Euskal letrak, barbaroen zain

Joseba Sarrionandiaren hitzetan, azken 40 urteotan «lengoaia literario habitagarri bat» sortu du euskara batuak, baina, onartu duenez, ahozkotasunaren «musika» ere galdu du urteotan. Aingeru Epaltzarekin batera egin du balantzea idazleak, Bilbo Zaharra euskaltegiak gonbidatuta.

Joseba Sarrionandia, Pilar Kaltzada eta Aingeru Epaltza, atzo, Bilbon izandako solasaldian. RAUL BOGAJO / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
«Galdu dugu musika pila bat». Joseba Sarrionandia idazlearen hitzetan, euskara batuari esker, «lengoaia literario habitagarri bat» eskuratu zuen euskal literaturak 80ko hamarkadan, haren alde egin zuen berak ere beste hamaika idazlerekin batera, eta lorpen handitzat du oraindik ere, baina garaipen horrekin batera, euskarak galera handi bat ere izan duela onartu zuen atzo Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatuta, Aingeru Epaltza idazlearekin batera eskainitako hitzaldian. «Edozein hizkuntzatan ahozko hizkerak dauka bere musika, nire aitite eta amamen hizkuntza zen oso aberatsa, eta eurekin hil da. Hori ez dugu lortu literaturara pasatzea». Eta hor erronka. «Ahozko erregistro pila bat inposibleak dira euskara literarioan; hori egiteko dago, egin behar da noizbait».

Ramon Saizarbitoria idazlearen Martutene hautatu du aurten Bilbo Zaharra euskaltegiak Arriaga antzokian etzi egingo duen irakurketa publikorako, eta haren aitzakian aritu ziren Epaltza eta Sarrionandia atzo, Pilar Kaltzadak gidatuta. Bete egin zen aretoa, eta zutik jarraitu zuten solasaldia zenbait entzulek.

Idazten hasi zen sasoiko erretratu linguistikoa egin zuen Sarrionandiak. «Gu euskaraz idazten hasi ginen, ni behintzat, debekatuta zegoelako». Hain zuzen, errebeldia moduko batekin lotu zuen bere hautu linguistikoa. «Mendiko hizkuntza eta etxe barruko hizkuntza zen euskara, hirian ez zen egiten euskaraz espazio publikoan, eta gu 14 edo 15 urterekin hasi ginen berreskuratzen euskara ilusio militante horrekin; pentsatzen genuelako bazegoela beste mundu hori hor. Imajinatzen ditut aljeriarrak, [Jean Paul] Sartre, Che Guevara... nebulosa hori, eta errekuperatu genuen euskara ilusio iraultzailearekin, independentistarekin, edo jarri nahi duzun hitza». Orain justu kontrara iraulita ikusten du logika hori idazleak, ia lau hamarkadako erbestealdiaren ondoren, iaz Euskal Herrira bueltatu zenetik. «Euskara babestuta dago, euskara eskolan derrigorrezkoa da, ikusten dut pultsio erdarazale bat. Ikusten ditut gazte asko 14 urterekin erdarara jotzen dutenak, eta imajinatzen dut badagoela nebulosa bat, mediatikoa edo, guk geneukan horren antzekoa, bultzatzen dituena erdarara».

Aterpe eta baldintza

«Nik berehala erabaki nuen idazlea izan nahi nuela», aitortu zuen Epaltzak. «Gurasoek sekulako atsekabea hartu zuten. Eta gero erabaki nuen ez nuela idazle izan nahi, euskal idazle izan nahi nuela». Horretarako «behar etikoa» sentitu zuela, «txikiaren alde jartzekoa».

Inoiz erdaraz idazteko tentatuta ere egon dela onartu zuen, halere. Ikusteko. Eta ez berak bakarrik. Atzo esan zuenez, idazle bati baino gehiagori entzun baitio antzeko ideia.

Izan ere, komunitatearekiko harremana problematikoa izan daitekeela azaldu zuen. «Zer punturaino erantzuten diogu euskal idazleok hizkuntza komunitateak dituen beharrei. Bat goaz? Ez goaz bat? Eta gero dago zer punturaino baldintzatzen digun lana hizkuntza komunitateak».

Forman eta gaitegian ikusten du eragin hori Epaltzak, esaterako. Eta zehatzera jo zuen. «Zenbat Martutene kabitzen dira euskal hizkuntza komunitatean? Zenbat Martutene onartzeko prest dago euskal hizkuntza komunitatea urtean? Mendean? Ematen digu aterpe komunitate horrek, baina ezartzen dizkigu ere bere baldintzak, eta guk aterpe horren arabera moldatu behar dugu». Eta esan zuenez, «zama» suertatzen zaio komunitatea elikatu behar hori sortzaile bati baino gehiagori.

Baikor aritu zen etorkizunaz, halere. «Gauzarik inportanteena eta positiboena da belaunaldiak etortzen ikusten ditugula, segitzen dutela. Katea ez da eten; badakit hori dela gure obsesioa, baina katea ez da eten». Eta urtearen balantzea egin zuen Epaltzak tesia indartzeko. «Aurten seigarren hilabetean gaude; Nafarroan berean, hiru idazle euskaldun berri atera dira, eta oraindik falta dira sei hilabete urtea bukatzeko!».

Inkorrekzio egarriz

«Literatura zer da?», bere buruari galdera Sarrionandiak. «Ba asmatzea erregistro berriak. Nire ustez, gure belaunaldiaren arrakasta bera da eskasiaren seinalea. Edozein literatura dago barbaroen zain, ea nor iristen den lengoaia eta gai berri batekin. Falta ikusten dut nik. Eta ikusi ditudan barbaro bakarrakazkenengo hogei urteetan emakumeak dira: Miren Agur Meabe, Alaine Agirre, Eider Rodriguez... Gaia aldatu dute, erreinu intimoa ekarri dute, eta lengoaia aldaketa bat egon da. Nik faltan sumatzen ditut euskal literaturan barbaroak, barbaro benetakoak, inkorrekzio horrekin».

Gaur, Ur Apalategi eta Laura Mintegi izango dira Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan, 19:00etan, eta bihar egingo dute Martutene-ren irakurketa jarraitua, Arriaga antzokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.