Hari izpiak josteko urratsa

Nafarroan euskal kulturak dituen erronkak aztertu dituzte 'Haria izpia hartzen' jardunaldietan. Landu beharreko hiru ardatz nabarmendu dituzte: gazteak, hedabideak eta hezkuntza. Kulturaren transmisioaz ere mintzatu dira, eta euskal kultura artikulatzeko beharra nabarmendu dute.

Jardunaldietako parte hartzaileetako batzuk talde eztabaidetako batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2020ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Paparrean beren izena jartzen zuen itsasgarriaeta eskuan karpeta zuria. Gogotsu sartu ziren, atzo, Iruñeko Kondestablearen jauregira Hari izpia hartzen jardunaldietako parte hartzaileak. Elkarrek, Karrikiri Iruñeko euskaldunen topaguneak eta Nafarroako euskara teknikarien sareak antolatu zituzten jardunaldiak, eta bistakoa zen sortutako ikusmina. 80 pertsonatik gora bertaratu ziren euskal kulturak Nafarroan dituen erronkak aztertzera. Euskal kulturaren erronkak izan zituzten mintzagai, baina baita transmisioari lotutako auziak ere.

Josu Amezaga EHUko irakasleak ekin zien jardunaldiei. Euskal kulturaren kontsumoaren inguruko datuak izan zituen mintzagai Amezagak, eta errealitatearen lehen argazkia ikusi ondotik ekin zioten eguneko jarduerarik garrantzitsuenari; gogoeta gidatuari. Jon Abril Elhuyarreko kideak dinamizatuta, hamabi taldetan banatu ziren parte hartzaileak, eta talde txikitan hausnartu zuten euskal kulturaren erronken inguruan. Nafarroa abiapuntu izanik ere, Euskal Herri osora zabaldu zitezkeen gogoetak egin zituzten bertaratutakoek.

Gogoetaz harago, ordea, proposamenerako jauzia ere egin zuten parte hartzaileek. Hasieran, norberak hausnartzeko tartea hartu zuten, eta, ondotik, taldeetan eztabaidatu zituzten proposamen horiek. Hori horrela, euskal kulturaren ikusgarritasuna, prestigioa, kontsumoa eta transmisioa areagotzeko neurri zehatzak proposatu zituzten taldeka. Bertzeren artean: itzulpengintzari baliabideak ematea, eragileen arteko koordinazioa indartzea, gazteei bideratutako kultur eskaintza sortzea eta euskarazko telebistaren funtzioa aldatzea.

Neurriak anitz izanagatik eta talde txiki bakoitzean proposamen ezberdinak landuagatik, ia talde denek nabarmendutako hiru ardatz azpimarratu zituen Abrilek: «Hezkuntzan eragiteko beharra, gazteak eta hedabideak». Hausnarketa bukatuta, egindakoarekin pozik zen Abril: «Nabari da behar bat badagoela euskal kultura artikulatzeko. Uste dut lehendabiziko hurbiltze moduan oso interesgarria izan dela». Hemendik aitzinerako pausoei begira bertze erronka bat azpimarratu zuen Abrilek: «Martxa hartzeko lidergoa nork hartuko duen».

Hausnarketak Nafarroa zutenabiapuntu, baina, Abrilek nabarmendu zuenez, «arazoa» Euskal Herri osoarena da. Kulturaren alor bakoitzak eta eskualde bakoitzak egoera ezberdina izanagatik, leku guztietan estrategia eta ildo nagusiak ezarri behar direla nabarmendu zuen Abrilek. Kultura alorren artean dauden ezberdintasunak ere aipatu zituen, eta bereziki ikus-entzunezkoetan jarri zuen arreta: «Kontsumitzeko modua hainbertze aldatu den garaian, noraezean, zer egin jakin gabe, gelditu garela uste dut»

Gidatutako gogoeta bukatuta, bertzelako errealitate bat ezagutu zuten bertaratutakoek: Miren Artetxe bertsolari eta EHUko irakasleak Gazteak, bertsolaritza eta hizkuntza identitatea hitzaldia eman zuen, egiten ari den tesia ardatz hartuta. Bertan, Baionako Bernat Etxepare Lizeoko bertso eskolan dabiltzan gazteen hizkuntza baliabideak eta euskaraz bizitzeko ahalegina aztertu ditu. Artetxek bertso eskolan sortzen den «konfiantza giroa» azpimarratu zuen: «Bertso eskola haien espazioa da. Ispiluan identitate positibo bat ikusten dute, gazte izateko modu positibo bat». Bertako partaide izateak ematen dien nortasuna nabarmendu zuen, eta bertso eskolako giroak berarekin dakarren pentsatzeko joera ere bai. «Bertso eskolan ongi ikusia dago eztabaidatzea, gauzak zalantzan jartzea... Gogoetarako espazio bat da, bertze espazio batzuetan egin ezin dutena».

Transmisioa ere aipatu zuen Artetxek. Haren iritziz, bertso eskolak bide ematen dielako eskolarekin eta etxearekin «hautsi» eta beraien balioak adierazteko. Artetxeren hitzetan, haustura hori da transmisioa. «Transmisioa beti goitik behera erakusten dugu, baina transmisio hori horizontalki ere gertatzen da».

Bertze eremuetan ere bai

Iparraldeko bertso eskoletako «konfiantza giro» hori gainontzeko eremu geografikoetan ere gerta daitekeela nabarmendu zuen, batez ere eremu ez hain euskaldunetan. Eta bertso eskolaz harago, bertze sormen guneetan ere jarri zuen begirada. Artetxeren ustez, gazteak sortzeko elkartzen diren eremu guztietan baldintzak ematen dira horrelako fenomenoak gerta daitezen.

Kulturaren transmisioan Euskal Herriko hiru esperientzia partekatuz bukatu ziren jardunaldiak. Lehenengo hazia jarri ondotik, ikusteko dago nor arduratuko den hemendik aitzinera landare berriak landatu eta daudenak ureztatzeaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.