Zinema, zuzenean etxera

'Phantom Thread', 'The Florida Project', 'Lucky', 'Buh-ning', 'Jusqu'à la garde' eta 'Entre dos aguas' dira iaz aretoetan estreinatu diren film aipagarrienak. Gero eta joera orokorragoa da, ordea, film ugari etxeko gailuetara zuzenean eramatea. Ondorioz, lan asko ez dira aretoetan estreinatu ere egin.
Paul Thomas Andersonen <em>Phantom Thread</em> izan da urteko film aipagarrienetako bat.
Paul Thomas Andersonen Phantom Thread izan da urteko film aipagarrienetako bat. BERRIA

Gontzal Agote -

2019ko urtarrilak 5
Atzean utzi berri dugun urte zinematografikoari begiratzen hasita, ezuste atsegin bat ekarri du errepasoak: uste baino hobea izan da 2018ak utzi duen uzta. Hori da alderdi positiboa. Pelikula on dezente, bai; beste kontu bat da horiek zinema aretoetan eta pantaila handian ikusteko aukerak gero eta murritzagoak direla.

Izan ere, iazkoa ere izan da aspaldian iragartzen ari zen joera bat finkatu duen urtea: pelikula berriak zuzenean etxeko gailuetara eramatea, zinema aretoetatik pasatu behar izan gabe. Telesailen modak hauspotuta, zinema ekoizpen eta banaketa sistema bere egiten hasi dira erraldoi berriak —Netflix, Amazon eta HBO, bereziki—, eta hori hankaz gora jartzen ari da filmak ikusteko orain arteko modua.

Dudarik gabe, 2018. urtea horregatik oroituko dugu. 2017an izan zen gaiaren inguruko ika-mikarik —Cannesko jaialdian eta Frantziako banatzaileekin, bereziki—, eta iaz joera areagotu da. Urteko pelikularik onenetakoa, Alfonso Cuaronen Roma, zuzenean online, zinema aretoetatik pasatu gabe, estreinatu dute. Eta Coen anaien azkenarekin ere gauza bera gertatu da.

Hori hasiera baino ez da. Aurten, besteak beste, Martin Scorseseren azken filma estreinatuko du enpresa horietako batek, eta gauzak ez badira aldatzen. nekez ikusi ahal izanen dugu pantaila handian. Garai berriak hemen dira.

Jostunaren lezioa

Nolanahi ere, aspaldiko ohiturari eutsiz, iaz aretoetan ikusi ahal izan ditugun pelikularik nabarmenenak errepasatuko ditugu hemen. Denen artean, klasiko garaikide batek egin du —berriro ere— urteko filmik onena: Paul Thomas Andersonek. Bere Phantom Thread dotorezia eta sentikortasun ariketa bikaina da, film bat geruzaz geruza nola eraiki behar den erakusten duen maisulan erabatekoa.

Londresen girotu zuen istorioa zinemagile estatubatuarrak, eta hantxe eraiki zuen alegiazko etxe-atelierra agertoki ahaztezin bilakatu da. Daniel Day Lewisekin berriro elkarlanean aritu zen Anderson. Oraingoan hitza betetzen badu, harribitxi hori izanen da aktorearen pantailetako agurra.

Zinema estatubatuarrak aipamen berezia merezi duten beste bi pelikula handi utzi dizkigu. Bat berritasunarekin lotzen ahal da; bestea, iragan nostalgikoarekin. The Florida Project da lehena, 2017ko Oscar sarien izendapenen babesarekin ailegatu zaigun ezuste gozagarria.

Kolore biziz eta bizitasun koloretsuz, Sean Bakerren pelikulak AEBetako egunerokoaren B aldea erakutsi zigun, 6 urteko neska baten begiradaren bitartez. Film hori ez litzateke hain handia izanen, bere onena erakutsi zuen William Dafoe beteranoaren parte hartzerik gabe.

Bigarrena Lucky da, aktore baten eta garai baten testamentu artistikoa. Bere txikian, John Carroll Lynchek sinatu duen Lucky zinemaren benetako tamaina erakusten duten pelikula bakan horietako bat da. Hil aurretik, Harry Dean Stantonek egin zuen azken lana, Lucky maitasunez egindako film krepuskularra da.

Horiez gain, zinema estatubatuarrari beste hiru aipamen. Lehena, Paul Schraderren berpizte artistikoa, First Reformed. Betiko mamuei heldu die gidoilari-zuzendariak, eta horiekin aspaldiko bere lanik biribilena egin.

Bigarrena, I, Tonya miresgarria. Tonya Harding patinatzailearen biografia baliatu du, gizarte estatubatuarraren erretratu mingotsa egiteko, non lehiakortasunaren eta arrakastaren kultura nagusi diren.

Azkenik, ezin nabarmendu gabe utzi zinema aretoetara beldurra eta sorpresa eraman dituen Hereditary filma, Ari Aster zuzendariaren lehen lan txundigarria beldurrezko generoak iaz utzi digun alerik onena da.

Fikzioa eta errealitatea

Inperiotik kanpo bada zer azpimarratu. Asia aldetik, lehenik eta behin, Lee Chang-Dongen azkena goraipatu behar da, Buh-ning. Haruki Murakami gainbaloratua maite ez dugunok ere, izugarri gozatu dugu korearraren filmarekin. Estetika garbiak eta Patricia Highsmisthen Ripley horretatik ateratakoa dirudien pertsonaia bihurriak iazko onenetakoa egin zuten korearraren filma.

Horrekin batera, Hirokazu Koreedaren urtea izan da 2018a. Manbiki Kazoku-rekin aspaldiko bere lanik ederrena egin du. 2004ko Dare mo shiranai ahaztezinetik ez zuen horrenbesteko laudoriorik jasotzen japoniarrak.

Eta Europa zahar eta nahasian zer? Ohi bezala, Frantziara seinalatzen du iparrorratzak. Beldurrezko generokoa izan gabe, Jusqu'à la garde izan da iazko pelikularik beldurgarrienetakoa. Batez ere, oso erreala delako Xavier Legrandek deskribatzen zuen egoera.

Urteko dokumentalik gozagarriena ere Frantziatik etorri da. Agnes Varda nekaezinak pelikula zoragarri berri bat egin du, Visages villages. Adinarekin zerikusirik ez duen energia erakusteaz gain, ironia eta jakinduria zeinen ongi uztartzen dakien erakutsi du beste behin ere zinemagileak.

Espainia aldetik ere, albiste eder bat. Isaki Lacuestak bere La leyenda del tiempo-ri nolabaiteko segida eman dio Entre dos aguas-en, dokumentalaren eta fikzioaren arteko mugak betiko ezabatu dituen film bat eginez. Era berean, herrialde horren eguneroko gogorraren ikuspegi zehatza oparitu digu zuzendari katalanak.

Horiez gain, ezin aipatu gabe utzi Pawel Pawlikowskiren joera klasikoko Zimna Wojna poloniarra eta zinema italiarrak erakutsi duen sasoia, Alice Rohrwacheren Lazzaro felice eta Mateo Garroneren Dogman-ekin.

Azkenik, euskal zinemarentzat ere oso urte oparoa izan da joan berri zaiguna. Loreak-en mailako fenomeno sozialik ez izan arren, Koldo Almandozen Oreina, Telmo Esnalen Dantza eta Raul de la Fuenteren Another Day of Life-k berriro ere oso goian jarri dute bide berriak urratzen ari den gure zinematografiaren langa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: