Durangoko 57. Azoka

Eztanda baten esperantzan

Gaur hasiko da Durangoko 57. Azoka, eta, azken bi urteetako gorabeheren ondoren, pandemia aurreko itxura berreskuratzeko erronka izango du aurrez aurre igandera bitarte. Musikaren euskarri fisikoen krisiak eta prezioen igoerak eragindako ziurgabetasunari ere erantzun beharko dio.

Langileak Durangoko Landako guneko salamahaietako bat prestatzen, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Inigo Astiz
2022ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Afirmazio baten mozorroa darama, baina sakonean desideratum bat da Durangoko Azokaren aurtengo leloa: Eztanda. Gerediaga elkarteko ordezkariek begi bistako poz eta harrotasunez aurkeztu zituzten Siadeco etxeak egindako ikerketaren emaitzak 2016an lehenik, eta 2019an ondoren. Egonkortuta zirudien orduan 120.000 bisitariko langak, kultur programaren proposamenak ere ezarrita zirudien, eta sei milioi euroan kuantifikatua zuten azokaren eragin ekonomikoa, baina hurrengo urterako mila puskatan apurtu zen datu horien guztien sendotasuna koronabirusak eragindako osasun krisiarekin, eta nekez eman zitzaion buelta iazkoan ere, aurrez izena emanda antolatutako bisita sistemarekin. Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzaileak berotasun premian deskribatu ditu argitaratzaileak egunotan BERRIAn, eta kultur sistemak ere eskertuko du azokaren dentsitate, ikusgaitasun eta igurtzia berreskuratzea ere.

Bihurgune urtea izango da aurtengoa, ezinbestean. Gaur irekiko ditu ateak Durangoko 57. Azokak, eta horixe egongo da jokoan igandera bitarteko egunotan: Durangoko Azoka berriz Durangoko Azoka izatera itzuliko ote den ala ez. Ziurgabetasuna da nagusi. Eta horregatik da hain argia antolatzaileen desioa: eztanda bat nahi dute.

KULTUR PROGRAMA

«Azoka liburuen zein diskoen edukiez berba-trukerako gune ere izatea lortu behar dugula iruditzen zaigu». Esaldi horren bultzadarekin hasi zuen bere bidea Ahotsenea guneak Durangoko Azokan 2008an, aurten justu duela hamabost urte. Sortzaileek eurek kulturzaleei euren lanak zuzenean aurkezteko espazio bat behar zutela sentitzen zuten hainbat eragile batu zituen egitasmoak, eta, neurri batean, ekinaldi haren indarrarekin joan da azoka itxura aldatuz.

Gerediaga elkartearekin batera, egun, Ahotsenea, Saguganbara, Irudienea, Szenatokia eta Kabi@ guneek ere osatzen dute Durangoko Azoka, eta, bi urteko gorabeheren ostean, indar betean itzultzeko urtea ere izango da aurtengoa haientzat. Eta, hain zuzen, guztien artean antolatutako 250 kultur emanaldiko programak frogatzen du azoka saltokia baino gehiago dela.

IKASLEAK ETA GAZTEAK

Aurrez aurreko harremanak makaldu izanak kulturaren transmisioan ere izan du eragina, eta bi urte eman ditu Durangoko Azokak, esaterako, ohiko izan duen Ikasle goiza antolatu gabe. Hori ere berreskuratuko dute gaur, eta 1.500 ikaslek hartuko dute parte haientzako prestatutako tailerretan. Horrez gain, bereziki gazteentzako pentsatutako hainbat egitasmo ere prestatu ditu Gerediaga elkarteak. Ostiralean ikusiko da argien esfortzu hori programan. Izan ere, pandemiaren eraginez urritu egin da gazteek Durangoko Azokarekin izan duten kontaktua, eta horri buelta eman nahi diote antolatzaileek.

DIGITALIZAZIOA

Osasun krisiaren eraginez, kolpean bizkortu behar izan zuten martxa Gerediaga elkartekoek 2020an. Aurrez aurreko azoka egiteko zailtasunen eraginez, online denda bat jarri zuten abian urte hartan, eta, zailtasunak zailtasun, pozik azaldu ziren lortutakoarekin: ia 28.000 produktu saldu zituzten webgunearen bidez. Iaz ere mugatuta egin behar izan zuten aurrez aurreko azoka, eta webguneari eustea erabaki zuten. Aurten, azoka osoa eginagatik ere, «esperimentu» modura eutsiko diote online dendari. Antolatzaileek diotenez, «ohiko» azoka batean webguneko salmentek zer moduz funtzionatzen duten ikusi nahi dutelako.

Gaur hasi eta larunbatera bitartean, www.durangokoazoka.eus orriaren bidez ere erosi ahalko dira aurtengo nobedadeak. Horrez gainera, Ahotseneak antolatutako zuzeneko emanaldiak streaming bidez jarraitzeko aukera ere izango dute bisitari digitalek. Eta, hain zuzen, azokak aurrez aurre duen digitalizazioaren erronkaren ikur izan daitezke erabaki horiek guztiak.

MUSIKARIEN KORAPILOA

Musika banaketak bizi duen egoera ziurgabea kontuan harturik, aurten, lehenengoz, diskoez bestelako produktuak saltzeko aukera ere izango dute Durangoko Azokan izango diren musikariek. Poltsa bat edo kamiseta bat izan, elementu bakar bat saltzeko aukera zabaldu die Gerediaga elkarteak musikariei, eta ikusgarritasuna emateko Musikaren plaza izeneko gunea ere sortu dute Landako gunean. Musikariak bilduko ditu espazio horrek: 56 erakusmahai, guztira; 46 stand oso, eta hamar stand erdi, zehazki.

Azken urteetan ere agerikoa izan da musika entzuteko euskarri fisikoen krisia azokan. Iaz, esaterako, asko izan ziren beren musika CD edo binilo formatuaz bestelako euskarrietan banatzeko probak egiten aritu ziren musikariak.

PREZIOEN FAKTOREA

Inflazioarena da aurten Durangoko Azokan eragina izango duten beste faktoreetako bat. «Mehatxu» modura identifikatu zuen Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzaileak egunkari honetan bertan, esaterako. «Bizitza garestitzen denean, zerbait kendu behar da, eta normalean kultura izaten da kentzen diren horietako bat». Baina, herritarren erosahalmena txikitzearekin batera, kulturproduktuen ekoizpena ere garestitu egin da azken hilabeteetan. Paperaren prezioak gora egin duelako, batetik, eta, bestetik, garraioaren kostuak ere gora egin duelako, eta, beraz, ikusi egin beharko da aldagai horiek guztiek zer-nolako pisua hartzen duten egunotan egingo diren salerosketetan. Gerediaga elkarteak aurten ere eutsi egin dio erakusmahaien azken urte luzeetako prezioari.

EUSKARA

Ia-ia lehen Durangoko Azokak ateak ireki zituenetik dago zabalik euskarak bertan izan beharreko presentziari buruzko debatea ere. 1965. urtean, lehen aldiaren ostean bertan azaldu zuen bere kezka Juan Mari Torrealdai zenak Anaitasuna aldizkarian: «Euskal liburuen azoka bat ikustean, batzuk adurretan geratzen dira (...) Niri, ostera aldrebes pasetan jat. Anketara etorri jat arima azoka batzutan. (...) Liburu orreetatik 300-era ez dira ailegetan euskarazkoa». Geroztik, izan dira euskara hutsezko azokak antolatzeko saiakera batzuk mahai gainean, baina ez dute izan jarraipenik. Oraingoz, hortaz, erakusmahaira doanari harrera euskaraz egiteko betebeharra da Durangoko Azokan saltzaileei eskatzen zaien baldintza ofizial bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.