Zaintzari buruzko lezioa

Zaintzaren barruan edertasuna ere badela erakutsi nahi du 'Ama. Edertasun latza' Marie de Jongh konpainiaren lan berriak. Antzerki taldeak helduentzat egindako lehenengo obra da, baina nahiko lukete gaztetxoak ere erakartzea aretoetara. Gaur estreinatuko dute antzezlana, Barakaldo antzokian.

Marie de Jongh konpainiako aktoreak, Ama antzezlana entsegatzen; gaur arratsaldean estreinatuko dute. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Barakaldo
2022ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Ohe bat eta eskailera batzuk agertokiaren erdi-erdian. Eta haien inguruan, lantaldeko kideak joan-etorrian. «Prest?», galdetu die halako batean Jokin Oregi obraren egile eta zuzendariak aktoreei. Argiak itzali, eta isiltasuna nagusitu da Barakaldo antzokian (Bizkaia). Handik segundo gutxira, adineko bikote bat agertu da taula gainean, melodia goxo batek lagunduta. Elkar laguntzen ari dira, baina, biak jarlekuan esertzeko, nolabaiteko zirkulu batean sartuta daude: bat esertzen denerako, bikotekidea laguntzera joan beharra du besteak. Horixe du ardatz Marie de Jongh konpainiaren Ama. Edertasun latza lan berriak: elkarren arteko zaintza. Duela lau urte hasi zen Oregi obra mamitzen, eta bide «luze» horren ostean, gaur arratsaldean estreinatuko dute, Barakaldo antzokian.

Oholtza gaineko pertsonaien aurpegiak dira, zalantzarik gabe, deigarrienak. Aurpegiak erakutsi beharrean, maskara batek estaltzen du horietako bakoitza. «Zero maskara deitu diogu horri, neutrotik harago doan zerbait delako. Kolokan jarriko du gizatasuna: pertsonaiek ez dute begirik, ahorik, sudurrik...», kontatu du zuzendariak. Hala, pertsonaia bakoitza objektu bilakatuko da oholtza gainean: «Subjektuaren eta objektuaren arteko dantzan ibiliko gara etengabe, hari fin horren barruan, orekari lanetan». Hautu horrekin artifizialtasun handiagoa lortu dutela uste du. «Baina artifizialkeria horren guztiaren barruan, egia gertatzen da, eta emozioak ere hor egongo dira».

Pertsona hauskorren «berezko indarra» izango du hizpide antzezlanak. «Super-antiheroiei buruzko istorioa da», diote euren webgunean. Zuzendariak zaintzaren balioa nabarmendu nahi izan du: «Hitz egin beharreko eta hausnartu beharreko gaia da zaintza». Ikuspuntu negatibo batetik begiratu beharrean, baina, positibismotik eutsi dio gaiari: «Zaintzaren barruan edertasuna ere badagoela erakutsi nahi dut, eta edertasun horrek itxaropena sortzen digu gizarte gisa». Izenburuak berak ere, zaintzaz arduratu diren emakume guztiak hartzen ditu barnean. «Hau da, emakumeen gehiengoaz ari naiz», dio Oregik.

Mario du izena pertsonaia nagusiak, eta haren rola Oregik berak beteko du. «25 urte inguru daramatzat oholtzara igo gabe; erronkatxoa izango da niretzat». Loft batean bizi da Mario, lantoki eta bizileku den espazioan. Margolaria da, aita bezala, eta «noraezean» dabil. Izan ere, adinean gorantz doazen gurasoen zaintzaz gain, alabarena kudeatzen ere ikasi beharko du: «Gurasoak zahartzen ari dira, eta alaba gaztetxoak ere zaintzeko premia handia du, baina kontua da sekula ez duela ikasi nola egiten den. Ez du jakingo nola egin aurre egoera horri». Pixkanaka, zaintza lanak egitera ohituz joango da Mario, eta, amaiera aldera, «esperantza puntu bat» ere egongo dela aurreratu du zuzendariak.

Oregiz gainera, beste sei aktore ere arituko dira taula gainean: Ana Martinez, Javier Renobales, Anduriña Zurutuza, Maitane Sarralde, Joseba Uribarri eta Amets Ibarra.

Emozioak dantzan jarriko dituen ikuskizuna izango dela uste du Oregik. Gainera, orainaren eta iraganaren arteko jauzien bitartez, etorkizunik ba ote dagoen aztertuko dute pertsonaiek. Betiere, benetako errealitatetik aldendu gabe: «Ez dugu errealitate gordina ezkutatu ez makillatu nahi, baina benetakoa dena surrealismoarekin nahastea interesgarria iruditu zaigu».

Lehenengoz, helduentzat

Marie de Jonghek «beste urrats bat» egin du Ama-rekin. Izan ere, aurrenekoz, publiko helduarentzat izango da. «Baina, oxala gaztetxoak ere gerturatuko balira», dio zuzendariak. 12 urtetik gorako guztiei egin die antzokira gerturatzeko gonbita: «Helduentzako obretan, sarritan, ez ditugu gaztetxoak ikusten, eta pena da. Oso aberasgarriak izan daitezke beraientzat».

Helduentzako obra bat egiteko jauzia nahi gabe egindako hautu bat izan da: «Faktore asko nahastu dira, eta gure erosotasunetik ateratzeko aukera eman digu». Hala ere, orain arteko lanetan bezala, konpainiaren bi ezaugarri nagusiak mantendu dituzte orain ere: antzezlan osoan ez da hitzik egingo, eta istorioa originala izango da, «zerotik asmatutakoa». Berbarik gabeko antzezlana izango bada ere, musika presente egongo da obrak irauten duen 75 minutuetan. Gainera, atzealdeko pantaila baten bitartez, ulermena erraztuko duten hitz gutxi batzuk proiektatuko dituzte.

Gaurko estreinaldiaren ondoren, Bilboko Arriaga antzokian izango dira martxoaren 5ean eta 6an. Aurrera begira ere, bira bat egingo dute, eta, besteak beste, Eibarren (Gipuzkoa), Valentzian (Herrialde Katalanak)eta Sevillan (Espainia) izango dira. Handik, berriz, Frantzia aldera joango dira. Izan ere, Marie de Jongh Avignongo (Okzitania) Opera Grand Avignon antzokiarekin koprodukzioan aritu da Ama ikuskizuna sortzeko bidean.

Marie de Jongh antzerki konpainia Jokin Oregik eta Ana Meabek sortu zuten 2008an, Haur antzerkia helduentzat, eta antzerki heldua haurrentzat leloarekin. Ordutik, Alabatxo; Robot maitea; Kibubu; Zer duzu, negarrez, Marie?; Amour; Izar eta Ikimilikiliklik obrak aurkeztu dituzte. Eta, tartean, baita zenbait sari jaso ere. Besteak beste, Haur eta Gazteentzako Arte Eszenikoen Espainiako saria, 2018an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.