Auditoriuma, nahi eta ezin hori

Azken urteetan, eztabaida handia eragin du Gasteizen antzoki berri bat eraikitzeko planak. Zenbait proposamen egin badira ere, adostasun politikorik gabe jarraitzen du planak oraindik. Gorka Urtaranek hirugarren saiakera egin nahi du orain, baina haren nahiak ere zalantza ugari eragin du.

BAI Center eraikin multzoko auditoriuma berreskuratu nahi du Urtaranek, kokapen berrira egokituta. Irudian, orduan egindako muntaketa. BERRIA.
aitor biain
Gasteiz
2020ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Gasteizen auditorium bat eraikitzeko proiektua behin eta berriz atzeratzen ari da. Eztabaida luzeko egitasmo bat izan da hasieratik, eta adostasun politikorik gabe jarraitzen du oraindik ere. Ia bi hamarkadako ibilbidean, udal gobernu bakoitzak bere egin du antzoki berriaren plana, baina inork ez du eraikitzeko adostasun nahikorik lortu. Hala ere, hamar milioi euro gastatu ditu udalak orain arteko egitasmoetan.

Gorka Urtaran alkateak hirugarren saiakeran diharduorain, eta aurreko asmo guztiak bildu nahi ditu antzoki berrian 1.500 lagun hartuko lituzke, eta, kontzertu sinfonikoez gain, kongresuak egiteko ere balioko luke eraikinak. Musikaren pasealekuan ezarriko litzateke. 2023ko udaberrirako amaitzea nahi du alkateak, baina zail du helburua betetzea: katramilatuta dago berriz proiektua.

Alkateen nahi handiak

2002an egin zuen Alfonso Alonso popularrak lehen saiakera. Kulturaren hiriko tenplu berria izan nahi zuen Musikaren eta Arte Eszenikoen Jauregiak. Sona handiko bost arkitekto gonbidatu zituen udalak proiektua aurkeztera, baina, azkenean, Juan Navarro Baldewegen Kutxa magikoahautatu zuten. Guztietan garestiena zen, eta are eta garestiago bilakatu zen zehaztasunak argitzearekin batera. Izan ere, udalak 30 milioi gastatzea zuen aurreikusia, baina 77 beharko zirela jakinarazi zuen alkateak gero. Adostasunik lortu ez zutenez, bertan behera geratu zen.

Huts egin zuen bigarren saiakerak ere. Patxi Lazkozalkate sozialistak aurkeztu zuen plana, 2008an: BAI Center (Business and Arts International Center) izeneko eraikin multzoa. Kultur eta kirol jarduerak egiteko toki bat izan behar zuen, eta horien artean izango zen auditoriuma ere. Lakua auzoan egitea zen orduko udalaren asmoa, eta hiriaren antolaketan «eragin nabarmena» izango zuela adierazi zuten agintariek, bai ekonomikoki, bai bisualki; besteak beste, Bilboko Guggenheim museoaren pare jarri zuten proiektua. Mariano Bayon arkitektoaren ardura izan zen eraikin multzoa diseinatzea; auditoriumaren diseinua, berriz, Yasuhisa Toyota izen handiko arkitekto eta akustikan adituari esleitu zioten. 1.550 lagunentzako lekua izango zuen antzokiak, eta askotariko emanaldiak egiteko gune bat izango zen. «Munduko musika panoramaren lehen lerroan kokatu nahi dugu Gasteiz», adierazi zuen Lazkozek orduan.

Alkatearen nahi handiek, baina, kostu bat zuten, eta ez nolanahikoa: 157 milioi eurokoa, hain zuzen ere. «Faraonikotzat» jo zuten proiektua oposizioko alderdiek; gehiegizkotzat, ate joka zegoen krisi ekonomikoaren garaietarako. Eraikitze lanak hasi zituzten, nolanahi ere, baina ez zuten luzaro iraun. Alderdi sozialistak alkatetza galtzearekin batera amildu zen Lazkozen ametsa.Izan ere, Javier Marotok bertan behera utzi zuen proiektua, udalaren egoera ekonomikoa «delikatua» zelako, eta obraren kostua «handiegia». Autobus geltokia eraiki zuen haren tokian, eta auditoriumaren beharrari erantzuteko, berriz, Europa jauregia berritzearen alde egin zuen. Bi auditorium ditu egun eraikinak, 770 eta 450 ikuslerentzako tokia dutenak. Baina horiek ere ez dituzte ase antzokiaren aldekoak.

«Ordaindutakoa»erabili

2019ko udal hauteskundeetan, hizpidera atera zen azpiegituraren auzia ostera ere. Urtaranek jakinarazi zuen orain arteko proiektuak baliatuz eraiki nahi zuela antzoki berria. «Udalak ordaindu zuen proiektuarengatik; beraz, orain dugu aukera paregabea aurrera ateratzeko». Hain zuzen, Lazkozek aurkeztutako BAI Centerreko auditoriuma berreskuratu nahi du egungo alkateak, baina Alfonso Alonsok proposatutako tokira egokituta. Urtaranek, halere, aurreko kasuetan gertatu moduan, oposizioaren babesa beharko du plana aurrera eramateko, eta garesti du hori.Alkatea konbentzitzen saiatu zen orain aste batzuk arkitektoarekin eta alderdi politikoekin egindako bileran, baina zalantza ugari daude oraindik.

Izan ere, hamabi urte igaro dira diseinatu zutenetik, eta, ondorioz, materialekin eta energiarekin lotutako hainbat irizpide eguneratu beharko lirateke, kokapen berrira egokitzeaz gain. Horrez gainera, oposizioak salatu du udalak lehiaketa publikorik egin gabe adjudikatu nahi duela egokitzapena egiteko proiektua. Oraingoz, halere, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ez dute antzokiaren beharrik ikusten, eta PPk ere ez du aldeko jarrerarik erakutsi. Adostasunik gabe jarraitzen du auditoriumak oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.