Albistea entzun

Artearen lekuak. Bilboko Arte Ederren Museoa

Arnasten duen museo bat

Koronabirusak eragindako bi hilabeteko itxiera abiapuntu zuen pieza bat egiteko eskatu zion Bilboko Arte Ederren Museoak Maider Lopez artistari, eta 'Arnasa' argi instalazioa da emaitza. Udan BERRIA egunkariak astero argitaratuko du artelan bati buruzko kronika bat.
Zortzi segundo inguruko tarteekin joaten dira Bilboko Arte Ederren Museoko argiak pizten eta itzaltzen Maider Lopez artistaren <em>Arnasa</em> instalazioan.
Zortzi segundo inguruko tarteekin joaten dira Bilboko Arte Ederren Museoko argiak pizten eta itzaltzen Maider Lopez artistaren Arnasa instalazioan. MAIDER LOPEZ Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2020ko uztailak 2 - Bilbo

San Joan gaua. Badira aste batzuk koronabirusari aurre egiteko neurriak erlaxatu direla, baina, iluntzean, joan-etorrian dabiltzan gazte gutxi batzuek soilik zipriztintzen dituzte oraindik Bilboko Casilda Iturrizar parkeko bidexkak; aurpegian maskara jantzita eta eskutik helduta doa bikote bat, lasterka egiten gizon bat, eta, isiltasun horretan, iturri baten hotsak garden gogorarazten du hirien sorburua nola egon ohi den beti urari lotuta. Bitartean, ateak aspaldi itxi dituen Bilboko Arte Ederren Museoan, itzali eta piztu dabiltza argiak, arreta handirik erakarri gabe. Eta, hain zuzen ere, argi jolas hori da Maider Lopez artistaren Arnasa izeneko pieza. Itxita egonik ere, eta inguruan gizakirik izan gabe ere, museoak bizirik jarraitzen duela iradokitzen du lanak. Arnasten segitzen duela. Itzali. Eta piztu. Itzali. Eta piztu. Bizirik. Lan horri buruzko artikuluak abiatuko du BERRIAk udan, astero, artelan bati eskainitako kronika sorta.

Bilboko eraikinaren barruan, iluntasunetik sartu-irtenean dabiltza artelanak, bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi, zortzi segundo inguruko tarteetan. Giza arnasa bare baten erritmoa hautatu du artistak museoa bizirik irudikatzeko. Lasaitasunarena. Eduardo Txillidaren eskulturarekin batera, ordea, eraikinaren sarreran bertan, argiak ikusgarri bilakatzen ditu koronabirusari aurre egiteko bisitari guztiek erabili behar dituzten gel potea eta tenperatura neurtzeko termometrodun kamera ere. Izan ere, «bizitzea usadio hauskorra da», Jose Luis Otamendi poetaren bertsolerroak oroitarazten duenez.

Hiru gazte daude museoko plazan. Francisco Durrioren eskulturadun iturrian bizkarra jarrita erretzen du haietako batek, motel, museoa ikusi gabe begiratzen dio museoari tarteka, eta eraikinari bizkarra emanda daude beste biak telefonoari begira. Atariko kristalen ondoan beste bi gazte ari dira baserri batean pasatuko duten asteburuari buruz hizketan, eta kexu dira diskoteketako sarreren prezioagatik. Plastikozko eskularru batek. haizearen esanetara, paseatzen du arriskuaren oroigarria plazan. Juan Muñozen giza eskulturak zintzilik ikusten dira museo barruan.

Interruptore bat historian

Artearen historia osoa zeharka daiteke argiari segika. Donald Judd. Claude Monet. Caravaggio. Katedral gotikoetako beirateak. Eta, atzera eta atzera, nahi bada, are baita kobazuloetako labar pinturetaraino ere, argiaren negatiboan, milurtekoz milurteko iluntasunean bazkatzen aritu diren beren bisonte eta zaldi talde guztiekin. Atzean historia meta hori guztia duela pizten du Lopezek museoko interruptorea, eta balio dezake keinu horrek artistaren ibilbide artistikoa deskribatzeko ere. Pintura lantzen hasi bazen ere, lekuan lekurako eta kasuan kasurako sortutako instalazio eta ekintzek bihurtu baitute egun Euskal Herriko artistarik entzutetsuenetariko bat.

