Nekez zeharkatzen diren ateak

Ahotik ahora dabil esaldia galeristen artean: «Garai zailak dira». Ez da berria sektorearen apaltzea, arte salmentaren urritzea, baina azken bi urteetako giro nahasiak eta arteak gizartean izan duen lekualdatzeak formula berriak lantzera behartu ditu sektoreko askotariko profesionalak.

Bisitari bat Donostiako Ekain galerian, Amable Ariasen zenbait lanekin irekitako erakusketan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
itziar ugarte irizar
2022ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Transformazio betean da arte galerien egitekoa. 2008ko krisiak eragindako kolpea heldu zen lehenik, eta bestela ere martxan zen eraldaketa bat azeleratu du koronabirusak sortutako osasun krisiak orain. Esate baterako, urte sorta batean sei bider urritu da Madrilgo Arco azokan parte hartzen duten euskal galerien kopurua: dozena bat ziren duela pare bat hamarkada, eta bi baino ez dira egun —Bilboko Carreras Mugica eta Donostiako Cibrian—. Baina ez da hori bakarrik. Eta, hain zuzen ere, transformazio horren nondik norakoak aletu dituzte BERRIArentzat Moises Perez Albeniz, Ekain eta Ttok galeriek eta Atoi arte espazioak.

MPA GALERIA Madril
«Sinpleegia da esatea gure lana artelanak saltzea dela»

Iruñean abiatu zuen «abentura» Moises Perez Albenizek. 1996an ireki zuen izen bereko galeria, Larrabide kalean, eta, hamarkada pasaren ostean, Madrilera eraman zuen proiektua —MPA izena hartu zuen orduan—. Oraintsu, berriz, New Yorkera aldatu berri da lantaldea, aldi baterako We are moving (Etxez aldatzen ari gara) erakusketarekin. Dioenez, izenburu horrexek jasotzen duena da, hain justu, ofizioak erakutsi diona: mugimendua non, hara hurreratu beharra. «Gure apustua kanpora irtetea izan da», laburtu du. «2008ko krisiarekin, erretiro aurreratua hartzea edo lekuz aldatzea izan ziren nire aukerak, eta hala jo genuen Madrilera: han bestelako mugimendu bat zegoen. Eta orain ohitu egin gara hara-hona ibiltzera».

Pandemia aurretik hasi ziren galeriatik at erakusketa paraleloak antolatzen, aldika, talde osoa lekuan lekura aldatuz. Azoka handien alternatiba bat sortzeko modua ere izan da. Izan ere, arte azokak egin egiten badizute ere—«egin behar dituzu»—, kostu oso handia dutela esan du; eta, aldiz, New Yorken espazio bat egun batzuetarako alokatzea merkea dela. Carlos Irijalba, Dennis Adams, Victoria Civera, Santiago Giralda, Antoni Muntadas, Tony Oursler eta Juan Uslen lanak jarri dituzte han ikusgai. «Gorantz datozen artistak eta jada izen bat dutenak: hori da gure eskaintza».

New York aipatzea hasiera aipatzea ere bada Perezentzat. 18 urterekin heldu zen lehenengoz hara, eta han ezagutu zituen Txomin Badiola eta Pello Irazu artistak ere, besteak beste. «Haiekin joan naiz ni lan hau ezagutuz», gogoratu du. Dioenez, artistekiko hurbiltasuna baita ofizioaren ederrena: «Artistekin dudan harremanarengatik izango ezbalitz, ez nintzateke hemen egongo. Hori da gure lanaren onena: haien estudioetara joan, zertan dabiltzan entzun, zergatik... Nik horregatik egin dutbeti lan bizirik dauden artistekin».

Euren eguneroko jardunari buruz, oro har, ezezagutza oso handia sumatzen du Perezek. «Uste dut oso interpretazio sinplea dela esatea galeria baten lana artelanak saltzea dela. Proiektu zabalago bat izan behar duzu, eta horrek eskatzen dizuna egin. Ahaztu gabe zenbakiek ere eman behar dutela; argi izan behar da ofizio hau erromantizatzearekin».

