma bere fundatzailearen inguruko proposamen aparta dela estimatu duen Konpainiarenean.

Iñigo du izenburu 90 minutu baino gutxiago irauten duen lan esperimental honek. Hitzik bat ere ez. Soinuak, berriz, zientoka, milaka. Zaunka egiten dute pelikulan zakur ikusezinek. Kukurruku San Pedroren uzkurtasuna salatu zuen oilar haren ondorengoak. Haizearen txistua zizpuru bihurtzen da arbolen artean. Edo orroa. Urrun-urrunean, errementari baten mailuak izutu egiten du trantze sakonean murgildutako ikuslea. Basoaren, errekaren, soroaren egun/ilunsentiaren murmurio orok hartzen du bere gain narrazioaren, kontakizunaren indarra, zama.

Berbarik ez da ahoskatzen Iñigo filmean, baina inoiz basilika batean entzun eta entzungo den filmik burrunbatsuena da. Andrea Saenz Pereirok —Kubako zinema eskolan ikasia, Ospel eta Irten barrura bezalako labur estrainioetan trebatua, La trinchera infinita-n esku hartua...— jaso zituen soinu eta zarata guztiak zuzenean. Baina gero, Xanti Salvadorrek bere soinu-laborategian alkimia fenomenoa gauzatu zuen, eta, hitzik ez den pelikula batean, Natura mintzatu egiten zaio arras sorgindua den ikusleari.

Hasiera batean, Rayok bestelako zerbait zuen buruan eta erraietan. Kontatu nahi zuen, Jerusalem helmuga zuela, Ignazio Loiolakoak Venezian egindako geraldia. Biltzekoa zen planetako beste lau kantoietatik etorritako bederatzi erlijiokide berriekin. Han eskale ibili zen, eta San Marco plazan egiten zuen lo; han eztabaidatzen zuen erlijioaz bertan finkaturiko hainbat jaun txit goren espainiarrekin...

Hori filmatu nahi zuen Rayok, baina dudatan hasi zen; zer eginhainbeste hizkuntzatan mintzatzen zen gizatalde hori bene-benetan, traiziorik egin gabe, islatzeko? Nolakoak ziren bakoitzaren kultura-manerak? Nolakoak euren hizkeren doinuak? Arraro egiten zaio Rayori, nahiz eta sakon miretsi, Martin Scorseseren Silence filmean portugesez mintzatzen ziren XVI. mendeko apaizak ingelesez aditzea. Baita Japoniako ministroak ere, Japoniako martiri kristauak...

Utzi egin zuen amets hori... eta pandemia lehertu zen. Eta pandemiarekin batera, konfinamendua. Eta kasik klandestinoa izan zen modu batean, kamera gerrillariak balira legez, ordu askotako egun gutxitan filmatu zuen, zuten, Iñigo. Loiolan? Azpeitian? Iruñean? Ez. Nafarroako Arbizu ondoko parajeetan.

Hori bai, abiapuntua dorretxean da. Kaperako erretaula gotikoan den margolan flandriar batean. Luzez begiztatu izan zuen Iñigok Deikunde hori, bere zauria sendatzen eta bere arima mintzen ziren bitartean, Araozko Magdalena koinatak utzitako santuen bizitzak kontatzen zituzten liburuak leituz. San Frantziskoren bizipenak adierazten dituzten orrialde batzuk ere jasotzen ditu kamerak, filmaren lehen pausoetan.

Argi puntu bat iluntasunean

Han, dorretxean, margolan eta liburu artean, parean, hasten da kamera mugitu gabe luze eta urrun jotzen duen ibilaldia. Argi naturalaz baliatu da Javier Agirre Erauso. Zer hobe ilargia, eguzkia, ilunantzak baino ez dituen eta hamalau minutu dirauen plano bat sortu ahal izateko? Zer hobe Josune Lasak mimoz aukeratu lihozko atorra baino, makila bat lagun bakarra, herrenka dabilen soldadu ohiaren gorputza estaltzeko, eta kamerak jasoko duen iluntasunean argi puntu bat izan dadin?

Iñigo hilaren 27an estreinatuko dute. Loiolako basilikan. 500. urteurren honetan. Atrebentzia osoz esan liteke Iñigo Lopez Loiolakoa jakinaren gainean zegoela; susmatu zuela, mendeen joan-etorrian, irudia jaso, gorde eta proiektatuko zuten aparailuak izango zirela. Izan ere, Ediciones Mensajerok plazaraturiko Gogo-Ihardunak-eko Lehen Ejertzizioan (euskaraz eta 28. orrialdean) honako hau idatzi zuen: «Lehen hasiaurrekoa zera da, konposizioa tokia ikusiz. Hemen zera ohartarazi behar da, ikus daitekeen gauza bat kontenplatzen, meditatzen denean (Kristo, adibidez) konposizioa zera izango dela, irudimen-begiez kontemplatu nahi dudan gauza dagoen toki fisikoan ikusi». Loiolan izango da ikusgai Iñigo. Hilaren 27an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.