Badator argia, kolorez lehertu da Rafael Ruiz Balerdiren koadro bat horman, eta, berehala bueltatu da iluntasuna. Jarraitzen du paseoak, eta metro gutxi batzuetara, piztu dira argiak berriro. Errege, erregina, pertsonaia ezagun zein herritar (orain) anonimoen erretratuz betetako gela bat ikus daiteke orain. Miguel Unamuno zen? Galdera airean utziz itzuli da iluntasuna. Gero, solasaldi baten erdian izoztuta harrapatu dituzte Andres Nagelen bi giza figura, eraikinaren ertzeko aretoan, eta berehala bueltatu dira beren baitara. Jolas hori ere bada piezaren parte, paseatze hori. Joan-etorri horretan, gainera, iluntasunak ispilu bilakatzen ditu leihoak, eta, bat-batean, bisitariak bere buruaren isla ikusten du ikusten, erdiz kanpoan eta erdiz barruan, musuan maskararekin.

Bilboko museoan luze iraun duen beste itzalaldi bat ere argitzen du Lopezen lanak. 110 urtetik gorako ibilbidean, ikusezin izan dira emakumezko artistak Arte Ederren Museoan. 2014. urtean Marta Cardenas artistarena izan zen, esaterako, bertan emakumezko artista bati eskainitako lehen erakusketa indibiduala, eta gutxi batzuk gehiago bakarrik egin dituzte geroztik. Maiz kritikatu zaio joera hori erakundeari, eta, izpika bada ere, heldu dira aldaketa keinu txiki batzuk. Iaz, plan estrategikoaren barruan, emakumezkoek sortutako lanak ere erosteko betebeharra ezarri zion museoak bere buruari, esaterako, eta museoaren barruan lanketa eta borroka horrek izan dituen emaitzak ikusteko ere balio dezakete Lopezen argiek.

Ikusten ez diren landareak

Obra gonbidatuaren programak martxan daramatzan 19 urteetan museoak sekula ez zuen okasiorako propio sortutako piezarik eskatu orain arte. Lopezena da lehena. Koronabirusaren eraginez eraikinak izan duen bi hilabetetik gorako itxialdia abiapuntu izango zuen pieza bat eskatu zioten artistari, eta Arnasa izan da horren emaitza. Itxialdian museora egindako bisitan bizitakoa du oinarri, Lopezen hitzetan. «Museoa hutsik bisitatu nuenean, sentitu nuen obra horiek guztiek hor jarraitzen zutela, nahiz eta gu ez egon. Bizitza-sentipen oso indartsua izan zen, museoa itxita egonda ere, lagungarria dela sentitu nuen, lorategi bat bezala, bertara ezin sartu bagara ere eta zuzenean ezin badugu ere hura ikusi edo hartaz gozatu, bertako zuhaitzek eta landareek denon bizitzari laguntzen diote, airearen bitartez».

Egunak itzaltzen hasiak diren honetan, uda osoan jarraituko du piezak martxan, iluntzero, pizten, itzaltzen, pizten, itzaltzen, eta pizten, azkenik, irailean erabat itzaltzen bukatzeko.

'ARNASA'

Egilea. Maider Lopez (Donostia, 1975).

Lekua. Bilboko Arte Ederren Museoa.

Urtea. 2020.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

Utopiaren hiriarekin maitemintzea

Andoni Imaz

Urte gutxian, Friedrich Durrenmatt, Ingeborg Bachmann eta W. G. Sebald itzuli ditu Idoia Santamariak alemanetik euskarara. Hango hizkuntza ikastera joan zenean liluratu zuen Berlinek, eta pasioz arakatu du Europa erdialdeko historia garaikidea, interes berezia ipiniz literaturan eta hizkuntzaren gorabeheretan.
Marta Cardenasen <em>Argazki-filmak aulkian</em> (1964) koadroa erdian, San Telmo museoko <em>Euskal Artearen 100 urte</em> aretoan, Donostian. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Paisaia 'pribatuen' jarlekuak

Itziar Ugarte Irizar

Marta Cardenasen 'Karreteak aulki batean' lana berriki igaro da San Telmoko erakusketa iraunkorrera. Elkarrizketan dago aulkia ardatz duten alboko margolanekin.
Jagoba Astiazaran eta Iñar Sastre. ©MUSIKA HAMABOSTALDIA
Salman Rushdie idazlea, 2020ko irudi batean. ©PAUL MUSSO / EFE

Egoera kritikoan segitu arren, Salman Rushdieri arnasgailua kendu diote

Erredakzioa

Ospitalean dago oraindik ostiralean labanaz eraso egin zioten idazlea, baina azken orduetan hobera egiten hasi dela jakinarazi dute gertukoek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...