Galerien mundua eraldatu dela aitortuta ere, adierazi du artistek inguruan dutenaz gogoeta egiten segitzen dutela beren lanetan, hori beti dagoela boladan: «Mundua beti dago eraldaketa etengabean, eta izan jokabide sozialak, arrazakeria, generoa... arteak horietaz hitz egiten du oraindik ere, testuekin, performancearekin, margoekin...». Lan horiek ezagutzera galerietara joaten direnak, ordea, urri dira, eta «klasiko bat» bilakatu zaie bisita faltarena. Erroko kontu batekin lotu du Perezek: «Tresnak ematen ez badizkizute, ez da erraza interesa izatea. Hemen edozein krisiren aurrean kultura estutzen dute lehenengo, eta horrek eragina du. Sustatuko balitz arteak ematen duena ezagutza dela, azkenean, bisitak ere gehiago izango ziratekeen». Galerietarako sarrera doakoa dela gogorarazi du. «MOMAn sartzea 25 bat dolar dira: bada aldea».

EKAIN GALERIA Donostia
«Garai zailakdatozela, horiargi daukat»

«Zaila» berba gainjartzen da gainerakoen gainetik Rita Unzurrunzagaren jarioan. Ekain galeriako arduraduna da; 22 urte daramatza Donostiako Parte Zaharrean, eta euskal artea da, batik bat, haien espezializazioa—Eduardo Txillida, Jorge Oteiza, Rafael Ruiz Balerdi, Jose Luis Zumeta, Marta Cardenas eta beste dituzte katalogoan—. Unzurrunzagak 2005. urtetik darama negozioaren ardura, osabari lekukoa hartuta, eta hastapenetan ezagututako giroa eta egungoa gaua eta eguna direla dio. «Ni heldu nintzenean, osabak sekulako martxa zuen salmentekin. Egunerokoan grabatuen karpetekin sartu-irtenean ibiltzen ginen, esaterako. Hori dena oso atzean geratu da».

Bizitasun hura 2008ko krisialdiarekin ikusi zuen eteten aurrena. «Kokapenari eta hizkuntzak menperatzeari esker, turismoarekin salbatu genuen». Haren ondotik, pandemia izan da hurrengo kolpea, eta perspektiba «erabat» aldatu zaiola dio: «Atzerritarren profil konkretu bati esker egin ahal izan dugu aurrera, baina turismoa ere gutxitu da orain. Ikusiko da, baina garai zailak datozela, hori argi daukat».

Ekainen, izan, «patrika guztietarako obrak» dituztela dio; eskulturak, koadroak, grabatuak... Zumetaren edizio serigrafiatuak dira gehientsuen mugitzen dituztenak orain. Hura bezalako ibilbide luzeko eta ez hain luzeko egileekin egiten dute lan, eta bi hilabetean behin aldatzen dute erakusketa, gutxi-asko. Galeriaren hondoan, artista gonbidatuarentzako txokoa dute —«gazteentzat aukera bat jartzen dut hor, hiru metroko paretan»—, eta, azken-azkenean, galeriaren hondoko bilduma dute begi bistan, salmenten arabera aldatuz doana.

Bere lanari dagokionez, azken urteetako aldaketa aipagarriena digitalizazioarekin antzeman du. «Erakusketak, produkzioa, komunikazioa... hori online ere egitea lana bikoiztea da, eta zaila egiten zait». Saldu ere Internetez gutxiago saltzen duela iruditzen zaio, eta nekeza zaio ulertzea nola eskuratzen dituen jendeak obrak haiek aurrez aurre ikusi gabe; izan ere, dioenez, gorantz doan joera hori. «Elkarrizketa aurrez aurrekoan sortzen dizun zerbait da artea».

