Olatz Urkia
LEKU-LEKUTAN

Zeharkako kontrola

2021eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Peng Shuai etxean egongo da orain segur aski. Nazioarteko Komite Olinpikoak zabaldu zuen argazkia ikusi dugu denok: irribarretsu ageri da tenislaria, atzean peluxe ilara deigarria duela. Ezer gertatu ez balitz bezala. Ez dakit irribarretsu agertzeko esan dioten, edo berak erabaki duen hori, bere kontakizun pribatuak sortu duen iskanbila ahaztu nahi duen lehena orain bera izango baita. Ez dakit agintariek mehatxatu duten; bisita jasoko zuen etxean, hori ziur. Nik ere behin baino gehiagotan jaso dut, kirolari famatu bat ez naizen eta sareetan salaketarik egin ez dudan arren. Sare sozialetan hitz negatiboak sarriegi erabiltzen dituzten lagun txinatarrek ere jaso dituzte horrelako bisitak. Besterik gabe, bat-batean polizia talde bat etxean sartu zaigu protokoloa besterik ez dela ziurtatuz. Argi utzi nahi digute kontrolatzen gaituztela, eta Peng Shuaiek seguruenik orain egunero dauzka horrelako bisitak.

Beijingek salatu du istorioa politizatzen ari direla. Txinaren aurkako gerra informatiboa dagoela salatzen dutenek esaten dute mendebaldean Peng Shuarinengatik kezka erakutsi duten horiei bost axola zaiela azken finean tenislariaren ongizatea. Argazki irribarretsua ikusi dutenean poztu ordez haserretu egin baitira.

Baina Munduko Tenisaren Erakundeak salatu du argazki irribarretsu hori ez dela nahikoa tenislaria ondo dagoela sinesteko. Bizirik dago bai, baina ez dirudi benetan libre dagoenik.

Ez dakigu benetan zer gertatu den. Ez dute hil, desagerrarazi edo torturatu, baina bada segur aski zeharkako kontrola eta biolentzia honen guztiaren atzean. Berak salatu zuen istoriotik hasita, aspaldi, duela 10 urte.

Peng Shuaik idatzitako salaketa luzea ez dago Weibon, argitaratu eta bi minutura ezabatu zuten zentsoreek. Baina baten bat sarean azkarra izan zen eta, testua kopiatu zuenez, gordeta geratu da. 1.600 hitz dira, kontakizun luzea.

Komunikabideetan 1.600 hitz horiek gehiegi laburtu dira: politikari boteretsu batek bortxatu egin duela diote. Ziurrenik Peng Shuairi ez zitzaion gustatuko bere istorioaren bertsioa. Beretzat hau ez da bortxaketa puntual bat bakarrik izan, psikologikoki hondoratuta utzi duen harreman toxiko luze bat baizik. Bera baino 40 urte zaharragoa eta askoz ere boteretsuagoa den gizonarekin bizitako manipulazioa.

«Asko erakutsi zenidan, historiaz,politikaz. Inoiz ez zitzaizkigun falta hitz egiteko gaiak. Xakean jolasten genuen, ping pongean, billarrean…Tenisean ere bai. Izugarri ondo pasatzen genuen, gure pertsonalitateek erabat egiten zuten bat. Gaztetan utzi nuen etxea eta beti falta izan zait maitasuna. Zuk maite ninduzula esan zenidan, hurrengo bizitzan biok 18 edo 20 urte izatean elkar ezagutzearekin amets egiten zenuen. Zu ere bakarrik zeundela esaten zenuen. Zure posizioan dibortziatzea ezinezkoa zela. Eta nik zure alboan jarraitzea erabaki nuen, isilik, zaratarik egin gabe».

Baina harremanean mespretxua pixkanaka areagotzen hasi eta Peng Shuai gazteak duintasuna galtzen ari zela sentitu zuen: «Zure etxera joateko esaten zenidan bakoitzean zure emazteak nitaz barre egiten zuen. Adibidez, nik ahate mingaina gustuko nuela esan eta berak: 'ze nazka' esaten zuen, edo nik kutsadura zegoela esan eta hori ni landa eremuan bizi nintzelako iruditzen zitzaidala erantzungo zuen. Horrelakoak behin eta berriz. Zu aurrean zinenean ez zuen egiten. Zuk ere era bateko tratua ematen zenidan bakarrik ginenean, eta guztiz bestelakoa besteen aurrean. Pixkanaka nire burua gorrotatzen hasi nintzen».

Harremana Zhang Gaolik puskatu zuen alderdiko lehen lerrora igo zutenean. Baina zazpi urte geroago jubilatu eta berriz itzuli zen: «Tianjingeko tenis zentroko Liu jaunari nirekin harremanetan jartzeko eskatu zenion. Tenisera jolastu nahi zenuen Beijingeko Kang Ming hotelean. Jolastu ondoren, zuk eta zure emazte Kang Jiek zuen etxera eraman ninduzuen. Ondoren zure gelara eraman ninduzun. Duela 10 urte Tianjinen bezalaxe, sexua nahi zenuen. Arratsalde hartan nik ez nuen nahi izan, negar egin nuen. Zurekin eta zure emaztearekin afaltzen nengoela unibertsoaz hitz egin zenuen, esanez haren ondoan ez garela ezer, txiki-txikiak garela esan, area baino txikiagoak. Baina horrek ez ninduen konbentzitu. Afaldu ondoren gorroto ninduzula esan zenuen, urte hauetan guztietan nigan pentsatzen egon zinela, ondo tratatuko ninduzula agindu zenuen baita ere. Ikaratuta negoen. Azkenean, urtetan zuganako sentitu nuen maitasuna kontuan hartuta, onartu nuen».

Horrek erabat ireki zituen berriz zauriak, eta orain, abusu hartatik hiru urte igaro ostean, Peng Shuaik bere istorioa kontatzea erabaki du.

Eskutitzean dio Zhang Gaoli beti zegoela soinean grabagailu bat zeramanaren beldur. Horrelako zerbait gertatuko zen ikara zuen politikariak, eta gertatu da. Orain haserre egongo da, ez du publikoki ezer esan. Gaia isilarazi dute, eta poliki ahaztu egingo dugu. Txinan isilarazi duten MeToo mugimenduaren beste adibide bat gehiago izango da Peng Shuairen istorioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.