Ganbaran gera ez daitezen

Duela lau hamarkada Bilbon sortutako Pott Bandako bizipenak ardatz hartuta, solasean aritu dira Ruper Ordorika eta Bernardo Atxaga Bilboko Kafe Antzokian, Gabriel Aresti euskaltegiak antolatuta. Euskal kulturaren diagnostikoa egitea beharrezkoa dela azpimarratu dute biek ala biek.

Ruper Ordorika eta Bernardo Atxaga, atzo, Bilboko Kafe Antzokiko solasaldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Kantua zer den azaltzeko Montevideora egin du Bernardo Atxagak. «Gogoan dut hara egin nuen bidaia batean, 80 urte inguruko agure bat azaldu zitzaigula, nongoak ginen galdezka. Euskal Herrikoak ginela jakin zuenean esan zigun bere birramona euskalduna zela, eta oroitzen zuela umetan kantatzen zion abestia». Iruten ari nüzü abesten hasi zela dio Atxagak, eta hortik ondorioa. «Memoriari lotuta daude kantak; haurrek ere kantuz oroitzen dituzte biderketa taulak. Ahazten den azken gauzetakoa da abestia». Ruper Ordorika musikaria du aldamenean, eta hari begiratu dio. «Euskal Herriko idazleek iraun baldin badugu, musikariak gertu izan ditugulako da. Nola gogoratuko ziren, bestela, Bilboko Zazpikaleetako ganbara batean idatzitakoak?».

Trufa egin du Ordorikak, aldamenetik. «Litekeena da hori gertatu izana, buruan ganbara handiegirik ez genuelako, eta euskal poeta batek beti eskertuko dio eskasia hori kantariari». Hartu du gitarra Ordorikak, eta jo ditu Fas Fatum abestiaren lehen akordeak. Pott Bandaren sorreraz ari dira: Bilbon gertatu zen, 1970eko hamarkadan. «Zorteko sentitzen naiz bertan jasotakoagatik». Atxagaren Etiopia poema liburua aipatu du kantariak, Pott biblioteka zigiluak kaleratutako liburu bakarra. «Kantura bultzatu ninduen», dio akordeen doinura. Eta hasi da kantuan. «Fas fatum ene lagunek, / fadoa zein tristea den diote...». Bilboko Kafe Antzokian izan ziren biak atzo, Gabriel Aresti euskaltegiaren 40. urteurrenaren harira antolatutako ekitaldian.

Joxemari Iturralde, Joseba Sarrionandia, Jon Juaristi eta Manu Ertzilla izan ziren, Atxaga eta Ordorikarekin batera, Pott Bandan, eta euskal literatura eraberritzeko gaitasuna aitortu izan diote taldeari. «Ez zen aldizkari soil bat izan, ezta argitaletxe bat egiteko asmoa ere, talde bat izan ginen eta babesa ematen genion elkarri», azpimarratu du Atxagak.

Bandaren geografia marraztu du idazleak. «Arriaga antzokitik Erriberako merkatu ingururaino zabaltzen zen, eta baita Zazpikaleetaraino ere. Metro karratu hori zen gure paisaia». Ordorikaren Hautsi da anphora (1980) binilozko diskoa erakutsi du, Bilboren irudia azaltzen baita azalean, eta Kalatxoriak poema errezitatu du gero: berak idatzi eta, gerora, Ordorikak musikatutakoa.

Bandaren geografiak

Beste aldagai bat aipatu du idazleak. «Hiriak gizarte berri bat eskaini zigun, irakurleria berri bat: euskaldun berriak egotea sekulako indarra izan zen guretzat». Gabriel Arestiren figura ekarri du erdigunera. «Bilboko geografia horretan, gure espiritu zaintzailea zen». Baietz Ordorikak, eta gehitu du beste ideia bat hark ere. «Eremu ideologikoak ere garrantzia izan zuen. Euskal literaturaz mintzo nahi izatea eta ofizio gisa hartzea nekez sartzen zen inoren buruan. Ez gaitezen engaina: gerra sasoia zen, eta askok distantziarekin begiratzen gintuzten, frikitzat hartuz, edo egiazko gatazka beste nonbait zela uste zutelako. Esango zuen inork, zer du mutiko honek 'Esparta Liliput, higan bainatzen ditun kokodriloak...' kantatzeko?», umorez heldu dio gaiari.

Gitarra hartu eta Sarrionandiaren poematik sortutako Alberto Caeiroren bisita kanta jotzen hasi da. «Taldeko kiderik gazteena zen Sarri, Benjamin Pott ezizena jarri genion». Irri egin dute biek.

Aldatu dena eta ez dena

1980ko hamarkadako euskararen instituzionalizazioaren garaian egin dute geldialdia. «Zergatik jarraitu zenuten zuen kabuz?», galdetu die Eli Carrascosa euskaltegiko irakasleak. «Bokazioagatik», dio Ordorikak. «Ez dakit piramidea ez ote den hankaz gora jarri. Egia da jende gehiago bizi dela euskararen inguruan, baina euskarazko sorkuntzaren esparruan ez dakit egoera horrenbeste aldatu den. Eraiki dugu agertokia, baina orain zaila zaiguna da nor dantzatu izatea. Uste dut badela sasoia orduan hartutako abiaduraren berrirakurketa egiteko».

Joxe Arratibelen KontuZaharrak liburuko istorio bat kontatu du Atxagak. «Alabak aitatzat zuen deabruari galdetu zion hil zitekeen edo ez. Hala erantzun zion deabruak: berak anaia bat zuela lehoi baten gisan bizi zena, eta lehoiak barruan erbia zuela; eta, erbiak, aldiz, uso bat. Usoak barruan zuen arrautza bere kopetan kolpatuta soilik hil zitekeela esan zion».

Isilunea egin du. «Zer irudikatzen du arrautzak? Dena jartzen du mugimenduan. Nik uste dut balioa dela». Azalpena gero. «Ez ditut orokortasunak maite. Euskal Herria aldatu dela esaten denean, pentsatzen dut: tira, eser gaitezen, eta azter dezagun mataza hariz hari. Balioarena aldatu da? Hainbeste hitz handi, festa, Korrika... Non dago gure barruko arrautza hori gaur egun?». Egoeraren diagnostikoa egitea beharrezkotzat hartu dute sortzaile biek. Bat dator Ordorika. «Beharrezkoa da diagnostikoa egitea, ea berreraikuntza bat asmatzeko gai ote garen ikusteko».

«Zerbait baikorra asmatu behar dugu bukatzeko», dio irriz Atxagak. Baieztapena gero: «Lanean jarraitu behar dugu gure arrautzak balioa har dezan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.