Sektorea kolokan jarri ahal izan duen beste faktore batez ere ohartarazi du: artearen gaineko sentsibilitatea apaldu dela dio. «Artistekin ez da aldatu harremana, bezeroekin baizik», esan du horregatik. Lehen aurrezki batzuk artelan batera bideratzea hautatzen zuenak egun jatetxe garestien edo bidaien alde egiten duela uste du—«arte pieza bat betirako da: ez da jan eta desagertzen»—, eta artea oparitzeko ohitura ere txikitu dela. «Gutxiengo bat bada zenbat gastatzen duen begiratu gabe erosten duena; horrelako bi heltzen badira galeriara, mantentzen zaituzte ur gainean». Halere, norabideak beste bat izan behar duelakoan da, eta inguruko herritarrengan eragin nahian ari da, epe luzeagora begira —«pazientzia handia behar da gremio honetan: luzera erein»—. Tailerrak, kontzertuak eta beste ere antolatzen ditu; «jendeak bidea ikas dezan, eta, bidenabar, lanak ikusi».

Hain justu, elkarrekin indarra egiteko, Donostiako sei galeriak arte galeria garaikideen elkartea sortu zuten iaz (DGGE) —«gremioaren buruhausteak berberak dira»—, eta xedetzat zehaztu zituzten, besteak beste, beren lana ezagutaraztea, jendaurrean galerien presentzia indartzea eta arte bilduma publikoak berraktibatzeko irizpideak ezartzea.

TTOK GALERIA Uztaritze
«Bizitzatik aparteuzten da artea;ez da transmititzen»

«Egiten dira erakusketa handiak, jendea jartzen dute horiei begira, eta ondoan dauden artista guztiak gelditzen dira arrunt alboratuak, gutxietsiak. Bada zerbait hor». Bada, hor, itzalpe horretan, eragin asmoz abiatu zuen If Matxikote artistak Ttok galeria, Uztaritzen (Lapurdi). Ez da ausazkoa kokapena, arte garaikidea hiri handietatik ateratzeko asmoa baitago proiektuaren oinarrian: «Artea publiko zabalarengana itzultzea, museo handietara joan behar gabe; artearekin bizitzera ohitzea jendea». Egitasmo ugaritan «lekuko artistei» bazterra gordetzen zaiela ere salatu du. «Ikaragarria da».

2019ko ekainean ireki zuen galeria Matxikotek. Berea du lokala, alokairurik ez du ordaintzen, baina, hala ere, proiektua ez dela «errentagarria» esan du: «Hori da gauza». Artista dela adierazi baitu, ez saltzailea. «Gu ez gara baserritarrari bere esnea erosten diotenak gero guk saltzeko; gure barazkiak saltzen ditugun laborariak gara».

Ohiko galerien sistematik kanpo ikusten du horregatik Ttok. «Nire lehentasuna da sortzen dena jendeari erakustea. Galeriaren nire kontzepzioa da gogoetarako leku bat dela, artearen bidez jendartearen inguruko irakurketa eta eztabaidak partekatzeko. Baina, eztabaidak emateko, erakutsi beharra dut, eta aukera libreena zen leku propio bat sortzea».

Bere lana soilik ez, besteenak ere erakusten ditu Ttoken. Miren Gonzalez Goikoetxearena dago egunotan ikusgai —astelehenera arte—, eta aurretik bertan izan dira Aitor Ruiz de Egino, Arantxa Lannes eta Mikel Dalbreten lanak, besteak beste. Pandemia tarteko, ireki zuenetik hona egindako bidea «zaila» izan dela esan du Matxikotek ere, baina aurten lehen aldiz lortuko du urteko lau erakusketako erritmoari heltzea.

Galerietan «urri» ezagutu du mugimendua hark ere, eta «bultzatu izan den elitismoari» egotzi dio. «Kultura jakin bat goi mailakotzat hartua izan da, eta jendeak artearekin duen harremana bertsio oso zahar bat da; askok pentsatzen du artea ez dela beretzat, ez dela gai ulertzeko, baso ilun bat dela, hori gabe bizi daitekeela... Ez da transmititzen, eta artea bizitzatik aparte uzten da». Eta, hala ere, Uztaritzen neurriko herrixka batean erakusketako ehun lagun ingururen bisita jasoz gero «kontent» dela dio. «Minimo bat behintzat pasatzen da».

