Ikusi Mikusin ikusi-makusian

Ikusi Mikusi haur eta gazte literaturaren euskarazko lehen azokak bortak zabaldu zituen atzo Saran. Osasun ziurtagiriak zailtasunak ekarri dizkie Hego Euskal Herriko haurrei. Baina zailtasunak zailtasun, egun arrakastatsua izan da. Gaur familien eguna da; bihar Idazleen Biltzarra abiatuko da.

Sara bilakatu da munduko lehen euskara hutsezko haur eta gazte literatura azokaren herria, Ikusi Mikusi azoka. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Sara
2021eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Sarako Idazleen Biltzarrak badu umea: Ikusi Mikusi. Baina Kiriku haur pertsonaiak bezala, sortzetik badaki ibiltzen eta eleka.

Baziren behin euskara, haurrak, gazteak eta haien literatura. Pertsonaia hauen arteko lehen ipuina idazten hasi dira Kiribil etaGaltzagorri elkarteak, Pamiela argitaletxea eta Sarako herria (Lapurdi). 900 haur baino gehiagok nahi izanen zuketen egun historikoan parte hartu; alta, ezezkoa eman behar izan diete. Arrakastaren txanponaren bertzaldea. Edonola ere, 700 inguru izan dira bildutakoak, ez gutxi.

Sarako karrikak orriak balira bezala mugitzen dira: Ikusi Mikusi azokaren bederatzi guneetatik haizea bezain arinki aldatzen baitira lekuz haurrak. Bistak ezin segituzko kadentzia ezarri du martxan literaturak, erritmo biziko ipuina hautatu dute antolatzaileek. «Bonu honekin norberak nahi duen bere liburua erosiko du», azaldu die Paxkal Indo antolatzaileetako batek haurrei.

Une hori zaio gozoena egin Amaia Hennebutte-Millard azokaren bultzatzaileari: «Hunkitzen nauena da bonuak banatzean zer sua ikusten den haurren begietan, erranez etxerat eramateko dela... Liburua objektu gisa ez da galdua; gainera, albumak objektu artistikoak dira».

Galtzagorri elkarteko lehendakaria izateaz gain, Senpereko (Lapurdi) Kiribil elkarteko kide ere bada. Badira urteak Montreuileko (Frantzia) haur eta gazte literaturaren azokarat doala: «Munduko haur literatura azoka da, erreferentea da, modeloa da denendako. Behin piztu zait gogoa halako Euskal Herrian ere egitea, ez baitugu halakorik. Ez dugu agerian ezartzen gure haur eta gazte literatura; alta, gaur egun bada»

Begiak pozez ñir-ñir ditu, irria ezpainetan, kontent promenatzen ari da Battitt Laborde herriko auzapeza. Ipuinaren lehen lerroak izkiriatzen lagundu du; bere gisa: «Zoratuta egoki gara, aspalditik amesten ibilki baikara honekin, duela hiruzpalau urte. Eskuekin egin behar direnetan lagundu dugu. Ez dugu suerterik izan helde horrekin dena gibelatu baita: xuxenez sortua behar zuen haurrak, baina aurten sortu da. Denak alde dira, zeru ederra! Ikaragarriko giro goxoa da!».

Lur Berri gela da egoitza nagusia, bertan baitaude argitaletxe guziak. Kadira jokoan bezala, inguruka ari dira haurrak; begiak zabal-zabalik, liburuak beha dira, ia nork eginen duen beraien preziatzeko geldialdia.

Zeru garbiak badu hodeirik

Amaiurko (Nafarroa) 29 haurrek egina dute bere hautua. Ikusi Mikusiren gertakari nahaslea kontatu du Nora Salbotxek, ipuinaren orri goibelak: «Sekulako saltsa izan da, osasun ziurtagiriagatik, Guardia Zibilarengana joan behar izan da haur bakoitza baimen eske... Baina nahi genuen halamoduz hemen egon!». Horrek, hala ere, ez dio bukaera ozpindu: «Iruditzen ari zait zoragarri; liluratuta nago! Hau luxu bat da!».

Gustu ororendako bazka dago. Onddo aulki alaietan jarririk dira batzuk, eskura dauden liburu andanetako batzuk irensten, kolore guzietako unibertsoetan murgildurik, bizkarra borobildurik.

Ixabel Milletek Amalur liburu-kamishibaiarekin irudimena harrotu nahi du. Horregatik, Ximo ilustratzaileari abstraktua egitea eskatu dio, ez baitzuen Amalur figuratiborik nahi. Milletek bere burua «bere tokian» sentitzen du Ikusi Mikusin: euskara hutsez inguraturik.

Euskara hutsa denen hatsa

Laborde auzapezak ere ezaugarri linguistikoa azpimarratu du: «Hainbertze haur euskaraz, badakizu zer hazia den hori? Ondorioak ekarriko ditu, ederra da!».

Eki pean, eguerdi jo du, Axularren elizako dangek tripa zorriak iratzarri dituzte: haur parkeak jantzi du jantokiaren mozorroa. Baina horrek ez du eten joan-jinen labirintoa. Alta, ez da galtzerik, Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasle batzuek hartu baitute barne-seinaletikaren ardura.

Hizkuntzak ere badu bere norabidea: euskarak du iparra markatzen. Elebakartasunaren oasi emankorraz jabetua da Hennebutte, aldarrikatu egiten du: «Euskara hutsean den literatura ekarri dugu. Izan ere, hizkuntza gutitu eta hegemoniko harremanean, liburu batean bi hizkuntzak elkarren ondoan badira, frantsesezkoa irakurriko dut. Haurrek ere gauza bera eginen dute. Euskarari behingoz tokia eskain diezaiogun!».

Pilota plazako karpak ikasleek Ikusi Mikusirako bereziki sortu obrak erakusten ditu. Ziburuko (Lapurdi) Piarres Larzabal kolegioko collagearen egileetako bat da Ainara Barinaga: «Aire hartzeetan egin ditugu. Hasi gara aldizkarietako paperak kolatuz, nahasi ditugu koloreak, distirak...». Nora Plak ere parte hartu du: «Euskara kurtsoan ere literaturako hitzak kolatu ditugu. Nik kantua hitza». Idoia Narbartek bereziki maitatu du Pantxix Bidarten Odisea ikusgarria, eta Aitorren ametsa komikia erosi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.