Albistea entzun

'Maiatz', maiztasunaren maisu

Maiatz elkarteak 40 urte bete ditu. Aldizkariak iraultza eragin zuen Iparraldeko paisaia literarioan. Elizatik urrun, «genero libertatea» izan du ardatz, euskara lehenetsiz. Argitaletxea ere bada 1984tik.
<b>Maiatz elkartearen 40 urteak ospatzeko egin mahai ingurura gomitatu zituzten Marikita Tanburin, Amaiur Epher eta Itxaro Borda idazleak.</b>
Maiatz elkartearen 40 urteak ospatzeko egin mahai ingurura gomitatu zituzten Marikita Tanburin, Amaiur Epher eta Itxaro Borda idazleak. GUILLAUME FAUVEAU Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2021eko ekainak 4

Maiatz elkarteak 40 urte bete berri ditu. Izen bereko aldizkari berritzailea argitaratzen hasi zen, eta liburuak ere bai urte batzuk geroago. Orain arte, 73 aldizkari eta 140 bat liburu plazaratu ditu orotarat, Euskal Herri osoko idazleen parte hartzeari esker. Garaia hartan, literatur paisaia kolorez aldatu zuen Nafarroa Beherean, Lapurdin eta Zuberoan.

Ordura arteko idazle gehienak elizak bedeinkatuak ziren. Alta, Maiatzeko kide gazteak orduko testuinguru politikoaren fruitu ziren, eta errotik berritzaileak; bertzeak bertze, umorea eta probokazioa lagun. De Gaulle, Pompidou eta Giscard d'Estaing Frantziako presidente eskuindarren itzalpe luzearen akabantza ekarri baitzuen 1981eko François Mitterrand presidente ezkertiarraren hautaketak, baita Ipar Euskal Herrian ere. Lucien Etxezaharreta elkartearen sortzaileetarik bat izan zen, eta ongi oroitzen da aldaketaz, 33 urte baitziren eskuina zegoela boterean Frantzian. Eta «mundua aldatu» zela iruditu zitzaien, «arnasa» zela. Horrekin batera, senti zen 1968ko mugimenduak bere ideia progresistak erein zituela, nahiz eta ETAko militanteen kontrako «errepresioarekin arazoak egon». Itxaro Bordak ere berdintsu oroitzen du garaia: «Mirakulutsua izan zen. Harrigarriena testuinguru hura zen: Mitterrand pasatu eta halako euforia bat sortu zen, dena posible zelako ustea».

Gisa berean, frankismoaren bukaerak «euskarazko aldizkari askoren» argitalpena ekarri zuen Nafarroa Garaian, Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan; baita «abertzaletasuna eta ezkerra zerbait indartzea» eta «hizkuntzen aldeko mugimendu bat» ere. Horiek horrela, herri antzerkiak eta, bertzeak bertze, Pantxoa eta Peio, Manex Pagola eta Guk taldeen kantaldiek «giro bat sortzen zuten». Etxezaharretak bi hitzetan deskribatu ditu Maiatz aldizkariaren sortzaileak: «Mixel Labegeriek zioen bezala, gazteria berri bat ginen, seminariotik pasatu gabea».

Hala, hamar bat gazte juntatu ziren 1981eko urte hartan, Etxezaharreta eta Bordak antolaturiko bilkurarat: «Literatura egiteko eta hartaz aritzeko, aldizkaria sortu genuen. Aita Lafittek zioen fantasia anitz eta funts guti genuela. Enetako laudorio bat zen, helburua betetzen genuen!», erran du Bordak, irriz. Oroitarazi du Iparraldean ez zegoela Hegoaldean bezalako literatur mugimendurik: Susa Donostian; Korrok Iruñean, Jon Alonsoren inguruan; Bilbon Ttu-Ttua, Laura Mintegi eta Joanes Urkixok eramanik; Gasteizen Kandela, Tere Irastorzak eta bestek; pixka bat lehenago, Pott banda... «Alta, idazteko nahikundea bazen hemen, baina argitaletxerik ez». Etxezaharretak ere kokatu du Maiatz: «Berritasuna nahi genuen, eta Ipar Euskal Herriari tokia egin nahi genion literaturaren mugimendu hartan, hemengo euskararen berezitasunak kontuan harturik, nahiz denak batuaren alde izan».