Aldiz, apenas den lanen bat atxikitzen duenik —«erakusketako lan bat saldu izan da, gehienez»—. Ez dio ezer txarrik ikusten horri, ez dauka helburutzat erakusten diren lanak saltzea, baina korapilo bat ere antzematen du: «Erraten duzu ez dela lehentasuna, artea ez dela kontsumo produktu bat, lehenik behar duela gozatua izan, baina, saltzen bada, artistarentzat hobe da».

ATOI ESPAZIOABilbo
«Krisi garaietan, arrisku gutxiago hartzen da artearen salmentan»

Lehen-lehenik, argitze bat: Atoi ez dela galeria bat. Ez oraingoz, ez intentzioz. Ainara Elgoibar espazioko kidearen esanetan, sakoneko zenbait ezberdintasunek bereizten baitute proiektua, eta egin ahala joan nahi baitute eurak espazioari definizioa bilatzen. Badira arte sisteman eragile, edonola ere, eta, Elgoibarren arabera, baliteke galerien formulak asebetetzen ez dituzten askok halako espazio «zabalagoetan» topatu izana euren jardunerako leku bat. «Mundu bera da, baina enfokea ez; guk institizuoetara begiratzen dugu, ez hainbeste merkatura».

Tractoora kooperatibatik jarri dute Atoi martxan Elgoibarrek eta Uxue Arrietak. Beste bi lagun artistarekin abiatu zuten kooperatiba, 2013an, elkarren lanak ekoizteko, hainbat gastu azpikontratatu beharrik gabe. Hasi zirenetik hona, proiektuak ugarituz eta handituz joan zaizkie. Beste artista batzuen lanak ekoizten ere hasi dira, eta hala heldu da Atoiko lehen erakusketa: Iñaki Garmendiaren Ratatatat. Espazioan ikusgai jarritako obrez gain, artistaren lan guztiak Interneten ere jarri zituzten, Leire Bergarak komentatuta eta bibliografia xehez. «Asko mugitu da, eta Iñakiri hortik atera zaizkio gauza gehiago, baina guk ez dugu haren lana saldu».

Hor ikusten du funtsezko banalerro bat Elgoibarrek: galerien «funtsa» saltzea dela, eta eurenaren gisako espazioena, berriz, askotariko arte proiektuak ekoiztea. «Guk alderik alde egiten dugu lan artistekin, prozesu guztiari erreparatuz eta elkarlanean; hori ez da ohikoa galerietan».

Ikus-entzunezkoekin egiten dute lan dezente Atoin, eta materialtasunik gabeko lanen salerosketa konplikatua izan daitekeela ere esan du Elgoibarrek. Ez zaio iruditzen gauza berria denik, ordea. «Bildumazaleak zerbait fisikoa nahi izaten du, baina hor badira beste faktore batzuk; sofistikazioa, dekorazioa...». Azkenaldian, galerietan «inoiz baino pintura eta eskultura gehiago» ere sumatzen ditu. «Uste dut krisi garaietan arteak ere atzera egiten duela pixka bat arriskuetan, eta kontserbadoreago bilakatzen dela; agian ez artea, baina bai artearen salmenta».

Artelanak saltzeko, batik bat, kontaktuak eta «mediazio lan handia» behar direla uste du Elgoibarrek. «Oso mundu sofistikatua da, non diskurtsoa oso garrantzitsua den. Baina diskurtsoa batzuetan ikarragarria ere bada, eta jendea ikaratzen du. Jakin behar da erosle potentzial bakoitzari lan bakoitza zelan azaldu, eta merkatua nola eraiki». Horixe iruditzen zaio, hain justu, zailena. «Instituzio askok ere galerien bitartez erosi nahi izaten dute, eta artista batentzat ez da erraza galeria batean sartzea, are gehiago denborak aurrera egin ahala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.