Programatzeko gorriak ikusten

Eremu gorrian sartzearen ondorioek —itxialdi perimetrala, ostalaritzako lokalen barrualdea 16:30ean itxi beharra...— kultur ekitaldiak antolatzea zaildu die programatzaileei: astez aste erabaki behar dute agendarekin aurrera egin edo ez. Diru sarrerak gutxitu zaizkie, baina lana, «bikoiztu edo hirukoiztu».

Gasteizko Jimmy Jazz aretoaren sarrera, itxita, urrian. RAUL BOGAJO / FOKU.
amaia igartua aristondo
2021eko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Kultur ekitaldiak erabaki, artistak lotu, erreserbak kudeatu. Eta, astelehenean, Labik iragarritakoaren arabera, egindako lan hori guztia desegiteari ekin, agian. Edo, intzidentzia metatua oraindik ez bada 400eko langara heldu, lasaitua hartu, aste horretarako programatutako ekitaldi guztiak bere horretan garatu ahal izango direlako. Eremu gorriaren mehatxuak hori eragiten du kultur ekitaldiak antolatzen dituztenengan: ezjakintasuna hasieran, eta lan mordo ordaindugabea egin beharko duten ziurtasuna ondoren, udalerria eremu gorrian sartuz gero.

Horiek horrela, Lutxo Egia Bilboko Bira kultur guneko kideak dio programazioa «astez aste» pentsatu eta berrikusi behar dutela. Iragan astean sartu zen eremu gorrian Bizkaiko hiriburua, eta, horrenbestez, 16:30era arte antolatu ditzakete emanaldiak. Ondorioz, egun horietarako programatutakoa bertan behera utzi behar izan zuten, eta beste horrenbeste egin behar izan dute asteon —Gaizka Insunzaren igandeko kontzertua da mantendu ahal izan duten ekitaldi bakarra, 13:30ean baita—. Zain daude ea ez ote duten hori bera egin beharko hurrengo astean ere.

Pandemia hasi zenetik, laugarren aldia da programazioa bertan behera utzi behar dutela, baina Egiak dio oraingo honetan astelehenero hartu beharreko erabakia bihurtu dela: «Jakingo bagenu hilabete batez itxiko dugula, buruhaustea litzateke, baina, behintzat, badakigu noiz arte izango den. Orain, jendea desorientatu egiten da, eta ez daki oso ondo noiz gauden zabalik». Egoera berriaren ondorioz, lan «bikoitza edo hirukoitza» egiten ari dira: «Adibidez, erreserba nominalekin lan handia daukagu, lehen egiten ez genuena».

Bilbok baino denbora gehixeago darama Gasteizek eremu gorrian, apirilaren 7tik. Ordutik, Jimmy Jazz aretora hiriburuko jendea baino ezin daiteke joan, eta kanpokoek «sarrera asko» itzuli dizkiete, Iker Arroniz arduradunak azaldu duenez: «Jende nahiko etortzen da Arrasatetik eta Bergaratik [Gipuzkoa], Sakanatik [Nafarroa], Nafarroako hegoaldetik eta baita Errioxatik ere [Espainia]». Hala ere, saiatzen ari dira kontzertuak bertan behera ez uzten, «kaltegarria delako bai artistentzat, bai aretoarentzat, baita sarrera erosi eta etorri ahal direntzat ere».

Aurreikusteko trabak

Egiak bezala, Arronizek ere astelehenero zehaztu beharra dauka kasik aretoko programazioa. Aurreko egun eta asteetako datuek joera agertu eta, hortaz, aukera ematen duten arren udalerria eremu gorrira aurki sar daitekeela aurreikusteko, Labiren asteroko ebazpena jakin ondoren soilik has daitezke programatzaileak agenda moldatzen. Ezjakintasun hori aipatu du Arronizek: «Ez dakigu noiz gertatuko den: nahiz eta datuak eduki, ezin dituzu emanaldiak bertan behera utzi. Oso zaila da erabakiak hartzea».

%20ko edukierarekin ari da Jimmy Jazz, eta, arduradunak dioenez, «kontzertu gehienek bete egiten dute aretoa, eta sarrerak nahiko azkar saltzen dira». Hala, asteleheneko iragarpena aditzerako, aste horretako sarrera guztiak salduta eduki izan dituzte maiz, eta, kasu batzuetan, sarreren «ia erdiak» itzuli izan dituzte, «dena salduta dagoela iragarrita dagoenean». Sarrerak badaudela iragarri behar dute berriro, eta horiek Gasteizen bizi direnei saltzea lortu. Kudeaketaren ondorioak, Egiak aipatutakoak: «Sekulako lana da. Orduak eta orduak eman behar dituzu».

Biraren kasuan, «baikorregiak» izan direla onartu du Egiak: «Urtarrileko eta otsaileko itxialdiaren ostean, ez genuen espero apirilean egoera berean egotea». Datozen asteetarako hainbat ekitaldi dituzte antolatuta, eta kulturguneko kidea baikor da, orobat, horiei dagokienez: «Beharbada, datorren astean jada ez gara eremu gorrian egongo. Baditugu emanaldi batzuk, kontzertuak... Eutsi egingo diogu horri». Maiatzerako ere hamahiru ikuskizun dituzte itxita dagoeneko, eta ekainerako ere, «nahiko». Horiekin aurrera egitea dute asmoa, Labik kontrakoa adierazi arte.

Era berean, Arronizek dio Jimmy Jazz aretoko egutegia ekainera arte beteta dagoela: «Badakigu horrelako egoerak etorriko direla, baina jaramon gutxi egiten diogu pentsamendu horri, geure burua ez blokeatzeko, horren kontra ez dugulako ez erantzunik ez irtenbiderik». Ondorio ekonomikoak, ordea, bazterrezinak dira: «Langile batzuk aldi baterako erregulazioan daude berriro». Berdin Birakoentzat: «Ekonomikoki hondoratuta gaude, baina gu sortu gara sortzaileei plaza bat eskaintzeko. Horri atxikita erabaki dugu aurrera jarraitzea, zailtasunak zailtasun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.