'Maiatz' atzarri zen

Lehen alea ondoko urtearen hastapenean banatu zuten, 1982ko otsailean. «Bakoitzak nahi zuena egiten zuen, neholako ildo editorialik gabe: poesia, itzulpena, ipuinak, zientzia fikzioa... Sorkuntza nahi genuen, ez ikerketa literarioa», zehaztu du Etxezaharretak. Parte hartzaileetako batzuk, bestalde, lehenagotik hasiak ziren idazten, Bilbon, 1977an sortu zen Pott bandaren izen bereko aldizkarian, hala nola Henriette Aire, Ladix Arrosagarai eta Jon Casenave. Eñaut Etxamendi eta Txomin Peillen «lehenetarik» ziren, Maddi Pelot eta Aurelia Arkotxa, berriz, berriagoak. Hamar urte baziren Borda idazten hasia zela Zeruko Argia eta Gure Herria aldizkarietan, baina harentzat «sekulako eskola» izan zen Maiatz argitaletxea: «Moldatu ninduen. Zinezko abentura kolektibo bat izan zen; aldizkari guziak bezala, laborategia izan zen idazle berrientzat».

Hasian hasi, behin ere ez du etenik ukan Maiatz aldizkariak. Hori bai, hastapenean hiruhilabetekaria izatea nahi zuten; alta, norberaren denbora eskasiak mugatu zien urteko ale kopurua: bi ale urte guziez. Liburuen argitaratzen, berriz, 1984an hasi ziren, Bordaren Bizitza nola badoan poesia lanarekin. Idazlea bera prozesu osoaren parte izan zen: «Bospasei ginen dena egiteko; guhaurek pikatzen genuen, maketatzen, inprimategirat eramaten, metak egiten, banatzen, saltzen... Idaztetik irakurlearenganaino». Liburu gehienak euskaraz izanik ere, erdarazko batzuk ere badira: «Libertate zerbaitekin ari gara, nahiz euskarari lehentasuna ematen diogun», xehatu du Bordak.

Ibilbide luzean, duela berrogei urtetik hona izan da aldaketarik teknikan, baina baita literatura moldean ere. «Lehen edizioak polikopiatuak ziren, stencil sistema batekin. Ez zen erraza inprimatzea: offset sistema erabili behar zen. Ahal bezala ari ginen», erran du Etxezaharretak.

Idazmoldeari dagokionez, berriz, Bordak gogoan du hastapen haietan aldizkariak ez zuela denen onarpenik: «Punki iraultzaileak izatetik pasatu gara literatura sozializatu bat izatera. Literatura hutsa ez zen ontsa ikusia, beti behar baitzen zerbait irakatsi irakurleari. Orain, ordea, dena idazten da pedagogikoa izateko beharrik gabe. Hori kolektiboki onartu da: idazleak ez du zertan moralik egin; libre da».

Maiatz elkartea aitzina

Berrogei urteak ontsa beterik, segidari buruzko hausnarketak ez dituzte kukutu bi sortzaileek. Etxezaharretak aitortu du egun zailagoa dela elkarlan baten eramatea, baina hitza hartzeko arrazoiak hor dirautela, literaturak «toki handia» baitu hizkuntza batean. Libertate gehiago baldin bada ere, uste du bakoitza bere aldean dagoela, eta hori beldurgarria zaio. Bordak, berriz, dei egin die gazteei lekukoaren hartzera: «Adinean harat ari gara, eta gazteek giderrak hartuko balituzte, ez litzateke batere gaizki».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Jean Rhys (Roseau, Dominika, 1890-Exeter, Ingalaterra, 1979). ©BERRIA

Klasikoen haize berria

Joannes Jauregi

55 urte bete ditu Jean Rhysen 'Sargazo itsaso zabala' nobelak. Idazle ezezagun samarra zen ordu arte, eta liburuak arrakasta itzela ekarri zion, 76 urte zituela; «berandu», idazlearen esanetan.

Pierre Huygheren Untilled lana (2011-2012), Documenta 13n. Vila-Matasen eleberrian gehien agertzen denetariko bat da. ©ARTISTAREN KORTESIAZ
 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Entelekiatik errealitatera pasatu ginen, eta hemen gaude»

Andoni Imaz

Pozak eta minak kantuan eman ditu 40 urte baino gehiagoan, kantaera dotore eta sakonarekin. Taldean aritu da beti, «inoiz ez delako bakarrik lan egiten». Hala ere, ondo daki zer den bere kasa ibili beharra.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna