Haurtzaroaz, in vitro

COVID-19ak plazak hustu ostean, 'online' saioak abiatu ditu Bertsozale Elkarteak. Horien artean, 'Bidaiak' gune esperimentala sortu dute, eta atzo eman zuten estreinako saioa: Andoni Egañak ume garaira eraman zituen Amets Arzallus eta Alaia Martin, publiko faltaren hotzean, baina jostari.

Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Alaia Martin bertsolariak, Bidaiak proiektuaren lehen saioan, Villabona-Amasako grabazio aretoan. XENPELAR DOKUMENTAZIO ZENTROA.
itziar ugarte irizar
2020ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Mikrofonoei latexezko eskularruekin helduta, maskarak jantzita hasteko puntura arte, elkarrengana ezin hurbildurik eta txalo joko duen inortxo gabe. Irudi hori ere utziko du koronabirusaren aldiak. Plazako jarduna izozturik, bestelako moduak bilatu beharrean izan da Bertsolari Elkartea, eta online saioak abiatu ditu; horien artean Bidaiak deituriko gune esperimentala. Atzo eman zuten lehena: Andoni Egaña gidari, eta Amets Arzallus eta Alaia Martin kantuan. Haurtzarora bidean jarri zuen bi laguneko tripulazio soila Egañak, bertsoz bertso egokituz giroaren hotzera.

Berrogeitaka egun kantura irten gabe egonda, bi bertsolariak librean aritu ziren minutu batzuez makinari herdoila kentzen. Ume garaiko gustuekin ekin zuten bidaia, eta Arzallusek hasi: «Nik maite nuen helduaroan/ amestearen indarra/ eta gehiena gorroto nuen/ umea izan beharra». Aitak bertso eskolara gogoz kontra eramaten zuenekoaz akordatu zen, eta Martinek segitu anaiaren «kulpaz» igo zela bera «bertso munduaren trenera», nahiz eta «zapping» egin bertsolariak telebistan ikustean. Euskal dantzetatik, solfeotik, igeriketatik eta bestetik «desapuntatu» zirenekoak aletu zituzten gero umoretsu.

Tonuak ilunera egin zuen bakarkakoekin. Gogora etorritako irudi bat egokitu zitzaion Arzallusi, ume garaikoa: muga, eta bateko eta besteko poliziak bueltaka. Ariketa amaitutakoan, Martinen ondoren, errepikatzeko aukera emango ziola esan zion Egañak, Bidaiak-en ildo esperimentalari jarraituta. Gehiago asmatu zuen ordukoan, gidariaren ustetan: «Baina muga bat ez da mugatzen/ fronteraren esparruan/ segurtasunan diskurtso horren/ pedagogi amarruan/ polizia bat sartu liteke/ ja edozeinen larruan/ eta baten bat edo itzal bat/ zeure atzetik marruan/ igual ondoko balkoian dago/ ta igual zure barruan».

Martini, berriz, umetako beldurrak ekarri zizkion kantura Egañak, zerk ikaratzen zuen logelan mantarekin eta izarekin kanpadenda borobildu eta han gordetzen zenean. Gurasoen heriotza eta lagunekiko ziurgabetasuna aipatu zituen hark, eta hortik jo amaieran ere: «Oraindik ez naiz izango/ beharbada hain ziurra/ oraindik nire baitako/ zerbait da galde-ikurra/ sozializatzean ere/ ez dut ukitzen gailurra/ baina hobetuz joan naiz/ mantapeko su apurra/ eta desberdin bizi dut/ dardarka zegoen lurra/ eta perspektiba motzez/ begiratu nahi dut gaur-a/ orain hobeto zaintzen dut/ lehen izan nintzen haurra».

Ume zena guraso bilakatu. Bien arteko haurra nola hezi ezberdin irizten dioten aita-amen larruan sartu, eta bizi ibili ziren elkarri bestearengan oker ikusiak leporatzen. Eta bakarkakora bueltan, haurtzaro, nerabezaro eta gaztaroko abesti banari kantatzeko enkargua jarri zion Martini Egañak, eta Xabier Lete, Latzenen Laztana eta Su ta Gar-en Jo ta Ke-rekin erantzun zuen. Aurrez Arzallusekin egin bezala, ariketa errepikatzeko aukera eman zion gero, eta Leterengana itzuli zen: Seaska kanta eta Habanera-ra, bakoitza bere doinuan osatuz.

Arzallusi ñabardura bat eskatu zion bere ariketan Egañak. Gai sinplea jarri zion —Larhun mendira abiatu zara—, baina «bertso onik» ez zuela nahi zehaztu zion, ezpada «bertso ikusgarriak», gidariaren esanetan, egungo bertsolaritzaren ezaugarri dena. Hala bete zuen Arzallusek: «Gero lur buztintsu horrek darrai/ arnasa ez duzu trankila/ harri artean entzuten dira/ zure oinak ta makila/ eta azken bi hilabetean/ bada pottoka bat hila/ haragi erdia falta duena/ ta bueltan euliak mila/ forentse batzuk bailira gisa/ hil duen gaitzaren bila».

Amona-biloben larruan kantatu ostean, jolasean amaitu zuten saioa, «ordubeteko konpresio maila» jaisteko, Egañaren hitzetan. Arzallus eta Martin ezagutzen dituela esan zuen, badakiela «txarrak» direla marrazten. Hortik, beraz, jolasa: batak marrazki bat ikusi eta besteari bertsoz deskribatu, entzundakoarekin hark bueltan marrazteko, ea antzekotasunik lortzen zuten. Eta baita lortu ere, barre txikiarekin denak.

«Burbuila bat»

Saioaren osteko gogoetan, bertso eskolan kantatzearekin erkatu zuten esperientzia Arzallusek eta Martinek; bertso eskoletan ohi diren «baldarkeria eta distira uneengatik» lehenak, eta «erortzeko zilegitasunik gabeko bertso eskola» baten gorputzaldiagatik bigarrenak. «Gogorra» iruditu zitzaion Egañari, ia deskantsurik gabe kantuan egin beharragatik, publikoaren «konplizitate» eta txaloen berorik gabe jardun beharragatik. «Gure mugak eta plazaren ertzak topatzea izan da ariketaren oinarria. Baina ageri-agerian geratu da inguruaren garrantzia, hori da ondorio nagusia: testu onak egiten ditugula inguruari esker, eta gure testuek hor dutela benetako balioa». Hori nabarmendu zuen, halaber, Arzallusek ere: «Bertsotan egiteak paisaia baten eta kontestu baten presentzia eskatzen du; hor hartzen duzu bertsoa asmatzeko tentsio-indarra. Hori gabe, nahiko modu artifizial eta in vitroa da».

Edonola ere, sentsazio gozo batez mintzo zen Martin. «Burbuila bat» izan zela zioen, eta publiko barik«perspektiba» galdu arren, «bertsoetarako gorputzaldiarekin» etxetik ateratzea bereziki eskertu zuela. «Sormenak askatasuna eta intuizioa behar ditu inguruarekin konektatzeko. Garai honek itxita gauzka gure barruetan, eta zaildu egiten du bertsotan egitea; baina ariketa ederra da blokeoak askatzeko. Garai honek ere behar ditu bere bertsoaldiak, pentsatzeko, umorerako...».

Hilaren 13an segituko du bidaiak, Beñat Gaztelumendirekin eta Uxue Alberdirekin. Gaia: Buruari bira, 80 mundutan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.